Fraisoro etxea, haur eta amen babesleku

Abandonatutako haurrak eta haurdun zeuden emakume ezkongabeak hartu zituzten Zizurkilgo etxeanEva Garcia Magriñak garai hartako dokumentuak eta testigantzak bildu ditu

Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Europako onenetarikotzat zeukaten Zizurkilgo Fraisoro etxea (Gipuzkoa). 14.000 haur inguruk hartu zuten ostatu 1903. urtetik 1994. urtera. Bazterrean utzitako haurren aterpe izan zen, baita haurdun zeuden ezkongabeen babesleku ere. Fraisoro etxeko gorabeherak eta bizipenak liburu batean bildu ditu orain Eva Garcia Magriñak: Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak. Lan hori aurkeztu zuen atzo.

Fraisoro etxeko giroa barrutik ezagutu zutenen testigantzak biltzeko aukera izan du egileak. «Gehiegikeriak jasaten zituztenen edo familiaren babesik ez zuten lagunen istorioak ezagutzeak hunkitu nau». Zizurkilgo etxean bizi ziren hiru emakumek Fraisororekin izan zuten harremana azaldu dute; tornuko ume izandakoek, berriz, haurrak zireneko oroitzapenak ekarri dituzte gogora. «Gogorrena handik ateratzea izan zela diote; Fraisoroko egonaldia baloratu dute». Horrekin batera, tornuko umeen txostenak erabili ditu informazio gisa, eta jasotako dokumentuak bere horretan sartzea erabaki du Garcia Magriñak, «zuzenean ikusteak emozio gehiago sortzen dutelako».

Baserrietara bizitzera

Bazterrean utzitako haurren gaiari eutsi dio egileak liburuaren lehenengo atalean; zazpi kapituluk osatzen dute Garcia Magriñaren lana. Haurrak kalean abandonatzen zituzten XIX. mendean; mende bat geroago, berriz, mojen komentuen aurrealdeetan zeuden leiho birakarietara eramaten zituzten. Haurren heriotza tasa handia zela-eta, irtenbide bila jardun zuten: «Aurrezki kutxaren sorrera erabakigarria izan zen, gizarte ekintzara bideratu zituen etekinak, eta Fraisoro etxea finantzatu zuen». Aldundia kudeaketaz arduratu zen, eta tornuko umeen batzorde bat ere osatu zuten. Donostiako haurrak bildu ziren hasieran; beste tornuko umeak eraman zituzten Zizurkilgo etxera ondoren.

Leiho birakarietatik hasieran eta Fraisoro etxeko ataritik ondoren, bazterrean utzitako haurrak iristen hasi ziren Fraisoroko haurren eraikinera. «Nolabaiteko luxua zen Fraisoron egotea, aurrerapenak zeuden higiene aldetik-eta». Dena den, osasunez ondo zeudenak baserrietan kokatzea zen tornuko haurren batzordearen nahia. Baina haurren bat aterperik gabe geratzen bazen, Tolosako erruki etxera eramaten zuten: «Hangoa ez zen oso giro gomendagarria; askotariko arazoak zituzten pertsonak zeuden». Erruki etxean bezala, Fraisoron ere bestelako arazoak zituzten emakumeak hartu zituzten 1952tik aurrera. Dena den, Garcia Magriñak ez dio bukaerako garai horri «horrenbesteko garrantzia» eman.

Haurdun zeuden emakume ezkongabeak Gipuzkoa osotik iritsi ziren Zizurkilera. Gipuzkoarrak ez ezik, probintzian hiru urtez bizi zirela ziurtatu zutenek ere hartu zuten ostatu Fraisoron. 15 eta 30 urte bitartekoak ziren gehienak; iritsi aurretik bizitakoak eraman zituen hara. «Bakoitzaren kasua ezberdina zen, ez zegoen emakumeen soslai jakinik». Gehiegikeriak jasan zituzten emakumeak eta adimen urritasuna zutenak heldu ziren Zizurkilgo etxera. Gizarte maila askotako emakumeak ere bildu ziren Fraisoroko ama ezkongabeen eraikinean. «Pobrea izatea sartzeko baldintza bat zen», dena den, «ohorezkoak» zirenek ere bazuten tokia: gela berezi batean egiten zuten lo, eta ordaindu egiten zuten han egoteagatik.

Baina Fraisoroko haur eta emakumeak ez zeuden bakarrik. Karitateko alabak, sendagileak, ikuskatzailea eta inudeak zituzten alboan. «Fraisoroko langileen giza jarrera erakutsi nahi nuen liburuan. Medikuak, esaterako, diru laguntzak lortzeko borrokatu ziren». Inudeek ere zeregin garrantzitsua zuten. Edoskitze lanetan laguntzen zuten, ez baitzegoen haur guztientzat nahiko esnerik. Hiru hilabetez behin kobratu egiten zuten tornuko ume bat edoskitzeagatik. Ama ezkongabeek ere dirua jasotzen zuten; behartuta zeuden bi hilabetez haurra edoskitzera, baita beste ume bati esnea ematera ere.

Errealitatea ezagutzeko

Fraisoron bizi ondoren, etxea uzteko momentua iritsi zitzaion askori. Batzuek haurra eskuetan zutela agurtu zuten etxea; beste batzuek, berriz, han utzi behar izan zuten. Hainbat arrazoigatik etxera bueltatu ezin zutenak han geratu ziren lanean.

Duela hamar urtetik zebilen gaia bueltaka Larramendi Bazkunan. Jon Unanue bazkuneko kideak adierazi duenez, arazoa tabua zen, eta horren atzean zer zegoen jakin nahi zuten. «Ez da Fraisoron gertatu zenaren istorioa bakarrik, utzitako haurrek eta ezkutuan erditu behar zuten ama guztien inguruan sortutako arazoaren istorioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.