Futbola. Europako Ligako finalerdiak

Hegazkina bete duda

Athletici freskotasuna falta izan zitzaion Lisboan; Sportingek, berriz, erakutsi egin zuen talde lehiakorra eta bizia delaSan Mamesko itzulikoa falta da, baina finala garesti jarri zaio talde zuri-gorriari

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Final bat jokatzeko txartela eskuratzea sekula ez da izan lan erraza. Bidean oztopo handiak dago gainditu beharra. Hori jakinekoa da. Edo jakinekoa izan behar litzateke behintzat. Izan ere, Athleticeko jarraitzaileak txarto ohitu dira denboraldi honetan. Espainiako Kopan bide erraza izan du. Aurkari gehienak apalak izan dira. Eta Athleticek, maila antzeko beste talde batzuek ez bezala, aprobetxatu egin du izan duen aukera. Europako Ligako bidea, ordea, ez da horren erosoa izan. Azterketa zailak gainditu behar izan ditu, baina bai ondo gainditu ere. Ez delako erraza negu gorrian Errusian neurketa jokatu eta Lokomotiv Moskuren gisako talde on bat kanporatzea; gaitza delako oso Manchester United handia Ingalaterrako Premier League txapelketako egungo onena txiki lagatzea; eta nekeza delako Schalke Alemaniako Bundesligako hirugarrena ere makurraraztea.

Baina azterketak ez dira amaitu. Eta sarri gertatu izan da aurrekoak baino errazagoa zirudiena ezin gainditu izatea. Askorentzat Athletic zen faboritoa Portugalgo Sportingen kontrako kanporaketa hasi aurretik. Herenegun Jose Alvaladen ikusitakoaren ondoren, horietako askok aldatu egingo zuten iritzia. Athleticen kasuan ez da izango aurkaria gutxietsi egin duelako edo neurketa merezi zuen seriotasunaz prestatu ez zuelako. Marcelo Bielsarenek bazekiten Ricardo Sa Pintoren taldeak denboraldi honetan Europako Ligan etxean jokatutako partida guztiak irabaziak zituela. Tartean Lazio eta Manchester City gainditu zituen. Hori ez da kasualitatea. Eta, gainera, erne egoteko arrazoi potoloa zen. Bestalde, aurkariaren dohainak ondo ezagutzen zituela erakutsi zuen Bielsak. Entrenatzaile argentinarra beldur zen Sportingek kontraerasoan egin zezakeen arriskuaz, eta aurkariaren arma garrantzitsu hori baliogabetze aldera, ohiko jokatzeko ere aldatu zuen. Orain arte baino zuzenago jokatu zuen Athleticek. Hala ere, aurkaria gehiago izan zen. Joaneko partidako jokoak eta emaitzak duda asko sortu ditu, eta badirudi San Mameseko itzulikoan neurketa historikoetako maila ematera behartuko duela talde zuri-gorria.

1. Izarrak, erregai gabe

Talde batek funtzionatu ahal izateko, ezinbestekoa da jokalari guztien ekarpena. Baina jakinekoa da batez ere futbolari batzuek egiten dutenaren araberakoak izaten direla taldearen emaitzak. Jokalari erabakigarrienek erantzunez gero,helburuetatik gertu egongo da taldea. Hala ez bada, arazoak egon daitezke. Bada, Athletic dagoen egoeran badago, Llorentek, Herrerak eta Muniainek egin dutenari esker dago neurri handi batean. Haiek dira taldea ezberdin egiten dutenak. Aldea egiten dutenak. Hiru jokalariok, baina, indar gutxirekin ailegatu dira denboraldiko azken hilabetera. Entrenatzailea aspalditik ari da Herrera zaintzen. Pubisean arazoak ditu, eta ezinean ikusi zaio askotan. Zelai erdiko eta erasoko jokoa lotzeko ardura duen futbolariaren laguntza gabe zailtasunak ditu Athleticek jokoa josteko.

Llorenteri eta Muniaini ere oso luze egiten ari zaie sasoia. «Oso nekatuta amaitzen ditut neurketak», esan zuen aurrelariak joan den astean Mallorcaren aurkako partida amaituta. Neurketa askoko denboraldi batek eta belaunean izan dituen arazoek eragina izan dute haren jokoan. Onena da, baina ez dauka duela hilabete batzuk zuen indarra. Eta Muniain gazteak ere sarri hartu behar izan du taldearen zama, eta hasi da ondorioak nabaritzen.

2. De Marcos gabe itzulikoan

Jokalari garrantzitsuenek ez ezik, beste batzuek ere derrigorrez nabaritu behar dute neke apur bat. Hala ere, De Marcos, Susaeta eta Amorebieta gorabehera gutxiago ari dira izaten denboraldi honetan. Horregatik izango da garrantzitsua De Marcosen hutsunea itzulikoan —bigarren txartel horia atera zioten Lisboan—. Athleticek ez dauka arabarrak egiten duen jokoa egin dezakeen besterik. Zelai erditik abiatuta aurkarien defentsan egiten dituen sarrerek balio handia dute. Nork esan zuen duela hilabete batzuk arabarra ezinbestekoa izango zela. Bielsak beste era bateko jokoa duen futbolari bat aukeratu beharko du hiru euskarriko postuan jokatzeko.

3. Sporting,gustuko egoeran

Sa Pintoren taldearen jokoak ez dauka aparteko sekreturik. Defentsako lanak dauka lehentasuna, eta behin baloiaren jabe egindakoan askatasuna dute erasoan jokatzen duten lau futbolariek: Izmailovek, Andre Martinsek, Diego Capelek eta Van Wolfswinkelek. Joko sinplea da, baina arrakasta izateko ondo egin behar da. Portugalgo taldea oso ondo egiten ari da bere lana. Talde deserosoa da oso. Borrokalaria da, eta kontraerasoan ondo moldatzen da. Hortaz, Jose Alvaladen lortutako gol baten abantailak asko lagunduko dio itzulikoan. Athleticek ezin izango du akats bakar bat ere egin finalean egon nahi badu. Hegaletako lehiak argituko du zein den neurketako nagusia. Iraola, Susaeta eta Muniain nagusitzen baldin badira, Athleticek izango du kanporaketako giltza. Baina Joao Pereira, Insua, Izmailov eta Capel nabarmenduz gero, nekez egingo du aurrera Athleticek.

4. Nahikoa da 1-0 irabaztea sailkatzeko

Hala ere, ez da dena txarra. Kanporaketaren interpretazio positiboa ere egin daiteke. Athleticek nahikoa du datorren ostegunean itzuliko partidan 1-0 irabaztea maiatzaren 9an Bukaresten jokatuko den finalerako sailkatzeko. Berez, ez da emaitza txarra finalerdietako joanekoan etxetik kanpo gola sartuta gol bakar baten aldearekin galtzea. Gainera, ez dirudi Sporting Athletic baino gehiago denik. Hori bai, dena eman beharko da. Gauza guztien beharra izango du Athleticek: erregaia, jokoa eta San Mamesen bultzada etengabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.