Futbola. Europako Ligako final-laurdenak:Schalke 04-Athletic

Meategian urrea dago

Athleticek itxuraldatu egin beharko du azken partidetako bolada txarra eten eta gutxitan izaten den aukera baliatu ahal izatekoSchalke 04 talde ona da, baina kanporaketak ez dauka faborito garbirik

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gelsenkirchenen meategiak daude (Alemania). Asko. Bada, Athleticen asmoa da bihar meatzari alemaniarrei aurrea hartu eta zakua bete urre bueltatzea. Zuri-gorriek badakite lan nekeza izango dela. Izan ere, Schalkerentzat lan egiten duten langileak finak dira; gogor egiten dute behar eta sekula ez dute etsitzen. Gainera, meategiko atearen aurrean gutxitan huts egiten duen ehiztari bat jarri zuten duela sasoi bi: Klaas-Jan Huntelaar. Ordutik lasaiago lan egiten dute, meategira urre bila joaten diren lagun taldeentzat askoz ere gaitzagoa delako urrea aurkitu eta sari nagusiarekin etxera bueltatzea.

Athleticen asmoa da ehiztaria kate motzean lotu eta meategitik bizirik irtetea. Ilunpean galtzeko arriskua ere badago eta. Izan ere, azken asteotan bide zuzena aurkitu ezinda dabil talde zuri-gorria: jokatutako azken lau neurketetan berdinketa bat baino ez du lortu. Horrek zalantza eragin du taldearen inguruan. Inork ez daki zein den jokalariak aldagelan elkartzen direnean egoera kezkagarriaz egiten duen analisia, baina kanpoan zabaldu duten mezua baikorra da, behintzat. Denboraldi honetan gehien nabarmentzen ari den jokalarietako batek ez du zalantza egiten. Europako Ligako final-laurdenak jokatzeko garai aproposa al da, Markel Susaeta? «Bai. Garai aproposa da. Perfektua», esan zuen herenegun. Mezu positiboarekin geratu beharko du jarraitzaileak, beraz.

Argi dagoen gauza bakarra da ez dela duda egiteko sasoia. Europako Liga azken txanpan sartu da, eta zortzi talde geratzen dira lehian: joan den urteko abuztuaz geroztik lan onena egin duten zortziak. Haietako bat da Athletic. Zuri-gorrientzat ez da ohikoa Europan nabarmentzea; beraz, aprobetxatu egin behar da aukera. Txapelketa hasierako helburuak aldatu egin dira. Hasiera batean, itxura ona eman eta beste txapelketa batzuetako taldeen kontra lehiatu eta gozatzea zen asmoa, helbururik jarri gabe, pausoz-pauso. Frantzian (Paris Saint-Germain), Austrian (Salzburgo), Eslovakian (Slovan Bratislava) eta Errusian (Lokomotiv Mosku) lehiatu ostean, Europan dagoen talderik indartsuenetako bat kanporatzeko gai izan zen Athletic. Manchester United kanporatuta, aurreikusitako langa gainditu zuen. Behin gutxienekoak eginda, aldatu egin dira xedeak: orain finalera, ailegatzea da asmoa. Ez da erraza izango, baina, era berean, ez dirudi ezinezko lana. Athleticen adarrean jarraitzen duten hiru aurkariak maila oneko taldeak dira: Schalke, Sporting Lisboa eta Metalist. Ez dira Athletic baino gutxiago, baina gehiago ere ez. Beraz, lehiatu egin behar da.

Athleticek Bukarestera egin beharko duen bidean oztopo handia izango da Schalke —Errumaniako hiriburuan jokatuko da finala—. Talde ona da Alemaniakoa, Bundesligako hirugarrena. Okerrik ezean, Txapeldunen Ligarako sailkatuko da, baina hori datorren sasoiko kontua izango da. Egun, Europako Ligan ari da, eta Athleticen antzera finala jokatu eta ahal bada irabazi egin gura du Huub Stevensek zuzentzen duen taldeak. Herbehereetako entrenatzailearen gidaritzapean irabazi zuen Schalkek 1996-1997ko sasoiko UEFA kopa. Orduko balentria errepikatu nahi dute. Hori da, hain zuzen, Manchester Uniteden eta Schalkeren kontrako kanporaketen artean dagoen alde nagusia: ingelesentzat, bigarren mailako lehiaketa da Europako Liga; alemaniarrentzat, aldiz, gozokia da, eta lehentasuna. Gainera, bi partidara erabakitzen diren kanporaketetan oso ondo moldatzen dira. Iaz Txapeldunen Ligako finalerdietara ailegatzeaz gain, Alemaniako Kopa eta Superkopa irabazi zituzten. Hortaz, Athleticen antzera, neurketa bakarrera edo bira oso aurkari arriskutsua da. Hori gutxi ez eta bolada onean dago, behetik gora. Athletic, aldiz, goitik behera dabil. Hori ere alde du bihar etxean ariko den taldeak.

Baina haizearen norabidea edonoiz alda daitekeen esperantza du Athleticek. Bihar aldaketaren lehen zantzuak ikusteko, defentsa lanean nabarmendu beharko da. Schalkek sarri erakutsi du arerioaren huts txikiena baliatzeko erraztasuna duela. Beraz, kontzentrazioari eustea eta arrisku eremuetan baloia ez galtzea ezinbestekoa izango da emaitza ona eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.