Gaztarena eta saguarena

Tiranek San Miguel ligako bere hirugarren bandera irabazi zuen igandean Portugaleten, baldintza egokiak aldeko jarrizKaikuk lidergoari eutsi zion, kalerik txarrenetik estropada handia egin eta gero

Tiraneko arraunlariak, herenegun Portugaleten (Bizkaia) irabazitako Ambilamp bandera astintzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Portugaleteko eremua bihurria da oso. Itsas lasterrek, haizearen indarraldien gorabeherek, kaleen arteko aldeek eta kaleen arteko tarte estuak berezi bilakatzen dute. Bakoitzaren indarrek ez ezik, baldintza horiek ere eragin handia izaten dute hango estropadetan, eta horixe bera gertatu zen herenegun eguerdian. Tiranek irabazi zuen, arraunean lan bikaina egin zuelako, eta beste baldintza horiek guztiak alde izan zituelako.

Gaztaren eta saguaren egoeraren pare-parekoa izaten da Portugaleteko estropada. Gazta jateko ohiko hautagaiei sagua gehitzen zaie, eta ezusteei tartea ematen zaie. Edonork irabaz dezakeela esatea ez da gezurretan aritzea eremu horretan. Tiranek egin zuen saguarena, eta ohiko jatunak diren Kaiku eta Urdaibai, esaterako, gazta zatirik gabe utzi zituen. Orio sagua baino gehiago, hautagai bihurtuta itzuli da San Miguel ligara, eta ikusi zuen Galiziako sagua isilean platerera gerturatzen, baina biziago ibili zen Tiran. Horrenbestez, ligaren historian lortu duen hirugarren bandera erdietsi zuen Moañako klubak. 2011n, Orion irabazi zuen, eta iaz, Castro Urdialesen. Hiru garaipenetan izan du saguaren itxura jantzia: ezustean kendu die garaipena faboritoei.

Igandean, kale zozketa egiterako, jakitun ziren klub guztietan zein zen kalerik txarrena: hirugarrena. Castreñak, Hondarribiak eta Kaikuk kopetilun ekin zioten estropadari, kalerik txarrenetik. Onuradunak lehen bi kaleetako ontziak ziren, baldintza onenak beraiek izango zituztelako: Zumaia eta Tiran lehen txandan; San Pedro eta Astillero bigarrenean; Orio eta San Juan hirugarrenean. Horra kale zozketaren emaitza. Gero, jakina, uretan egin behar da lan ona, baldintza egokiak baliatzeko. Horixe egin zuen Tiranek. Hasi eta buka menderatu zuen txanda, eta lanak bukatu ondoren egin zuen denbora (19.39) kontuan hartzekoa zen. Bai izan ere, gero ez baitzen inor izan gai galiziarren marka ontzeko. Izan ziren arraunean ondo egin zuten batzuk, baina baldintzak eta zorte txarrak kendu zizkien bandera irabazteko aukerak: bigarren txandan, Portugaletek sekulako lana egin zuen, baina ez zuen kalerik onena, laugarrena. Hirugarrenean, Orio nagusitu zitzaien Kaiku eta Urdaibairi, baina baldintza okerrak eta lehen ziabogako gorabeherak oztopo handiegiak izan zitzaizkion bandera lortzeko; izan ere, aurreneko maniobra horretan, arraun txikiak hanka egin zion Mikel Azkarate aurrekalariari, eta segundo batzuk galdu zituen ontziak. Kaleari lan ona gehitu zion bestea Zumaia izan zen. Tiranen atzetik bigarren egin eta gero aurreneko txandan, zazpigarren bukatu zuen estropada, eta ihes egin dio Castreñari azken postuari ospa egiteko lehian; gainera, Pedreña harrapatu du, eta bi puntura dauka Astillero.

Beste muturrean jarri behar dira Hondarribia eta Astillero. Gipuzkoarren asteburua kareletik botatzeko modukoa izan da. Larunbatean zortzigarren egin eta gero, hamargarren izan ziren asteburuan, eta liga irabazteko aukera ia erabat murriztuko zaizkio. Zorte txarra izan du kontrario kale zozketan asteburuan, eta ezin izan dio aurre egin horri. Astillerori azkar joan zaizkio larunbateko pozak: azken-aurreko izan zen igandean, eta zulora gerturatu da.

Portugaletekoaren laburpenean, ezinbestean sartu behar da Kaiku. Kalerik txarrena izan arren, hirugarren izatea lortu zuen, eta aurkariei mezu zitala bidali zien: indartsuena izateko traza dauka. Hurrengo geltokia Galizian dute traineruek.

KAE 1 ligan, Zierbena berriz

Bigarren estropada izan zuen igandean KAE 1 ligak, Elantxoben, eta, aurrenekoan bezala, Zierbena izan zen onena, Isuntzaren aurretik. Sendotu egin zuen sailkapeneko lehen postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.