Abiadari neurria hartuz

Belako rock laukotea oihartzun zabala lortzen ari da 'Eurie' estreinako lan eklektiko eta eragin anitzekoarekin

Josu Ximun Billelabeitia, Cris Lizarraga, Lore Nekane Billelabeitia eta Lander Zalakain: Belako. BERRIA / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Mungiako Belako auzoan (Bizkaia). 70eko hamarkadako lantegi zahar batean — «geure aitonarena zen»—. Oraindik ez dira igaro bi urte lehen entsegua egin zutenetik. «Orain tornuak ez, musika egiten da tailer horretan». 2011ko maiatzaren 15ean izan zen. Orduz geroztik, abiada. Abiada bizia. «Dena joan zaigu aldats behera. Irratian entzun zaigu. Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketara aurkeztu ginen, eta irabazi, eta horrek ate asko ireki zizkigun. Abiadan joan da dena». Josu Ximun Billelabeitia taldeko kide zaharrena da. 21 urte ditu. Kantu gehienen egilea da, eta gitarra jotzen du, baita kantatu ere aldika.

Oso denbora laburrean urrats asko egin ditu Belakok. Azkena Eurie diskoa plazaratzea izan da.Eta egungo Euskal Herriko musika eszenaren talde aipatu eta mugituenetako bat bilakatu da. Askorentzat pop-rockaren harribitxi berria da. Bi urte ere ez dira igaro taldekideek lehen enkontru musikala izan zutenetik, baina aurrez Josu Ximunek Lore Nekane arreba gazteagoarekin bazuen beste talde bat, musika egiten zuten elkarrekin. «Nire arrebak jotzen zituen teklatuak, eta nik gitarrak, baxurik ez genuen. Bateria bai». Beste hainbat gazteren moduan, ondo pasatzeko intentzio soilez egiten zuten musika, etxetik jasotako zaletasunari aterabide emanez. Arte Ederrak ikasten ditu anaia helduenak, eta han ezagutu zuen Cris Lizarraga, egun taldeko kantaria dena, Josu Ximun baino urtebete gazteagoa. Lander Zalakain da laugarren taldekidea, bateria jotzailea. Kide guztiek sartu dituzte ahotsak estreinako laneko hamar kantuetan, batean edo bestean, nahiz kantari nagusia Cris Lizarraga izan. Taldekideen gaitasun instrumentalak dira ezaugarri argienetako bat. Kantariak teklatua ere jotzen du, eta bi anai-arrebek gitarrak, baxuak eta teklatuak. «Zuzenekoetan musika tresnak trukatzen ditugu».

80koa, gaurkotuta

Hainbat musika tresna jotzeko abilezia ez da zoriaren ondorio, umetatik musika asko entzun eta ikastearena baizik. Musika esparru zabala hartzen du kideen zaletasunak. Egungo musika garaikide dantzagarri pop-elektronikotik hasita —The Rapture, Delorean...—, 80ko hamarkada amaierako eta 90eko rock alternatibotik igaroz —Pixies, Sonic Youth...—, eta 80ko post-punkeraino —Joy Division...—. Euskal Herriko taldeetan ere jarri izan dituzte begi-belarriak. «Hertzainak eta Itoiz garai batean... Orain, Willis Drummond eta Berri Txarrak asko gustatzen zaizkigu». Ama Say eta Beti Muganen oihartzunik ere topa liteke, bai zenbait soinutan, baita euskaraz nahiz ingelesez kantatzeko ohituran ere. «80etako soinua gustatzen zaigu, baina modu gaurkotuan eman nahi genuke gure kantuetan».

Aste gutxi batzuk igaro dira hamar kantuz osaturiko lana plazaratu zutenetik. Aitor Abio PiLT taldeko kide ohia izan zuten ekoizle lanetan, eta Gaua Records zigiluaren babesean atera dute. Dituzten eragin guztien oihartzunak nabari dira kantuetan. Batzuetan gitarra riffak nabarmentzen dira (Sea Of Confussion), besteetan baxuaren lerro sendoak (Stop Contradictions indartsuan), edertasun ilun bat Molly And Pete eta Eurie-n, eta garage-punkaren garraztasuna (Zaldi baltza). Entzundako guztiak eragiten die, eta euren galbahetik pasata kantu bihurtzen dituzte. Pluraltasun hori, denari kabida eman nahi hori da «findu beharrekoa», taldekideen ustez. «Orain ere kantu berriak sortzen ari gara. Batzuk oso elektronikoak ateratzen zaizkigu, teklatu eta programazioekin; beste batzuk askoz ere gitarrero eta garageroagoak dira. Akaso denek ez dute lekua disko berean. Ikusi egin beharko da zein bide hartu: lehen disko hau oso eklektikoa da», zehaztu du Billelabeitiak.

Orain artean jasotako kritika gehienak, hala ere, laudoriozkoak dira. Horren inguruan zer sentitzen duten galdetuta, zera dio gitarra jotzaileak: «Bertigoa. Beharbada sortu dira espektatiba oso handiak guri buruz. Oraindik hasiberriak gara, gazteak. Ezagutzen ez gaituztenek espero dute gure proiektua oso garatua eta heldua izatea, baina oraindik bidea dugu egiteko, nahiz eta oraingoz ondo doakigun eta feedbacka ona den. Baina presioa sentitzen dugu».

Presioa zuzenekoekin eta kantu berriekin uxatzen du Belakok: «Beti gaude kantu berriak sortzeko gogoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.