Albistea entzun

Sanferminak Iruñean. Balantzea

Sanfermin zuri-beltzak

Eraso sexistek markatu dituzte aurtengo bestak; gutxienez hiru gertatu dira, eta peñen eta herritarren protesta eragin dute

Alde Zaharreko karriketan giro ederra izan da; entzierroetan, berriz, adarkada gutxi
Urteroko ohiturari jarraituz, jende andana ibili da sanferminez gozatzen.
Urteroko ohiturari jarraituz, jende andana ibili da sanferminez gozatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz- Irene Arrizurieta - Edurne Elizondo -

2011ko uztailak 15

Bukatu da besta. Bukatu dira sanferminak. Gaur bertan, balantzea eginen dute Iruñeko Udaleko agintariek, eguerdian, herriko etxean eginen duten agerraldian. Nafarroa Baiko zinegotziek ere gaurko egin dute sanferminei buruzko beren analisiaren berri emateko deialdia. Bederatzi egunez egon da Iruñea bestak hartuta. Egun anitz dira; ekitaldi anitz. Bai eta bestazale eta bisitari anitz ere. Egon da azken egunotan Iruñean zer egin, eta orain bada, noski, zer erran.

Iruñeko Peñen Federazioa izan da bestaz mintzatzen lehendabizikoa. Prentsa ohar baten bidez, egunotan gertatu diren eraso sexisten aurkako salaketa berretsi du. Eraso horiek ilundu dute bertzela ontzat jo dituzten besten giroa. Horixe azpimarratu dute. Herritarrek peñei emandako babesa nabarmendu dute, halaber, eta besta herrikoien aldeko apustuaren alde egin dute, berriz ere, sanferminak pribatizatu nahi dituzten ekimenen aldean.

Peñek egindako balantzearekin batera, eta, hiriko agintariek eginen dutenaren zain, hona hemen gurea.

Eraso sexistak. Besta parekideak, urrun

Eraso sexistek markatutako sanferminak izan dira aurtengoak. Gutxienez hiru gertatu dira. Besta parekideak oraindik ere urrun direla erakutsi du, berriz ere, errealitateak, eta urratu egiten dela emakumeek sanferminez lasai gozatzeko duten eskubidea. Peñek hainbat protesta ekitaldi egin dute egunotan eraso horiek salatzeko; azkena, atzo bertan. Zezenketara sartu baino lehen, elkarretaratzea egin zuten Amaia karrikan. Iruñeko alkate Enrique Maiak ere mintzagai izan ditu erasoak egunotan; eraso horien larrigarritzat jo du bestak emakumeen aurkako erasoak egiteko profitatzea. Azpimarratzekoa da azken urteotan eraso sexistak gertatu izan direnean Iruñeko Udalak isiltasunarekin erantzun duela behin baino gehiagotan, eta, besten balantzea egin duenean ere, eraso horiek aipatu ere ez dituela egin.

Kaleko giroa. Jendetza, baina neurrian

Kalea da festa giroaren osagarri nagusia. Hori gabe ez legoke sanferminik, ziur aski, edo ez, behintzat, orain artekoen moduko sanferminik. Eutsi egin behar izaten zaio, ordea, giro horri, eta horretara bideratzen dituzte indarrak Iruñeko peña, elkarte eta ostalariek. Aurten ere, debekuak izan dira kalean antolatutako hainbat ekimenen aurka; adibidez, Udalak baimenik gabe utzi zituen Gora Iruña! plataformak antolatutako hainbat ekimen. Halere, kalea izan da Iruñera bildu direnen festa gune nagusia. Eta Alde Zaharra, bereziki. Eutsi egin zaio giroari, beraz. Eguraldiak lagundu egin du, gainera.

Jendetza izan da aurten ere, baina neurrian. Kaleak beteta egon dira, baina ez ezin pasatuz ibiltzeko beste. Ohi denez, asteburuan izan zen bisitari gehien, eta ordukoa izan zen festetako jendetzarik handiena.

Bazegoen hutsune bat, ordea, Iruñeko festa giroan: zezenketen orduan, hustu xamar gelditzen ziren Alde Zaharreko kaleak. Hori detektatu, eta zezen plazara joaten ez direnentzako aukera bat sortzen saiatu dira. Hala, askariak antolatu dituzte San Frantzisko plazan ia egunero. Ez dira oso jendetsuak izan, baina esana zuten saio bat zirela, eta saioa egin dute, bederen. Hasia dute bidea.

Entzierroak. Adarkada gutxi

Oro har, entzierro garbiak eta azkarrak izan dira aurten. Lau adarkatu bakarrik izan dira korritu diren zortzi entzierrotan, eta hori marka txikia da. Adar gutxi sartzeaz gain, azkar egin dute lasterka Iruñera etorri diren zortzi ganadutegietako zezenek. Motelenak, San Fermin egunean korritu zutenak. Jose Cebada Gagoren adardunek hiru minutu eta hamar segundo behar izan zituzten plazara iristeko. Lehenengo adarra ere ganadutegi horretako zezenek sartu zuten. Azkarrenak, berriz, El Pilar ganadutegiko adardunak izan ziren: bi minutu eta hamaika segundoan korritu zuten entzierroa; 1980. urteaz geroztiko entzierro azkarrenetan bigarrena izan zen. Horregatik, eta ekitera atera zirelako, eroriko ugari eragin zituzten; halare, ez zuten inor adarkatu. Adarkatu gehien, bi, seigarren eguneko zezenek utzi zituzten. Victoriano del Rio ganadutegiko adardunek arriskua sortu zuten. Jatorrenak, berriz, atzokoak izan ziren. Nuñez del Cuvillo ganadutegiko animaliek ez zioten inori ekin, eta korrikalariei adarren aurrean lasterka ibiltzeko aukera eman zien.

Istripuak. Hainbat zauritu

Urtero bada bestaz gozatzeko aukerarik gabe gelditzen den bisitaririk. Kanpotik etorritako bestazale anitzentzat, batez ere australiarrentzat eta estatuba- tuarrentzat, ohitura bilakatu da, adibidez, Nafarreriako iturritik jauzi egitea, eta, ondorioz, gutxienez bi pertsona zauritu dira aurten. Tamalez, kanpoko jendearentzat prestatutako sanferminei buruzko hainbat eskuorritan ohituratzat saltzen da iturriko jauzia. Gehienak ez dira ohartzen alkoholaren eraginpean salto egiteak duen arriskuaz. Alde Zaharreko hesietatik erorita, halaber, gutxienez bi pertsona zauritu dira aurten.

Istiluak udaltzainekin. Ikurrinak sartu dira plazan

Uztailaren 6an, txupinazoaren egunean, udaltzainak Udaletxe plazan ikurrinak sartzea eragozten saiatu ziren, berriz ere. Ikurrinaren aldekoek kalejira egin zuten Txapitela karrikatik, eta foruzainekin eta udaltzainekin istiluak izan ziren. Dena dela, ikurrinak plazan sartzea lortu zuten: hainbat txiki eta bi ikurrin handi zabaldu zituzten. Uztailaren 7an, halaber, prozesioaren egunean, udaltzain eta Espainiako polizia anitz izan zen Alde Zaharreko karriketan. Gainera, Mercaderes karrikan liskarrak piztu ziren udaltzainen eta hainbat gazteren artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.