Frantziako Senatuak onartu du Espagnacen sindikatu mistoa

Inolako eztabaidarik eragin gabe pasa da deszentralizazio erreforman senatariak aurkeztu aldaketa

Espagnac senatari sozialista, euskal lurralde elkargoaz aritu zenean koordinazioak antolatu mintegian. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Frederique Espagnac senatariak Ipar Euskal Herriarentzako galdetu sindikatu mistoaren alde agertu da Frantziako Senatua. Atzo 17:10ean bozkatu zuten deszentralizazio erreformari senatari sozialistak aurkezturiko aldaketa.

Aurreko aldaketa proposamenek eztabaida sortu bazuten ere, honek ez zuen inolako ihardukipenik eragin. Espagnacen aurkezpenaren ondoren, inork ez zuen adierazpenik egin, ez eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak ere. Totelka aurkeztu zuen minutu labur batzuz bere proposamena. 1995az geroz Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen zituen Pays egitura Antolaketarako eta Kooperaziorako Polo bihurtzeko lehen pausoa ireki dute, beraz, senatariek. Ondoko urratsa Legebiltzarrean burutuko da, hor ere diputatuek aldaketa bozkatu beharko dutelako. Ondotik, bigarren irakurketa batean berriz bozkatu beharko dute parlamentariek.

Lasserrek ez du alde bozkatu

Jean-Jacques Lasserre senataria ez zen egon Senatuan, Espagnacen iniziatiba begi txarrez ikusten duelako. «Ez dut bat egiten, Espagnacen aldaketarekin ez doalako [lurralde elkargoaren aldeko] koordinazioak adostutakoaren zentzura; koordinazioak argiki zion lurralde elkargoaz aparte beste tresnarik ez zela aipatu behar», jakinarazi dio BERRIAri. Hain zuzen, eskatu duen egitura ez da lurralde elkargo bat. Sindikatu misto horrekin Ipar Euskal Herriak ez luke eskumen eta aurrekontu propiorik, ez eta herritarrek zuzenki izendaturiko biltzarrik ere. Egituraketa hori eskatzeko erabakia Espagnacek bere kabuz hartu izana ez du onartzen: «Koordinazio batean garenean, kolektiboa errespetatu behar da, eta hor ez du horrela jokatu».

Dena dela, lege proiektuari aldaketak proposatzearen aurka zen Lasserre: «Egin dugun lan guztia eta Lebranchuren promesa ikusiz, naturala eta normala izanen zen lege proiektuak lurralde elkargoari atea irekitzea. Ez da deus testuan, eta hori trufa da! Ezin digute erran ezin dutela testuan sartu eta aldaketa bidez behar dugula aiparazi; horrela, bere arduretarik ihes egiten du gobernuak». Lurralde elkargoaren alde dabilen koordinazioak gobernuaren partetik etorriko den erantzun politiko bat nahi du.

Espagnacen erabakiak harridura sortu zuen Ipar Euskal Herrian eragile eta herritarren artean, egituraketa eskaera hori oztopo handi bat delako lurralde elkargoa lortzeko bidean. Herenegun, Batera plataformak argi utzi zuen ez zuela Espagnacen ekinbidea sostengatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.