Futbola. Espainiako Kopako finala

Aguirre: «Txistuak baleude, finala ateak itxita jokatu beharko litzateke»

Madrilgo Erkidegoko presidentearen iritziz, finala bertan behera geratu beharko litzateke protestak egonez gero

Athleticeko eta Bartzelonako zaleak 2009ko Espainiako Kopako finalean, Mestallan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Kirol arloari buruz baino ez litzateke hitz egin behar Espainiako Kopako finala jokatzeko bi egun besterik gelditzen ez denean. Baina Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak sua piztu zuen atzo egin zituen adierazpenekin. «Ezin da onartu euskal zaleek eta zale kataluniarrek Espainiako Kopako finala ez errespetatzea. Txistu egiten badute, partida bertan behera geratu beharko litzateke eta ateak itxita jokatu». Aguirreren esanetan, Athleticeko eta Bartzelonako zaleek Espainiako erregearekiko edo txapelketa berarekiko «errespetu falta» azaldu dezakete txistu eginda. «Estatu bateko buruari, ereserki bati edo bandera bati halako irainak egitea delitua da. Nire iritziz, partida bertan behera utzi beharko litzateke, eta, gero, beste toki batean jokatu ateak itxita».

Aguirreren adierazpenen ondotik, berehala etorri ziren alde bateko eta bestekoen erreakzioak. Alderdi politiko gehienen iritziz, partida jokatu egin beharko litzateke. Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariaren arabera, kirola «gozatzeko» da, eta «ez beste gauza batzuetarako». Santamariak ez zuen Aguirreren proposamenaren inguruko iritzirik eman, baina zaleei gai horren inguruan «gogoeta egitera» dei egin zien. Bide beretik hitz egin zuen PSOEko Rafael Simancasek ere. «Kirol festa bat beste zerbait bihurtu nahi dutenen jarrera gaitzetsi egin behar da. Ez euskal herritarrek, ez kataluniarrek ez eta espainiarrek, ez dute horrelakorik merezi». Simancasek, halere, gehiegizkotzat jo zituen Aguirreren hitzak. Jorge Fernandez Diazek Espainiako Barne ministroak baztertu egin zuen partida bertan behera geratzea. Politika kirolarekin ez nahasteko eskatu, eta zaleei Madrilera lasai etortzeko deia egin zien. «Ez da ezer gertatuko».

Euskal Herriko alderdi politikoek ere hitz egin zuten Madrilgopresidenteak esandakoaren gainean. Amaiurreko Xabier Mikel Errekondok, adibidez, bere babesa agertu zien kirol selekzioen ofizialtasunaren aldekoei. «Berezko eskubidea da selekzioen ofizialtasuna, eta ondorioz, bidezkoa da hori agertu nahi izatea, probokazioetan erori gabe». Etziko partidara ikurrinekin eta senyera-rekin joateko deia egin zien Errekondok Athleticeko eta Bartzelonako zaleei. Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, «txistualdia handiagoa izatea eragin dezakete horrelako adierazpenek». Estebanen iritziz, bi taldeetako zaleek beti erakutsi izan dute «elkarrekiko errespetua». Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea ere ez zen bat etorri bere alderdikideak esandakoekin. «Niri ere ez zait gustatzen futbol zelaietan 'euskal herritarrak, hil zaitezte' esaten dutenean. Arrazoibide hori jarraituta, Bukaresteko finala bertan behera utzi beharko zen, Atletico Madrileko zaleek demokratikoa ez den sistema baten aldeko banderak eraman zituztelako».

Manifestazioa baimenduta

Madrilgo Auzitegi Gorenak ultraeskuindarren manifestazioa baimendu du azkenean. Banaketaren aurka, bandera bat lelopean, Falangeak eta Nudo Patriota Españolek deitutako manifestazioa Espainiako Kopako finalaren aurretik egingo da. Joan den astean maiatzaren 28ra atzeratzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuko Madrilgo delegazioak. Falangeak helegitea aurkeztu zuen orduan, eta Auzitegi Gorenak aintzat hartu du. Fernandez Diaz ez da bat etorri hartutako erabakiarekin.

Bestalde, Madrilgo Athleticen hiria, etzi goizean, 10:30ean zabalduko da. Talde zuri-gorriak bihar arratsaldean ireki nahi zuen, baina Madrilgo Udalak ez dio baimenik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.