Ekainerako prestatuko dute kontraturako proposamena

Garapen Kontseiluak jakinarazi du prefetak «goi mailako» proposamena eginen diela hautetsiei aurki
Jean Baptiste Etxeto Kontseilu Nagusiko presidentea.
Jean Baptiste Etxeto Kontseilu Nagusiko presidentea. BOB EDME

Aitor Renteria -

2014ko maiatzak 23
Iraganaren azterketa eginez, estatuak etorkizunerako osatu behar duen esparru lausoan irakurri nahiz eta esku artean duten behin-behineko proposamena ehunduz, Estatua-Eskualdea 2014-2020rako Lurralde Kontratua egiteko proposamena aurki aurkeztuko duela erran du Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak, ekainerako. Xehetasun gutxi, ordea, Etxetoren eskutik, proposamena lantaldeetan eztabaidatzen ari baita oraindik. Ondotik, Hautetsien Kontseiluak eztabaidatu beharko du, hari dagokiolako proposamen politikoa egitea.

Garapen Kontseiluaren barruan osatu diren taldeetan, 30 bilkura baino gehiago egin dira. 735 parte hartzaile izan dira —pertsona gutxiago, bakoitzak lantalde baten baino gehiagotan parte har zezakeen— eta 140 elkarte edo gizarte eragile izan dira; horietako anitz, teknikariak. Ororen buru, 800 orrialdeko dokumentu bat osatuko dutela azaldu du.

Zalu doaz gogoetak, zalu proposamenak. Baina lausogune handiena gobernuaren proposamena bera da, eta azken finean, gobernuak eskainiko duen esparruak, finantzaketak, eskumen politikoak, baldintzatuko du lurralde kontratuaren esparrua eta mamia. Karia horretara, Etxetok jakinarazi du Pirinio Atlantikoetako prefeta Hautetsien Kontseiluaren bilkuran izan dela. Han, proposamen zehatzak egingo zizkiela azaldu zien, «goi mailakoak». Zehaztasun gehiagorik ez. Adierazpen horren garrantziaz galdeturik, Etxetok erran du erantzunik ez duela. «Teknikoki, sindikatu misto bat osatzea proposa dezakete, edota lurralde elkargo bat osatzea; teknikoki, gure lege adituek azpimarratu zuten bezala eta azken bi urteetako lanetan ageri den bezala, posible da». Traba bakarra borondate politikoa da, eta Manuel Valls izanik Frantziako gobernuburua, ez da hori gobernutik espero duten proposamena.

Etxetok berak gogoratu ditu Vallsek egindako adierazpenak: lurralde elkargoaren aldarria ETArekin lotu zuenekoa. Balantzaren bertze aldean kokatu zuen joan den udazkenean Jean Marc Ayrault Frantziako gobernuburu ohiak egindako adierazpenak. Orduan, Euskal Herriaren gobernantza gobernuaren mahai gainean zegoela plazaratu zuen Ayraultek, teknikari bat izendatuz, lotura zuzena egiteko.

Auzapezei

Vallsek orduan egindako promesa atxikiko duen da hautetsien buruetan dabilen galdera. Prefetak erran du auzapezei egingo diela proposamena, legez haiei dagokielako onartzea Lurralde Kontratua. «Eskaintza handiagoa izanik ere, auzapezek delibera dezakete eskaintzarik txikiena hartzea edota handiena, haien eskumena delako erabaki hori hartzea».

Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren arteko elkarlana estua dela bermatu du Etxetok. Hala ere, Garapen Kontseiluaren eginkizuna proposamenak egitea da bakarrik, gobernuarekin negoziatzea Hautetsien Kontseiluaren eskumena delako.

Garapen Kontseiluaren izaera bera, mahai gainean dago. Eragile gisa atxiki nahi dute, baina gaur egun 1901eko legearen babesean egituratzen den elkartea baino ez da Garapen Kontseilua. Elkarte zena erakunde bihur daiteke, baina gobernuaren proposamenak baldintzatuko du hori.

Oraingoz, gobernuak ez du ezarri plana mahai gainean eta Garapen Kontseiluak ez du oinarririk pentsatzeko egitura egonkorragoa bihurtuko ote duten.

Azken sei urteetako kontratuaren balorazioa egiteaz gain, heldu den kontratuari begira, funtzionatu ez duten elementuak nabarmendu ditu Garapen Kontseiluak. «Aurreko kontratuan gauzatzearen logikak hartu zuen gaina, lurraldearentzako funtsezkoak diren bertze elementu batzuk baztertuz, hala nola kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka bermatzea; kontratu berrian akats horiek zuzentzea da helburua».

Gatazka handiena eragin dezaketen gaiak aipatu gabe utzi dituzte oraindik. Aldiz, bertze gai batzuetan bideak azaltzera ausartu dira Garapen Kontseiluko kideak. Aipatu dituzten gaietan, gizarte eta ekonomia arloan aurreikusten dituzten aldaketak. Lau bide nagusitan egingo dituzte proposamenak, bertzeak bertze enpresa txikien baliabideak mutualizatzea eraginkorragoak izan daitezen; giza baliabideak kudeatzeko lanetan laguntza ematea enpresa txikiei; gazteen formakuntza sustatzea; eta enpresaren barruan enplegatzaileekiko mintzaidetza bermatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna