Presidentearen 'harrotasuna'

Josu Urrutia gustura dago, «Athletic bere filosofiari eutsita lehiakor delako oraindik ere, futbola asko garatu den arren»Aulkirako «aukera bakarra» Marcelo Bielsa dela berretsi du klubeko agintari nagusiak

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Josu Urrutiak ez du gustuko hedabideetan agertzea. Oraindik ez du elkarrizketarik eskaini, eta egiten dituen agerraldiak oso neurtuak dira. Zenbat eta gutxiago agertu, orduan eta zeresan gutxiago emango du. Hori da Athleticeko presidenteak eta bere lan taldeak orain arte eman dituzten pausoetan erakutsi dutena. Urrutiak ez du arreta eureganatu gura. Badaki bere adierazpenak lupaz aztertzen direla. Hortaz, agerraldi gutxi egiteaz gain, mikrofono aurrean jartzen den bakoitzean asko neurtzen du esaten duena. Ondorioz, ez du tituluak ematen. Hori gutxi ez eta elkarrizketarik ematen ez duenez, gainerako zuzendaritzako kideek ere debekatua dute adierazpenak egitea. Egoera kontrolpean edukitzeko modurik egokiena dela iritzi diote. Gainera, emaitzak aldekoak diren bitartean ez du estrategiaz aldatzeko presiorik izango.

Egungo Urrutiak antz gutxi dauka futbolari zeneko gizasemearekin. Orduan, argi eta garbi jarduten zen. Kazetarien gustukoa zen. Hortaz, komunikabide gehienek eta zale askok ez dute gustuko izango presidente denetik hartu duen bidea. Baina Urrutiak inork baino gehiago maite duen klubeko langileek eskertzen dute nagusiaren isiltasuna. Lana errazten du. Ez dago goizero egunkariak irakurtzeko beldurrik, eta, hala, askoz ere lasaiagoa da egunerako beharra. Jokalariak daude gustura, batez ere.

Aspaldiko partez atzo agertu zen berriro. Gai asko jorratu zituen, baina guztien gainetik kontu bi nabarmendu ziren: Sportingen kontrako itzulikoa eta taldeko bi izar nagusien etorkizuna: Fernando Llorenterena eta Marcelo Bielsarena. Athleticek bere historiako partidarik garrantzitsuenetakoa jokatuko du bihar. 114 urteko ibilbidean, bigarrenez, Europan final bat jokatzeko aukera izango du jokoan. Aurrekoa duela 35 urte izan zen. Athleticen historian mugarri da, beraz.

Berez, finalerdi bat jokatzeak daukan garrantziaren parekoa da Athleticek helburua lortzeko hartutako bideak balio duela berrestea. Zuri-gorrien filosofiarekin gero eta gaitzagoa da emaitza onak eskuratzea. Espainiako Ligan duintasunez lehiatzea gaitza bada, zer esanik ez beste lehiaketa batzuetako talde onentsuenen kontra jokatzea egokitzen denean. Hortaz, klubaren filosofia nabarmentzeko une aproposa zela ikusi zuen presidenteak. Egiari zor, nekez izango du aukera hoberik. «Futbola asko aldatu da aurreko Europako finala jokatu genuenetik: kluben baliabideak, taldeak osatzeko erak, ekomomia… Horrek guztiak areagotu egiten ditu Athleticen zailtasunak. Baina kontua da taldea oraindik ere lehiakorra dela, eta horrek harro sentiarazten nau», esan zuen.

Bielsaren Athleticek Jose Angel Iribarren Athleticen lekukoa hartu gura du. Familia zuri-gorriak ez du ahaztu 1977an Juventus handiaren kontra UEFA kopan galdutako finala. Lehia estua izan ostean, etxetik kanpo sartutako golen balioak eman zien garaipena italiarrei. Amaiera hobea izango duen antzeko egoera baten aurrean egon ahal izateko, Sporting utzi beharko du bidean Athleticek bihar. Joanekoan ikusitakoaren arabera, ez da erraza izango. «Sporting talde trinkoa da. Motibazio handia du, eta indar itzela. Kontraerasoan jokatu nahi du».

Portugalgo lehoiek lehiakorrak direla erakutsi zuten joanekoan. Neurri handi batean entrenatzaileak duen izaera erakusten dute zelaian. Urrutiak ondo ezagutzen du Ricardo Sa Pinto. Behin baino gehiagotan egin zuten topo zelaian. «Sa Pintok oso motibatuta jokatzen zuen San Mamesen, baina baita gainerako zelaietan ere. Lehiakorra zen, eta neurketa osoan eusten zion indar horri». Halere, Urrutia «baikor» da. «Orain arte jokatu ditugun partida gehienetan eman dugu maila ona. Beraz, motiboak ditut baikor izateko»,

Europako Ligako finala jokatu ala ez, Athleticen sasoia nabarmentzekoa da. Bai Espainiako Liga eta bai Europa erakusleiho aproposak dira norberaren berri emateko. Athletici hori ari zaio gertatzen. Egiten ari den bideak talde boteretsuenen arreta piztu duela. Eta, horren ondorioz, zailagoa da nabarmentzen ari diren protagonistak lotzea. Javi Martinez, Llorente eta Bielsa sortzen ari dira interes handiena. Lehenengoak kontratu luzea dauka, eta horrek lasaitasun apur bat ematen dio klubari, baina beste biekin azkar dauka mugitu beharra. Aspalditik ari da zuzendaritza aurrelariaren eta entrenatzailearen kontratua luzatzeko lanean, baina oraindik ezin izan ditu itxi. Oraingoz, ez dago berritasunik. «Athleticek Llorentek jarraitzea gura du, eta jokalariak Athleticen geratzea. Akordioa sasoia amaitu aurretik edo ondoren gauzatzeak ez dauka garrantzirik. Athleticek dituen partida garrantzitsuak buru-belarri prestatzea da jokalariak izan behar duen ardura nagusia»

Bielsaren etorkizuna ere argitzeke dago. Inork ez daki zer egin asmo duen teknikariak. Zuzendaritzak ere ez. Halere, agindu bezala, sasoi amaierara arte itxarongo diote. «Entrenatzailearen lana ona izan da. Emaitzak alde batean utzita, taldea hazi egin dela ikusi dugu. Hori nahikoa da Bielsaren urtea ona dela ikusteko». «Gure aukera bakarra da», gaineratu zuen. Beraz, oraingoz, Athleticek ez dauka B planik —ErnestoValverderen izena agertu da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.