Sinaiko penintsula, jihadistentzat

Koreako turistak hil zituen bonba, Egiptoko gobernu militarraren kontrako estrategia berri baten hasiera

Ansar Beit al-Maqdis talde jihadistak iragan igandean Taban zartarazitako turisten autobusa. ALMASRY ALYOUM / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Atzodanik, turistak ez dira ongi-etorriak Egipton. Hala adierazi du Ansar Beit al-Maqdis (Jerusalemgo Partisauak) talde islamistak. Koreako bisitariz beteriko autobus baten kontra iragan igandean atentatu suizida egin ondotik bota zuen mehatxua: «Turistei gomendatzen diegu otsailaren 20a baino lehen Egiptotik alde egin dezatela», dio erabat baieztatu ez den txio batek.

Egipton ez da beste ezertaz hitz egiten. Ansar Beit al-Maqdis politikari eta herritar gehienen ahotan dago. Talde islamista honen erasoak gero eta ohikoagoak bilakatu dira militarrek Mohamed Mursiren gobernuari estatu kolpea eman ziotenetik, eta astez aste, hilabetez hilabete, sofistikatuagoak dira.

Ansar Beit al-Maqdisen sinadura daramate, besteak beste, iazko irailean Mohamed Ibrahim Barne ministroaren kontrako atentatu saioak, Mansurako Segurtasun Zuzendaritzan eztanda egindako bonbak, eta Sinai penintsulan helikoptero militar bati jaurtitako misilak. Kasu guztietan, Ansar Beit al-Maqdisek bere gain hartu du erasoen ardura, eta «Egiptoko musulmanak mendekatzeko borroka bat» dela adierazi du.

Talde islamista hezurmamitu berriaren inguruan ezin da ezer ziurtzat jo, baina bistakoa da Sinai penintsulako hainbat gune bere egin dituela. Yousry Asabawy politologoren aburuz, Ansar Beit al-Maqdisek jihadismoaren oinarriak jarraitzen ditu, eta hori argudiatzeko, gogora ekarri du taldearen azken agiria: «Polizia eta armada lege islamikoaren kontra daude, eta liberalekin elkartu dira, Jainkoaren legea baztertu nahi duen gobernu sekular bat sortzeko. Baina ez dute haien helburua lortuko. Jainkoaren nahia gailenduko da».

Mugarria

Estatu kolpetik, Ansar Beit al-Maqdisek egindako eraso guztien helburu izan dira segurtasun indarrak eta gobernuaren egoitzak. Halere, Egipto eta Israelen arteko mugan egindako azken atentatuak jauzi kualitatiboa ekarri du. «Bi korear eta autobus gidaria hil ostean, zibilen aurka egiteko prest daudela erakutsi dute», uste du Asabawyk.

Tabakoa 2006. urtetik turisten kontra egindako lehen atentatua izan da, eta hala, beste jipoi bat eman dio Egiptoko sektore nagusiari. Izan ere, 2011ko iraultzatik, burua altxatu ezinik dabil turismoa. Datuek argi hitz egiten dute: 2013an, Egiptok 9,5 milioi bisitari jaso zituen, 2012an baino %17 gutxiago.

Orain arte, Sinai penintsulako Itsaso Gorriaren kosta toki segurutzat jo izan da, eta turismo erlijiosoak zein urpekaritzak kanpotar asko erakarri ditu. Egiptoko gainerako eskualdeekin alderatuz, Xarm el-Xeikh, Dahab eta Taba burbuila antzeko guneak izan dira.

Asabawyk uste du turista korearren kontrako atentatua Israelgo eta Egiptoko gobernuak beldurtzeko ahalegin bat izan dela: «Sinai penintsula talde islamistek hasitako matxinadaren epizentro bilakatu da, baina ezegonkortasun politikoaren ondorioak iparraldean nabaritu ohi dira gehiago; hau da, Gazako mugatik gertu. Tabakoa indar erakustaldi bat izan da».

Jatorri zehaztugabea

Zer da Ansar Beit al-Maqdis, ordea? Egiptoko agintariek eta analista politiko gehienek Anaia Musulmanei egotzi diete taldea sortzea, eta Al-Qaedarekin egindako aliantza baten ondoriotzat jotzen dute. Teoria horren defendatzailea da Sameh Eid ikerlaria, eta berriki «Anaia Musulmanen adar armatutzat» jo du Ansar Beit al-Maqdis. Eiden arabera, Khairat el-Xater kofradia islamistako lider politikoak sortu zuen talde armatua, Mohamad al-ZawahiriAl-Qaedako buruaren anaiarekin sinaturiko tratu baten ondorioz. Hala, estatu kolpearen kontrako mendeku gisa aldarrikatuko lituzkete erasoak. Hamas ere ekuazio berean sartu dute; izan ere, teoria horren arabera, Anaia Musulmanek Libiatik eta Gazako tuneletatik sartzen dituzte armak.

Testuinguru horretan ulertu beharko litzateke, Asabawyren ustez, gutxienez 13 biktima utzi zituen Mansurako bonbaren ostean Anaia Musulmanak talde terroristen zerrendan jarri izana. Kofradia islamistak erasoa gaitzetsi eta Ansar Beit al-Maqdisek erantzukizuna bere gain hartu arren, gobernuak Anaia Musulmanak jo zituen erruduntzat. «Egiptoko agintariek erakutsi nahi dute guztiak zaku berean daudela, baina erantzukizun osoa Anaia Musulmanei egotzi diete», azaldu du.

Edonola ere, Asabawyk irizten dio frogarik ez dagoela Ansar Beit al-Maqdis Al-Qaedarekin eta Hamasekin lotzeko eta, are gutxiago, Anaia Musulmanek sortua dela esateko. «Talde jihadistetan sartu diren takfiriek zera argudiatu ohi dute: Anaia Musulmanak bigunegiak direla, hain zuzen jihadismo armatua arbuiatzen dutelako».

Hamasek ere bere kontrako salaketak deitoratu ditu, eta Egiptoko Gobernuari esan dio haiena «Palestinarako askapen mugimendu bat» dela soilik. «Ansar Beit al-Maqdis ez da talde palestinar bat. Gerra hau ez da gurea; beraz, ez diezagutela Sinaiko ezegonkortasun politikoa guri egotzi», adierazi du berriki Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.