Sorkuntzaren eboluzioari so

Aurreko urteko 'Artista Gazteak' sariketako hiru irabazleen aurtengo sorkuntzak ikusgai jarri dituzte Iruñean

Ariane Artikaren bi pieza autonomo, Ziudadelako erakusketan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Eboluzioaren eta sorkuntzaren aldaketak islatu dituzte Iruñeko Ziudadelako armen aretoan. Izan ere, iazko Iruñeko Artista Gazteak sariketako irabazleen aurtengo obrak jarri dituzte ikusgai, aurreko urtean saritutako lanekin batera. Sandra Monteroren (Zaragoza, 1983), Ariane Artikaren (Iruñea, 1992) eta Alberto Oderizen (Iruñea, 1983) sorkuntza lanak dira. Argazkiak, marrazkiak, eskulturak, koadroak, eta bideo sorkuntzak egin dituzte, besteak beste. Obrak abuztuaren 25era arte bisitatu daitezke.

Armen gelako lehenengo solairuan dago erakusketa. Artista bakoitzak euskarri, teknika eta mundu ikuskera jakin bat hautatu du, baina denak batu dituzte areto berean. Ariane Artikaren obra da sartu bezain pronto ikus daitekeen lehena. Aurreko urtean, Arista izeneko lanarekin eskuratu zuen sariketako bigarren postua. Kontraxaflatuz egindako bi laukizuzen paretaren kontra jarri zituen, bi plano sortuz. Espazioaren gaineko hausnarketa izan zen hori. Aurten, baina, proposamen ezberdina aurkeztu du. Bi pieza autonomok osatzen dute obra berria: egurrez egindako eskultura batek eta tinta eta arkatzez egindako sei marrazkik. Marrazkietan emakumeak azaltzen dira, tinta txinatarrez, arkatzez eta ur margoz eginda. Emakume gorputzak gustatzen zaizkio Artikari, «ederrak» direla iruditzen zaio. Ondorioz, hark sortutako irudietan ohiko elementu bilakatu dira. Sei egur puskatan sei emakume azaltzen dira: erretzen, aurrera begira, edo eraikinen artean. Xaflatik xaflara ilunduz doaz marrazkiak; lehenengoak argiagoak dira, eta ondorengoak ilunagoak.

Plazerarengatik sortzea

Erretratu horien ondoan dago eskultura. Bi metro koadroko bi ohol handi paratu ditu sortzaileak parez pare. Taulen artean makil mordoa kokatu du, eta egitura osoa beltzez koloreztatu du. «Makilak erori egin behar direla dirudi, egitura hautsi egin behar dela. Hauskortasuna islatu nahi dut», azaldu du Artikak. Hala, obretako batek emakumeen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du, eta besteak hauskortasunaren ingurukoa. Dena den, bien arteko mezuetan ez dago loturarik. «Nire sorkuntzetan izandako gai eta ikuspegi aldaketa ikusten da», esan du artistak, «bi pieza autobiografiko dira». Edonola ere, Artika ez da azalpenetan tematzen den horietakoa. «Nik gustatzen zaidalako sortzen dut, ez dut sortu aurretik zer egin nahi dudan erabakitzen. Besterik gabe, sortu egiten dut, eta kitto».

Artikaren lanen ondoan kokatu dute Sandra Monteroren obra. Monterok aurreko urteko sariketa irabazi zuen Remember me (Nirekin oroitu) lanarekin. Bi koadrok osatu zuten sorkuntza hori. Bietan gorputz bat azaltzen zen, ikusleari bizkarra emanda. Aurtengo sorkuntzan ere, bide beretik jo du: gorputza izan du ardatz Perspectiva social total (Gizarte ikuspegi osoa) sorkuntzan. Bideo bat eta idazki bat jasotzen ditu obrak. Bideoan, jendea ikusten da, goitik, txori plano batetik grabatuta. «Gorputzari buruzko kanpo gogoeta bat da», jakinarazi du Monterok. Idazkian ere gorputzari buruz ari da, baina «barne ikuspegitik». Gorputzik azaldu gabe egiten du gorputzari buruzko gogoeta. «Lan kontzeptuala da», esan du. Horregatik, zuzenean agertu gabe ere, espazioari eta erlazioei buruz mintzatzen dira idazkia eta bideoa. Bata kanpo perspektibaz eta bestea barnetik; kontzeptuei buruzko ikuspegi oso bat lortuz bien artean.

Alberto Oderizen sorkuntzek hartzen dute armen aretoko azken partea. Aurreko urtean, Rojo Cadmium / 12 ladrillos (Cadmium gorria / 12 adreilu) lanarekin hirugarren saria eskuratu zuen. Orduan, 12 adreilu margotu zituen, argiak haietan zeukan eragina aztertzeko. Aurtengoan ere, argiaren inguruan jarraitu du hausnarrean. Euskarri eta material asko erabili ditu, eta pieza txiki pila bat aurkeztu du.

Guztietan, geometria eta argiaren erabilerari buruzko ideiak batzen dira. «Inguratzen gaituzten itzalak harrapatu nahi izan ditut», zehaztu du Oderizek. Finean, hark ez du erakusketa objektuen erakusleiho gisa ikusten, baizik eta, argia eta itzala irudikatzeko gune gisa. «Argia da pintura, eskultura eta arkitekturaren lehengaia», azpimarratu du. Haren arabera, geometria ere basikoa izan da esperimentatzeko: «Geometria ezinbesteko elementua da edozer sortzeko, horregatik da nire lan erreminta garrantzitsuenetariko bat». Ikerketa horien emaitza da, funtsean, haren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.