«Amaieraraino borrokatuko» da Laurent Gbagbo Boli Kostan

Abidjan hiria hartzeko borrokak gogortu egin dira, Ouattararen aldekoek erresistentzia indartsua topatu baituteEz dago garbi Gbagbok presidentearen jauregian jarraitzen duen edo alde egin duen

2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Abidjan hiriaren kontrola hartzeko erasoan jarraitzen dute Boli Kostako Indar Errepublikanoek, Alassane Ouattara azaroko bozetan irabazle izan zen hautagaiaren aldekoek. Izan ere, hiria euren eskuetan hartuz gero, Boli Kostaren kontrola ziurtatzea espero dute. Laurent Gbagbo presidentearen alde jarraitzen dutenen aldetik, ordea, erresistentzia gogorra topatu dute. Gbagbok, hain justu, «amaieraraino borrokatzeko» prest dagoela adierazi du. Ordu gutxi barru nazioari hitz egingo diola iragarri dute.

Presidentearenak egin duela uste dute gehienek, eta Ouattararen garaipena denbora kontua besterik ez dela. Gbagbo geroz eta bakartuago baitago. Iparraldetik, Ouattararen gotorlekutik, hegoalderako bidean, gunerik garrantzitsuenen kontrola hartu du oposizioak. Euren eskuetan dituzte Jamusukro hiriburua eta San Pedro, herrialdeko portu nagusia. Abidjan eskuratzea erabakigarria da, horixe baita Boli Kostako hiririk garrantzitsuena. Hiriari eraso egin aurretik Ouattarak ultimatuma eman zion Gbagbori boterea era baketsuan utz zezan. Hark, baina, uko egin zion proposamenari. Hori hala, bozen arabera dagokiona armen bidez eskuratzea erabaki du Ouattarak, eta Abidjan gerra eremu bilakatu da.

Presidentearen egoitzari, presidentearen jauregiari eta telebista publikoaren egoitzari eraso diete Boli Kostako Indar Errepublikanoek. Telebista publikoak, hain justu, ostegun gauean emisioa eten zuen, oposizioak hartu eta gero. Atzo, Gbagboren aldekoek berreskuratu egin zutela zabaldu zuten, baina Ouattararen aldekoek gezurtatu egin zuten hori. Militarrek presidentearen egoitza jada oposizioaren esku dagoela diote.

Ostegun gauaz geroztik bonbardatu dute presidentearen jauregia. Ez dago garbi Gbagbok bertan jarraitzen duen edo ez. Izan ere, hasiera batean ihes egin zuela uste zuten. Jean Marc Simon Frantziak herrialdean duen enbaxadoreak iragarri baitzuen Ouattararen indarrak hirian sartu zirenetik desagertuta zegoela. Gbagboren Europako ordezkariak, Toussaint Alainek, bestalde, ez du argitu non dagoen, baina «toki seguruan» dagoela dio.

Horrez gain, hiriko Agbango kuartelean dute Ouattararen indarrek beste fronte nagusia. Izan ere, bertan babestu dira Gbagboren aldeko polizien eta militarren goi karguak. Atzo egun osoan tiroka aritu ziren bi aldeak.

Presidentearen aldekoek, bestalde, NBEk herrialdean duen misioaren egoitzari eraso zioten atzo. NBEko tropek erasoari erantzun zioten, eta hiru orduz elkarri tiroka aritu zirela argitu dute. NBEk nazioarteko aireportuaren kontrola hartu du eta, bertan, armatutako gazteek kasko urdinen patruilei ere eraso egin dietela azaldu dute.

Gbagbo, negoziatzeko prest

Azken hilabeteetanhainbatetan eskatu diote Gbagbori boterea uzteko. Nazioarteak ere era baketsuan boterea eskuz aldatzeko eskatu dio behin eta berriz. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak atzo bertan erregutu zion presidentetzari boterea uzteko. Orain arte, baina, entzungor egin du Gbagbok. Atzo, ordea, elkarrizketa eskatu zuen, hilabeteetan uko egin ondoren. Hala adierazi zuten, behinik behin, Europako haren ordezkariak, eta baita Atzerri ministroak ere. Azken horren arabera, nahi duten bakarra da«hitz egitera eseri eta krisiari irtenbide politiko bat ematea».

Herrialdeagerran dago, bitartean. Abidjanen kaleak hutsik daude duela hainbat astetik, bi aldeen arteko erasoak hasi zirenetik. Gainontzeko herri eta hirietan ere indarkeria geroz eta handiagoa da, eta milaka herritarrek ihes egitea erabaki dute. Ghanako eta Liberiako muga zeharkatu dute horietako askok. NBEren arabera, aste honetan bertan 1.300 lagunek gurutzatu dute Ghanako muga.

UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, bestalde, Liberian 122.000 bolikostar daudela dio. Errefuxiatuez gain, herrialdeko mugen baitan ere milaka iheslari daude. Nazioarteko Migrazioen Erakundeak egoera «jasangaitza» dela azaldu du. Izan ere, haietako askok ez dute jatekorik eskuratzeko modurik. Boli Kostan bizi diren 50.000 immigranteek ere herrialdetik irteteko laguntza eskatu dute.

Iragan abendutik, bi hautagaien arteko erasoak hasi zirenetik, 496 lagun hil dira NBEren arabera. Atzo bertan NBEren langile bat hil zuten Abidjanen, «galdutako bala» baten ondorioz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.