Bilboko Aste Nagusia

Besteen alboan egon ez dadin

Bilboko konpartsek deituta, ehunka pertsonak bat egin dute ikurrinaren omenaldiarekin

Bilbo
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Iritsiko da eguna gure ikurrinkutuna aldarrikapen beharrik gabe altxaraziko duguna», bota zuen Marijaiak azken bertso puntuan, atzo arratsaldean ikurrinari egindako omenaldian. Ehunka pertsona batu ziren ikurrinari omenaldia egiteko Areatzan. Marijaiaren ondoan, Itziar Villafañez konpartsetako bozeramailea eta Jone Artola txupinera izan ziren. Independentistak sareak ere parte hartu zuen omenaldian, eta ekitaldia bukatu aurretik martxa berdea egin zuten txosnetan zehar.

Marijaia Areatzako ikurrin azpira agertu zen 18:30ak aldera, Mamikiko konpartsakoek lagunduta. Minutu batzuk pasatuta, hasiera eman zioten ekitaldiari Marijaiak berak botatako bertso batekin. Bertsoaren ostean, hainbat konpartsatako kideek agurra dantzatu zuten, eskuetan helioz beteriko puxika berde, gorri eta zuriak zeramatzatela. Konpartsakoek dantzan egiten zuten bitartean, beste batzuek Areatzako mastan ikurrina jarri zuten. Horren ostean, dantzariek puxikak askatu, eta horiek Bilboko zeruan gora ihes egin zuten. Une horretan, Villafañezek esan zuen ikurrinak euskaldun guztiok batzen gaituela. «Ikurrinari omenaldia era positibo batean egin nahi izan diogu, protagonismo guztia berak jaso dezan».

Artolarentzat atzokoa egun berezia zen, txupineren eguna ere izan baitzen. Ikurrinaren omenaldian, hark gaur egun jasaten dituen debekuak gogoratu nahi izan zituen. «Gure ikurrina erdi debekatua dago oraindik, inoiz ezin dugu normaltasun batekin jarri. Beti egon behar du beste baten azpian edo ondoan». Ikurrina nafarren bandera dela esan zuen. Eta independentistek bandera hori beste estatuetako bandereren maila berean egoteko duen eskubidea aldarrikatu behar dutela uste du.

Martxa berdea

Independentistak sareak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian. Bertan Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak adierazpenak egin zituen. «Azken bi urteetan omenaldi honetan egon gara, ikurrina herri honen ikur nagusia eta euskaldunon askatasunaren ikurra dela aldarrikatzen jarraitu behar dugulako», esan zuen Ariznabarretak. Omenaldiaren ostean, Independentistak sareko kideek martxa berdea egin zuten txosnetik eta Zazpikaleetatik.

Horrekin batera, Ariznabarretak irailaren 11n ospatuko den Kataluniako Diada dela-eta mobilizazioak egingo dituztela aurreratu zuen. Egun horretan Katalunia osoa zeharkatuko duen giza katea egingo dute, eta horri babesa emateko ekitaldi txiki batzuk egingo ditu Independentista sareak: «Irailaren 7an mobilizazioak egingo ditugu Euskal Herriko hiriburuetan, Kataluniako herriarekiko elkartasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.