Kantonamenduen maparen aurkakoek auzitara jo dute

Mapak baserri guneen «diskriminazioa» dakarrela diote Frantziako Estatu Kontseilura jo dutenek

Mapari buruzko eztabaida eta bozketa, Paueko Kontseilu Nagusian. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako Barne Ministerioak marraztu kantonamenduen mapa ez onarturik, auzitegira eraman dute afera aurkakoek. Hain zuzen, Frantziako Estatu Kontseilura jo du Jacques Pedehontaa Nabarrengoseko (Biarno) kontseilari nagusi zentristak. Ondoan ditu, elkartasunez, Jean-Jacques Lasserre senatari eta Jean Lassalle diputatu zentristak, besteak beste. Hirurek dute aulkia Paueko Kontseilu Nagusian.

Nire Kantonamendua eta Baserri Munduak Ez Hunki elkartearen izenean dute pausoa egin. Diotenaz, Frantziako konstituzioa ez du errespetatzen kantonamenduen berrantolaketak. Elkartearen izenean agertzen den bezala, mapa berriak baserri munduari ekarriko dizkion «kalteak» dituzte gaitzesten. «Baserri mundua ez da aski ordezkatua. Zer bilakatuko dira eskualde horiek Paueko eta Baiona-Angelu-Miarritze hiri guneen ondoan?», dio, haserre, Pedehontaak. Dioenaz, lurraldeen arteko berdintasuna eta zuzentasuna ez dira errespetatuak, eta horrek «diskriminazioa» eragiten duela dio. Gainera, kontseilariak herritarrekiko duen «hurbiltasuna» desagertuko dela ere deitoratu du, barne aldeko kantonamenduak oso zabalak izanki.

«Botereak ez dira bereizirik»

Philippe Fortabat-Labatut abokatuak eramanen du salaketa; haren arabera, «botereen bereizketaren printzipioa ahantzi du Barne ministroak [Manuel Valls], dioelarik legeak eginen dituela». Gobernuak parlamentarien eskutan den eskumen bat hartu izana «legez kanpo» dela dio, eta hori azaldu gogo dio Estatu Kontseiluari.

Nabarrengoseko hautetsiak du Estatu Kontseilura jo, eta ondoan geroz eta sostengatzaile gehiago ditu. Zentroko zein eskuineko, kontseilari nagusi, auzapez zein herriko kontseilari, dozenaka kide ditu elkarteak. Egitura sortzerakoan, Estatu Kontseilura jotzeko deia egin zieten aurkari guztiei. Gaur egun, 30 bat departamenduk dute salaketa jarria.

Ipar Euskal Herriaren eta Biarnoren arteko departamenduari doakionez, gehiengoa maparen alde agertu da. Urtarrilaren 9an egin zuten bozketa, zortzi orduz eztabaidatu ondoren: 27 alde, 22 kontra eta 2 abstentzio izan ziren.

Egun horretan, gogorki hitz egin zuten maparen aurka eskuineko zein zentroko kontseilariek. «Logika politikorik ez duzuenez ukan, logika alderdikari bat ikusi behar da trafiko horretan», zioen Max Brisson Miarritzeko kontseilariak (UMP).

Kantonamendu kopurua bitan zatituko dute 2015eko martxorako, Pirinio Atlantikoetako departamenduari dagokionez: 52tik 27ra. Ipar Euskal Herrian hamabi izanen dira. Haatik, kantonamenduka bi kontseilari izanen dira, bata emaztea, bestea gizona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.