Portu berria, kontu zaharrak

Pasaiako badian jokatuko dute gaur San Miguel ligako zazpigarren estropada, sei luze eta bost ziaboga dituen eremuanArraunlari indartsuenak dituzten taldeentzat oso egokia da ibilbide baldarra

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Pasaian du gaur geldialdia San Miguel ligak. Zazpigarren estropada jokatuko dute arraunlariek (18:00), eta aurreko guztietan bezala, itsasoan gozatu gabe jardun beharko dute. Badian aritu beharko dira arraunean, ligako estropadarik inoiz jokatu ez den eremuan. Portu Berriaren bandera izena dauka gaurko lehiak, baina berritik gutxi du eremuaren ezaugarriak. Kontu zaharrak San Miguel ligan.

Berezia da ibilbidea, egin beharreko bidea. Itsas miliak betikoak dira, hori aldatzera oraindik ez baitira iritsi, baina bost ziaboga eman beharko dituzte traineruek sei luzetan. Hala izanik, espeziala da kuadrilla indartsuenentzat, indarrean oinarritzen diren taldeentzat. Irteerako txanpa kontatu gabe, bost aldiz jo beharko dute bizi-bizi, ziaboga bakoitzetik atera eta segituan, hain zuzen. Beste hainbestetan jarri beharko dute ontzia abiada bizian, eta horregatik da egokia talde indartsuenen- tzat.

Halako ezaugarriak dituzte Urdaibaik, Kaikuk eta Astillerok, batez ere. Gehiago zehazten hasita, azken biak indar gehiagokoak direla idatz daiteke. Hortaz, gaur ere, hirurengan jarri beharko da arreta, ez baita oso urruti ibiliko bandera traineru horietatik. Hirurak azkeneko txandan aterako dira, San Juanekin batera. Lehia ikusgarria edukiko dute, eta etxeko ontzia ere ezin bazterrean utzi. Azkenaldian erakutsi du badoala gorantz, eta horren berri ematen du joan zen igandean Santanderren (Espainia) egin zuen estropada latzak, kale txarretik joan bazen ere. Gaur orduko neurriko lana beharko du, eremuaren baldintzak beste hirurentzat egokiagoak izanik.

Bigarren txandan ere ikusteko modukoa izango da dema. Hor izango dira Hondarribia, Pedreña, Tiran eta Zumaia. Sailkapeneko puntuei begiratzen bazaie, koska dago lehen hiruren eta zumaiarren artean, eta zumaiarren dohainik handiena indarra ez dela kontuan izanik, beste hiruren artean behar luke garaileak. Hondarribia segurtasunez dabil, konfiantzaz, eta fidatzeko moduko taldea da, hutsik egiten ez duen horietakoa. Tiran ere erregular dabil, eta galiziarren egoskortasuna garrantzitsua izango da gaurkoaren moduko lan gogorra eta nekagarria egiteko. Atzetik aurrerako estropadak egiten dituzte, eta bukaera aldera goialdean badira, kontuz horiekin. Pedreñari galderaren marka jarri behar zaio. Joan zen asteburuan, oso lan ona egin zuten —beren herrian hirugarren larunbatean, eta laugarren igandean Santanderren—, eta hasiera zalantzazkoa uxatu. Hala ere, ohikoa izaten du asko espero denean huts egitea, eta gaur zer lan burutu dezakeen asmatzea ez da erraza.

Baldintza ezberdinen arriskua

Aurreneko txandan ere borroka latza espero da. Oker handirik ezean, banderaren lehiatik kanpo ibiltzen dira beti aurreneko lana egiten duten ontziak, baina horrek ez du esan nahi beraien arteko lehia garrantzitsua ez denik. Ligan jarraitzeko aukera jokoan egonda, nola ukatu garrantzi hori. Sari potolo hori lortu nahian dabiltza Orio, Castro, San Pedro eta Camargo. Oraintxe sartzen da bat aurretik, eta hurrengoan bestea. Joan zen asteburukoa adibide: larunbatean, Orio izan zen azkarrena lauren artean, aurten aurrenekoz txanda irabaziz; igandean, aldiz, aurreikuspen denak txiki utziz, Camargok erakutsi zien atzea beste hirurei. Ez harritu gaur besteren batek sar- tzea traineruaren muturra besteek baino lehen; hau da, Castro edo San Pedro izan daitezke garaileak. Izan ere, berdintasun handia dago lauren artean. Etxeko ontziak dauka orain presio handiagoa, joan zen asteburuan zuloan sartu baitzen, ez jaisteko kanporaketa jokatzera behartzen duen postuan, hain zuzen. Irauli beharrean da iragan hurbileko lan baldar hori.

Hiru txandetan izango da, hortaz, egundoko borroka. Baina eremua dena izanda, zoritxarrez gaur ere beste baldintza batzuk erabakigarriak izan daitezke.Itsasotik barrura jokatzen diren estropada guztietan bezala, kontuz kaleen arteko aldeekin, itsasaldiarekin —ura behera emanda jokatuko dute, eta azkeneko txandan izango dute ur gutxien— eta ur-lasterrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.