Indie parkea

Dinosaur Jr, Built To Spill, Crystal Fighters eta Delorean dira talde nagusiak Kutxa Kultur jaialdian, ostiral eta larunbateanEgun bakoitzean 5.500 lagun biltzea espero dute antolatzaileek; amaitzear dira sarrerak

Low Barlow, J Macis eta Murph, Dinosaur Jr taldeko kideak.
gorka erostarbe leunda
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Haurrak baino ez ziren Delorean Zarautz eta Donostiako kideez osaturiko taldeko lau kideak Dinosaur Jr-ek Dinosaur estreinako diskoa kaleratu zuenean, 1985ean. Mungia, Tolosa eta Bilbokoak dira Belakoko lau gazteak. Haiek jaiotzeko zeuden artean. Sonic Youth, Husker Du, eta Pixiesekin batera, AEBetako rock alternatiboaren edo independentearen gidarietako bat izan zen Dinosaur Jr 80ko hamarkadaren bigarren erdialdera. Indie musikak bilakaera edo eraldaketa handia izan du orduz geroztik, hainbeste ezen egun zaila egiten baita indie zer den definitzea ere, indie denaren eta ez denaren arteko muga zedarritzea. Kutxa Kultur jaialdia rock independentearen jaialdia dela diote antolatzaileek, ordea, eta etiketa horren barruko hainbat taldek osatzen dute Igeldoko jolas parkean hirugarren urtez egingo den jaialdiko egitaraua. 102 urte ditu Igeldoko jolas parke klasikoak, eta indie musikaren aterpe bihurtu da azken urteotan.

Ostiralean eta larunbatean egingo da zatirik handienean egun argiz osatzen den jaialdia. Atzora arte 11.000 sarreratik 7.000 saldurik zeuden, Ginmusika produktorako arduradunek azaldu dutenez. Hark antolatzen du jaialdia, eta Kutxabank du finantzatzaile nagusi, beste zenbait ere badiren arren. 16 euroko salneurria dute sarrerek.

Bai ostiralerako, bai larunbaterako, sarrera guztiak salduko direla uste dute antolatzaileek. Larunbatean Dinosaur Jr izango da kartelburua edo kontzertu nagusia. Hasieran bai behintzat. Massachusettseko hirukoteak ia 30 urte daramatza musikaren munduan, eta 1997an Hand It Over kaleratu ostean atseden moduko bat hartu zuten arren beste proiektu batzuei ekiteko, hamar urte geroago indarrez agertu zen plazaraJ Mascis (gitarra eta ahotsa), Low Barlow (Baxua) eta Murphek (bateria) osaturiko hirukotea, Beyond (2007) kaleratuta. Kritikak laudatu egin zuen hiruko indartsuaren itzulera, eta halatsu gertatu da Farm (2009) eta I Bet on Sky (2012) lanekin ere. Azken hori kaleratu ostean, bira bati ekin zioten munduan zehar, eta larunbatean Donostian egingo dute geldiunea.

Ez da izango AEBetako indiemusikarenklasiko bakarra, gainera, larunbatean. Built To Spilt Idahoko laukoak 90eko hamarkadan hartu zuen Pixies, Sonic Youth eta Dinosaur Jr-ek irekitako bidea, nahiz eta modu leunagoan izan. Indie-rockaren erakusle garrantzitsuenetakoa izan da. Ez du diskorik argitaratu 2009tik, The Is No Enemy erregularra plazaratu zuenetik. Doug Martsch liderra ez da geldirik egotekoa. Musikariz aldatzea gustuko du, errepidean lan egitea. Hala ari da lan berria prestatzen. Talde gurtua da, eta zaleek gozatu egingo dute.

Dover madrildarren ibilbideak merezi ez duen arreta merezi dute Crocodiles kaliforniarrek eta Audience gernikarrek. Crimes of Passion telenobelako izenburua duen lan berria aurkeztuko dute estatubatuarrek. Audience taldeko kideak AEBetan egon berri dira disko berria izango dena grabatzen, New Yorkeko Water Music estudioetan, hain zuzen ere. John Agnello ekoizlearekin egin dute lan bertan (Sonic Youth, Mark Lanegan, Aerosmith, Alice Cooper). Udaberrian Mistress Games EPa argitaratu zuten. Hura osatuko du hemendik gutxira aterako duen lan osoak.

Napoka Iria, UK Bill, Cohen, Lou Topet eta Istrian talde gipuzkoarrek osatuko dute parkeko agertokiko egitaraua. Jaialdiak berak antolaturiko lehiaketan izan ziren hautatuak bai talde horiek bai ostiralean jardungo dutenak. Haiekin batera, ordea, kartelburu modura, Bobby Bare Jr ariko da, country alternatiboaren soka luzeari jarraiki aritzen den musikari estatubatuarra.

Euskal Herriko agertokietan ohikoak izan diren taldeek hartuko dute jolas parkeko agertoki nagusia ostiralean. Euskal musika tresnekiko lilura berezia duen Crystal Figthters talde ingelesa, Zugarramurdiko kobetan musika akelarrea egin ondotik izango da Igeldon Cave Rave lana aurkezten. Belako talde gaztearen freskotasuna eta pop, rock eta post-punk doinuak ia ezinbesteko bihurtu dira Euskal Herriko musika jaialdi orotarikoetan Eurie lehen lana aurkeztu zuenetik. Damien Jurado kantugile estatubatuarra Viktoria Eugenia antzokian izan zen iazko martxoan.

Gaua eta ezusteak

Lau kidetik hiru Zarauzkoak ditu Deloreanek, eta donostiarra laugarrena, baina Bartzelonan dute bizileku egonkorra, edo egonkorrena behintzat, mundu osoan batetik bestera baitabiltza azkenaldi luzean. Apar disko berria kaleratuko dute udazken honetan, Subiza-rekin (2010) euren ordura arteko ibilbidea eta sona nazioartekotu ostean. Dagoeneko bi single kaleratu dituzte.

Jose Gonzalez kantugile suediarrak gidatzen du Junip hirukoa. Indie pop taldetzat jotzen dute hedabide espezializatuek, eta aurten kaleratu dute euren bigarren lana, taldearen izen bera daramana.

Parkeko agertokian ariko diren taldeak Roulot, Jus, Codigo Bushido, Buffalo eta Grande Days dira. Ustekabeko agertoki bat ere izango da lehen egunean, bertan William Tylerrek, Luke Amstrongek, Tristan Crowleyk eta Charliek emanaldi bereziak eskainiko dituzte. Festak gauez Gazteszena aretoan jarraituko du; Egia auzoan. Triz3ps taldeaz gain Crystal Fighterseko musikariak ere ariko dira musika jartzen.

Informazio osoa bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.kutxakulturfestibala.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.