Zazpi Iturri izan da final-laurdenetan sartu den azkeneko taldea

Iazko txapeldunak 3-0 irabazi dio Oiarperi; Aurrera Saiazek eta Errekak igandean jokatuko dute, Tolosan

Zazpi Iturri izan da final-laurdenetan sartu den azkeneko taldea.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
BERRIA Txapelketako final-laurdenetako koadroa osatu da dagoeneko. Zazpi Iturri Amezketako taldeak iragarpenak bete eta 3-0 irabazi zion Oiartzungo Oiarperen seikoteari, iragan igandean, Azkainen (Lapurdi). Horiek hala, Zazpi Iturrik Galdakaoko Adiskideren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Txapeldun izandako bi talderen arteko lehia izango da, baina, ez da harritzekoa, lau baitira noizbait BERRIA Txapelketa irabazi eta aurten final-laurdenetarako sailkatu diren taldeak. Beste bi, berriz, txapeldunorde izandakoak dira, eta Zaramaga eta Lemoa dira inoiz finalik jokatu ez baina lehen galbahea pasa dutenak.

Final-zortzirenak asteburu honetan hasiko dira, Erreka Doneztebeko taldeak eta Bidania-Goiazko Aurrera Saiazek igandean Tolosan jokatuko duten kanporaketarekin (17:00). Lehia estu eta ikusgarria espero da. Izenez Aurrera Saiaz faborito bada ere, Errekak aurre egin diezaioke, kadete eta nagusi mailan bereziki. Bidania-Goiazko taldeak enpresa profesionalen ingurumarietan dabiltzan pilotariak ditu, eta bikote bikainak ditu hiru mailetan. Errekak, halere, aurre egin diezaioke. Kadeteetan, Bakaikoa ondo dabil, eta nagusi mailan, Ansotegi eta Gorriti edozeini irabazteko gai dira.

Final-laurdenetako bigarren kanporaketa Zaramaga Gasteizkoak eta Markinak jokatuko dute, hilaren 26an, Zestoan. Oreka handiko kanporaketa izango da, ziur asko nagusietan erabakiko dena. Maila horretan eskarmentu handiko bikoteak dituzte bi taldeek, profesional ohiekin. Markina txapeldunorde izandakoa da; Zaramagak, berriz, ustekabekoa eman zuen Oberenaren aurka, eta orain Araba BERRIA txapelketako finalerdietan sartzeko aukera du.

Zazpi Iturriren eta Adiskideren artean erabakiko da finalerdietarako hirugarren txartela, ekainaren 1ean, Hernanin. Zazpi Iturri iazko txapelduna da faboritoa. Gazte eta nagusi mailan bikote handiak ditu, baina, argi, Adiskidek ere asko jokatzen du, eta, kanporaketa azken partidara bizirik iristen baldin bada, Adiskideko Elezkano I.ak eta Galarzak edozein bikote estu hartzeko ahala dute.

Lemoak eta Uhartek jokatuko dute azken final-laurdena, ekainaren 2an, Hernanin. Uhartek beti itxura ona eman izan du txapelketan, eta talde sendoak osatu izan ditu. Lemoak ere itxura ona eman zuen Hernaniren aurka, eta Uharteren aurkako lehen bi partidetan orekari eusten badio, partida interesgarria ikusi ahal izangoda nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.