Albistea entzun

Sanferminak Iruñean. Dantza jaialdia

Zirraraz beteriko urratsak

Iruñerriko hamabi dantza talde batu ditu Foruen enparantzako folklore jaialdiak; jendetza bildu da dantzak ikustera

Larrain dantzaren aurretik jauzi bat jo dute, eta Nafarroako bandera ere haizatu dute
Irribarrea ahoan izan dute neskek Matelota dantzatzean. Egun oso berezia denik ez dute ezkutatu Iruñerriko dantzariek.
Irribarrea ahoan izan dute neskek Matelota dantzatzean. Egun oso berezia denik ez dute ezkutatu Iruñerriko dantzariek. LANDER F. ARROIABE/ ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2011ko uztailak 7 - Iruñea

«Izugarria». Dantzari batek horrela deskribatu du jaialdia. «Izerdi patsetan nago, baina oso gustura geratu naiz», azaldu dio Otsagabiako jantzia daraman mutil batek besteari. Txupinazoaren ondotik, jendetza bildu ohi da Foruen plazara dantza jaialdiaz gozatzeko asmoz. Aurten ere dantzariek jendez mukuru aurkitu dute plaza. Eguraldia lagun izan dute Iruñerriko dantza taldeek, eta Agintariena, Otsagabiako dantzak, Matelota eta Pilindros jota dantzatu dituzte iruindarren begiradapean.

Euriaren mehatxuak loak hartu ezinik utziko zuen bat baino gehiago bart. Baina goizean goizetik argi geratu da euririk ez zuela eginen. Hodei bakan batzuk zeruan, eguzkiak gogor jo du Foruen plazan. 13:00etan, 25 gradutik goiti markatu du termometroak. Bien bitartean, dantzariak urduri egon dira plazan sartzeko tunelean zain. Urdaileko tximeletak lasaitzeko-edo, kantuan eta dantzan ibili dira gehienak. Izan ere, dantzaldia bezain garrantzitsua da tuneleko momentua. Plazara sartu aurreko kantuak gogoko dituzte batzuek.

Garaiz atera dira dantzariak plazara, Ortzadar taldeko musikarien kalejira doinuarekin. Batzuk plazan zirelarik, beste batzuek kantuan jarraitu dute tuneleko iluntasunean. Ortzadar taldea atera da lehenbizi, aurten eurek eraman baitute Agintariena dantzatzeko ikurrina. Atzetik izan ditu Txori Zuri, Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Elordi, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak eta Oberena.

Ikurrina hemen ere

Aurten inoiz baino leku gutxiago izan da dantzatzeko, tabernek eta terrazek urtetik urtera leku gehiago hartzen baitute. Dantzari aunitz kexatu da egoera ikustean. «Ez dago eskubiderik, urtetik urtera geroz eta leku gutxiago uzten digute», esan du neska batek. Beste bat txantxetan ibili da esanez urteren batean errepidean dantzatu beharko dutela.

Plazari itzuli osoa eman ondotik hasi da jaialdia. Agintariena izan da lehenbiziko dantza. Zinez momentu hunkigarria izan da dantzari oro ikurrinaren eta Nafarroako banderaren aurrean makurtzea. Bigarren bandera normalean ez da haizatzen. Udalak prestaturiko egitarauaren barnean euskal kulturari eta identitateari eskainitako leku bakanetakoa da dantza jaialdia, eta jendeak ere eskertzen ditu horrelakoak; txalo zaparrada eta irrintziak izan dira horren lekuko.

Mutilen txanda ailegatu da ondotik. Otsagabiako dantzak plazaratu dituzte, eta makilik gabe geratu da bat baino gehiago. Enperador, Katxutxa eta Modorro aurkeztu dituzte lehenik; jota eta Pañulodantza gero. Jendeak aski txalotu ditu mutilak, eta aunitz izan dira, makila noiz apurtu zain-edo, adi-adi begira zeudenak.

Neskak izan dira dantzatzen bigarrenak, eta Matelota plazaratu dute. Aurrekoak baino dezente freskoago etorri dira haiek, arrantzale jantziekin. Eguraldia bezala, jendea berotuz joan da emanaldiak aurrera egin ahala, eta Matelota dantzatu dutenek animoak eta bibak jaso dituzte ikusleen artetik.

Hirugarren dantza Tafallakoa izan da: Pilindros jota. Mutil eta neskak irribarretsu ibili dira dantzan, eta ziurrenik ikusleen artean izan da altxatu eta haiekin dantzatzeko gogoa izan duenik. Kalejira handi batek eman dio amaiera dantzarien emanaldiari.

Berritasunak amaieran

Dantzariek egin beharrekoa egin dute lau dantza horiekin. Hala ere, amaitzeko inoiz ez da Larrain dantza falta. Gainera, aurten berritasun bat izan da. Ortzadarreko musikariek jauzi bat jo dute begira zirenak plazara ateratzeko. Baten bat ausartu bada ere, gaita doinuak aditu arte ez dira atera gehienak.

Foruen plaza txiki geratu da Larrain dantzarekin. Batzuk zuriz, besteak txupinazoan zikindutako arroparekin eta dantzariak haien trajeekin. Denak bildu ditu Lizarrako dantzak. Entrenatzeko balio du, sanferminetan gehien dantzatzen den dantzetariko bat baita Larrain dantza. Ikasteko ere, eta batzuk parekoaren urratsak jarraitzen ibili dira. Bakoitza alde batera, bakoitzak bere urratsa, baina denek elkarrekin gozatu dute dantzan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.