Ikuskizunaren arrastoan

Gaubeka eta Fusto elkarren aurka ariko dira gaur, buruz buruko munduko hirugarren txapela lortzeko lehian

Pablo Fusto pilota jotzen, aurtengo Binakako Txapelketako finalean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Logikak inposatzen zuen finala da, eta palako zaleek ikusi nahi zutena. Pablo Fustok eta Esteban Gaubekak, bi faborito handiek, buruz buruko Munduko Txapelketako titulua izango dute gaur jokoan (17:00) Bilboko Miribilla pilotalekuan. Finalak ez du faboritorik, biak txapeldun izandakoak baitira. Duela bi aste, elkarren aurka jokatu zuten, eta Gaubeka gailendu zen.

Zaleek oraindik ez dute ahaztu bi finalistek ligaxkako partidan eman zuten ikuskizuna. Buruz buru erremintaz partida onak ikustea oso zaila da, baina ona irteten denean bikaina izan ohi da, eta halakoa izan zen duela bi astekoa. Ikusleek txaloka agurtu zituzten bi aurrelariak, ordubete baino gehiago mokoka pasatu ondoren leher eginda aldagelarako bidea hartu zutenean. Gaubekak irabazi zuen: 3-2 (3-10, 10-8, 10-9, 7-10 eta 10-4).

Ordukoaren aho zapore onak oraindik dirau, eta pronostikoak orekatu ditu. Apustuak —Interneten, pilotalekuan ez baitira egongo— Fustoren aldekoak dira, baina ligaxkako partida Gaubekak irabazi izanak emozioa handitu du. Irabazten duenak hirugarrenez jantziko du munduko txapela. Gaubekak 2008an eta 2010ean irabazi zuen. Fustok, berriz, 2009an eta iaz.

Fusto eta Gaubekaren arteko lehia klasiko bat da. Biak dira buruz buru hobekien moldatzen diren palistak. Pilotaleku luzean hala zen, eta motzean joera ez da aldatu. Fusto ahal fisiko ikaragarriko aurrelaria da, eta buruz burukoaren aurretik binakakoa irabazi zuen otsailean. Buenos Airesen jaio zen duela 32 urte. 1,89 metro garai da eta 91 kilo pisatzen du. Gaubeka, berriz, teknikoagoa da, klasikoagoa, eta iazko txapelketan finalerdietatik kanpo gelditu ondoren arantza atera nahi du gaur. Armintzakoa da (Bizkaia), 35 urte ditu eta oilarra ezizenez da ezaguna. 1,80 metro da luzeeta 83 kilo pisatzen du.

Biek iragan astean lortu zuten finalera sailkatzea, ligaxkako azken jardunaldian. Gaubekak set bakarra aski zuen finalean sartzeko, eta 3-2 galdu zuen Imanolen aurka. Fusto, aldiz, Lujani irabaztera behartuta zegoen, eta ez zion inolako aukerarik eman kubatarrari (3-0). Finalaren ondoren ligaxkako beste bi parte hartzaileek hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Imanolek eta Lujanek.

Trinketan, finalerdia

Palan bezala, trinketan ere lehia garrantzitsua jokatuko da gaur, Senpereko Gantxiki trinketan (17:00). Sebastian Sorhuetek eta Batita Ducassouk, Waltary Agusti eta eta Thierry Arizmendirekin neurtuko dituzte indarrak. Irabazleek Olivier Larretxea eta Ximun Lanberten aurka jokatuko dute bihar zortzi finalean, Baionako Modernean.

Senperen txapelerako faborito ziren bi bikote ariko dira. Sorhuetek eta Ducassouk ondo zaindu dute euren rola eta lehen ligaxkako partida guztiak irabazi ondoren zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Hiru partidak, gainera, nagusitasunez irabazi zituzten: 40-16 —Larretxea-Lanberten aurka, jada finalean dagoen bikotea—, 40-30 eta 40-18. Azken horiek gaurko aurkarien kontra jokatu zuten. Ordukoan, baina, Waltaryk eskuin eskua mindua zuela aritu zen, eta ezkerrarekin sakatu behar izan zuen.

Asteak igaro ahala, kubatarraren eskuak hobera egin du, eta iragan astean final-laurdenetako kanporaketa irabazi zuten Bielle eta Ezkurra II.aren aurka (40-33). Sorhuetentzat lehen txapelketa da dopin kontrol batean positibo emateagatik zigortuta egon ondoren. Ducassou, berriz, Ipar Euskal Herriko zaleen kutun berria da. 21 urte besterik ez du, eta etorkizun bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.