«Urrats egingarri gehiago» ofizialtasunerantz

Gabonetako Euskal Selekzioaren futbol partidaren egunak hartu duen garrantziarekin kezkatuta dago ESAIT

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean orain arte egindakoa ez da nahikoa. Hori uste du Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT). Bide horretan, Ofizialtasunerantz urrats gehiago leloa hautatu dute larunbatean, hilak 28, antolatu dituzten ekintzetarako. Euskal Selekzioa eta Perukoa lehiatuko dira San Mamesen Larunbat honetan. ESAITek, berriz, futbol partidatik harago joan nahi du aldarrikapenarekin. Bi ekintza antolatu dituzte horretarako: 12:30ean, Pagasarri mendiaren tontorrean, ofizialtasunaren aldeko herri argazkia egingo dute. Bestalde, 18:30ean manifestaldia egingo dute Areatzatik abiatuta. Aurtengoan ez dute txosnarik ez jairik antolatuko: «Ofizialtasunaren aldarrikapena, kirolaren praktika osasuntsu baten bitartez egin nahi dugu», adierazi zuen Egoitz Askasibarrek atzo ESAITek Bilbon egindako agerraldian.

Euskadiko Futbol Federazioak urtero antolatzen duen futbol partidaren egunak hartu duen garrantziarekin arduratuta daudela adierazi zuen Askasibarrek: «Mozkor egun eta seriotasunik gabeko jai erraldoi bat bilakatu da». Euskal Selekzioaren aurka aritzeko hautatu duten arerioaren «profil eskasa» eta jokalarien aukeraketan dagoen «seriotasunik eza» nabarmendu zituen. Besteak beste, egunaren ezaugarritze hori ofizialtasunaren bidean estrategia argirik ez izatearen ondorio da, ESAITen ustez. Federazioari gaur egun egingarriak diren urratsak egiteko deia egin zion atzokoan: «Urrats gehiago egin behar ditugu». Instituzio publikoetatik egiten den inbertsio falta ere nabarmendu nahi izan zuten. «Politika publikoek muzin egiten diote hemengo ofizialtasuna eskuratzeko inolako saialdiri» adierazi zuen Askasibarrek.

Iaz Anoetan jokatutako partidan bengala eta suziriekin gertatutako istiluak ez berritzeko deia egin zuten: «Ekintza horiek kalte baino ez dio egiten ofizialtasunaren aldarrikapenari».

Euskal Herria «espainoltzeko» kirolak duen egiteko nabarmendu zuen ESAITeko kideak. Horren adibidetzat jarri zituen 2020an Eurokopan Espainiako Selekzioa San Mamesera ekarri nahi izatea, 2014ko aurrekontuetan ofizialtasunaren aipamenik ez egotea eta Espainiako atletismo eta patinaje selekzioak Euskal Herrian egiteko dagoen asmoa. Askasibarren hitzetan, «ezin dugu eskuz zabalik jaso Espainiako selekzioa, euskal herritar guztion selekzioa izango balitz bezala». Gainontzeko nazioek bezala, Euskal Herriak ere selekzio propioa izateko eskubidea duela aldarrikatu nahi izan zuten beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.