Hankak lokatzetan sartuta

Bertan behera geratu da San Miguel ligako hasierako estropada ez puntuagarria, Bordeleko Garona ibaianEzin izan dituzte traineruak uretara bota, lohiz gainezka zegoelako arranpla

Ontziak Garona ibaian jarritako estropada eremuan, atzo, Bordelen (Frantzia). Ezinezkoa izan zen estropada jokatzea, ura oso behean zegoelako. JUAN CASTANEDO.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hasi gabe, hasiera ederra eman dio aurtengo San Miguel ligak. Bertan behera gelditu zen atzo, Bordelen (Frantzia), lehen estropada. Ez zituen puntuak banatuko, eta lehiaketan ez du eraginik izango, baina Traineru Kluben Elkarteak (TKE) oso itxura baldarra eman du. Traineruak Garona ibaira botatzeko arranpla loihaz gainezka zegoen, eta arraunlariek belaunetarainoko lokatza zeukaten. Baldintza horien eragilea, berezko eragilea, ura behean egotea izan zen, baina antolakuntzak ez zituen beharrezko neurriak hartu baldintza txar horiek ontzeko.

Gaizki hasi zen arratsaldearen amaiera tristea izan zen. Bordelen euri asko egin zuen, eta Garona ibaia oso hazita ari zen jaisten. Ur lasterrak bizi-biziak ziren, ondorioz. Aurreneko ezustea izan zen hori, eta baldintzak onak ez zirenez hiru txandan eta ohiko moduan jokatzeko, erlojuaren aurka banaka egitea erabaki zuen TKEk. Baina gero jakin zuten lokatzarena, eta azkeneko erabakia estropada bertan behera gelditzea izan zen. Trainerurik gabe ez dago estropadarik.

Erabaki horrek ez zituen gozoak jarri arraunlariak, entrenatzaileak eta klubetako arduradunak. Haraino joan, alfer-alferrik. Irrikaz zeuden lehian hasteko, hainbeste hilabetez lan nekagarria eta luzea egin ondoren. Baina ezin gehien gustatzen zaiena egin. Haserre zen jendea, baina bazebilen arraun munduan susmo txarreko ustea; baldintzak oso egokiak ez ote ziren izango pentsatuta zegoen bat baino gehiago. Bordelen traineru estropada jokatzea harrigarria egin zitzaien hasiera-hasieratik, eta halakoak inoiz antolatu ez dituen lekuan jokatu beharrari itxura txarra hartu zioten. Eremua balekoa izan daitekeen ikusi nahi zuten bertatik bertara, eta ikusi zuten atzo bertan sekulako arazoak daudela. Susmoak baieztatu egin zaizkie.

Zertara joan ziren pentsatuko zuten denek. Bidaia alfer-alferrik egin zutela. Goizean goiz ezertarako jaiki zirela. Klubek egundoko ahalegina egin behar izan dute bidaia prestatzen. Atzoko bazkaria egiteko lekua topatzen ere komeriak izan ditu batek baino gehiagok. Eta azkenean, ahalegin antzua izan da. Beren lana ondo egin dute klubek, behar bezala prestatu ziren bidaia egiteko, egin beharreko dena egin zuten liga ohiko lekuetatik ezohiko moduan hasteko, baina norbaitek kale egin die. Eta norbait hori estropadaren antolatzailea da; TKE bera azken batean.

Klubak dira Elkartea osatzen dutenak, baina klubek ez dute inolako lanik egin Bordeleko estropada antolatzen. TKEn lan egiten dutenak ibili dira zeregin horietan, eta atzo, ahaztu egin zitzaien asko zaindu behar den kontua ondo zaintzea: traineruak uretara botatzeko lekuak egokia izan behar du. Eta Bordelekoa ez zegoen behar bezala. Hilabete batzuk atzera eginda, egoera txarrean zegoen iazko denboraldiko azken estropadan traineruak uretara botatzeko arranpla. Irrist egiten zuten arraunlariek, eta bat edo beste hankaz gora joan zen Portugaleten. TKEko arduradun teknikoari kontu eske joan zitzaizkion klubak, eta bere erantzuna hau izan zen: «Zuek, klubek, onartu duzue hemen jokatzea». Orain ere errua elkarri botako diote klubek eta TKEko arduradunek. Baina kaltetuak arraunlariak izan ziren. Eta arrauna. Atzo, ez ziren arraunlariak bakarrik ibili lokatza hanketan zutela.

Gaur da hastekoa liga

Atzokoak erabat baldintzatuko du gaurko estropada (12:00). Hasiera batean, erlojuaren aurka binaka jokatzekoak ziren, hiru txandatan banatuta. Baina ur lasterrak nolakoak diren ikusiko dute goizean, eta gero erabakiko dute nola jokatu. Kaleen arteko aldea handitzen badute ur lasterrek, banaka ariko dira, erlojuaren aurka. Gaur puntuak banatuko dira, eta talde denentzat izan behar dute baldintza berdinak.

Batera edo bestera izango da, beste ezer gertatzen ez bada, behintzat. Gaur, bederen, ura goian egongo da traineruak uretara botatzeko orduan, eta lokatzik ez da izango arranplan. Arraun mundua ez dago lasai. Gaur ere zerbait ezohikoa gerta daitekeen susmoa oso zabalduta dago Bordelen daudenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.