Hayao Miyazakik pelikulak egiteari utziko diola iragarri du Veneziako jaialdian

'Kaze tachinu' animaziozkoa aurkeztu du manga marrazkilari eta zinemagileak Mostrako Sail Ofizialean

Hayao Miyazaki zinemagilearen Kaze tachinu pelikulako une bat. Venezian aurkeztu du, Sail Ofizialean.
Agentziak
Venezia
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hayao Miyazakik ez ditu oraingoz arrazoiak azaldu. Tokion, bere jaioterrian, emango ditu, prentsaurreko batean, baina 72 urteko zinemagile, manga marrazkilari, gidoigile eta marrazki bizidunen ekoizle japoniarrak iragarri du pelikulak egiteari utziko diola. Venezian —ibilbide oso baten Urrezko Lehoia eman zioten 2005ean—, hango zinema jaialdian, jakinarazi zuen, herenegun, Sail Ofizialaren barruan Kaze tachino animazioa aurkeztu eta gero.

Haurrentzako ekoizpenak osatu ditu batez ere Miyazakik azkeneko 35 urteotan. Lan horietan, gizakiaz, naturaz, indibidualismoaz, erantzukizunaz mintzatu da, eta gerraren kontrako mezu argiak utzi ditu. Mendebaldeko kritikarien onespena aspaldi jaso zuen japoniarrak, eta 2002an, esaterako, Urrezko Hartza eta animazio onenaren Oscar saria irabazi zituen Sen to Chihiro no kamikakushi /Spirited Way filmarekin. Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro pelikularen egilea ere bada, besteak beste.

Miyazakiren herenegungo iragarpenaren ondoren, atzo The Zero Theorem lana aurkeztu zuen Terry Gilliamek Sail Ofizilean. Inkomunikazio eta bakartze istorio bat kontatzen du, eta harrera hotza egin zitzaion. Christopher Waltzek jokatzen du protagonistaren rola. Era berean, Xavier Dolan 24 urteko kanadarrak Tom à la ferme suspensea, komedia eta drama nahasten dituen filma aurkeztu zuen Sail Ofizalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.