Intimitatea, bizitzaz hitz egiteko

Sentipenen arteko talka du ardatz Mari Luz Estebanen 'Amaren heriotzak libreago egin ninduen' poema bildumak

Mari Luz Esteban, atzo, Donostian, Amaren heriotzak libreago egin ninduen aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Intimitatean «edo intimotzat jotzen diren gaietan» arakatzea lehenetsi du Mari Luz Esteban EHUko Euskal Herriko Unibertsitateko antropologia irakasleak. Heriotzean, sexualitatean, adiskidetasunean, gurasotasunean, desiran, emakumezko izatean, seme-alabatasunean... Hauskortasuna eta zaurgarritasuna tresna oso eraginkorrak iruditzen zaizkio, norberaz bezala bizitzaz hitz egiteko, «orokorrean». Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela) da haren lehen poema liburua, eta horretan gai horiek guztiak bildu ditu. Intimoak diren edo intimotzat hartzen diren bi sentipenen —maitasuna eta askatasuna— arteko talkak ardaztu du, batez ere, 130 orrialdeetan kontatutakoa.

Crítica del pensamiento amoroso (Edicions Bellaterra, 2011) saiakera ontzen ari zenean —aurrez, 2004an, genero bera landu zuen Antropologia del cuerpo. Genero, itinerarios corporales, identidad y cambio-n (Edicions Bellaterra) —ikusi zuen egin zezakeela poesia liburu bat. «Nire hauskortasunarekin egin nuen topo orduan, eta erabaki nuen hor sakontzea. Akaso poesia idatz nezakeela pentsatzera eraman ninduen horrek».

Estebanek badauka eskarmentua antropologia lanak idazten, baina ez zuen ikerketa edo saiakera arrunt bat egin nahi. Gordetazeuzkan zenbait poema berreskuratu eta berridatzi zituen, eta horiei beste batzuk, berriagoak, gehitu zizkien. Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak eskertu dio egindako «ahalegin oparoa», pentsamendua poesiara eramateko orduan. «Ideologia feminista zentzurik zabalenean interpretatzen du, eta horren erreferente da. Sekulako ekarpenak egin ditu», nabarmendu zuen Irigaraik, atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean.

Ekarpen horiek poesiara irauli ditu oraingoan, eta minetik sortu du, editorearen ustez. «Baina mina ez da oinazea bakarrik. Nostalgia eta melankolia ere mina dira... Bide berriak edo interesgarrienak zabaltzen dizkiguten sorkuntzak minetik sortu dira». Tentsioz beteriko gunea da mina, Irigarairen iritziz. Eta tentsio hori nabaritzen da maitasunak eta askatasunak elkarrekin topo egiten dutenean. Egilearen ustez, badaukazu maite dituzunekiko harreman bat, baina zure bide propioa egiteko beharra ere sentitzen duzu. «Eta orduan sortzen da talka». Gatazka horri forma emateko «apaindurarik gabeko» estilo biluziaren aldeko hautua egin du.

Estiloan bakarrik ez, bestela ere biluztu da Esteban. «Biografia baten zenbait zertzelada eman ditut aukeratutako gaien bidez». Gertaera eta oroitzapen batzuk hautatu ditu, eta horiek azpiataletan ordenatu, kontakizunari osotasun bat eman ahal izateko. Poesia prosarekin zipriztindu du horretarako, edo alderantziz. «Niri testuak horrela ateratzen zaizkidalako osatu dut liburua modu horretara». Pentsatzen du haren narratiba dela nahiko poetikoa, eta, beste aldera, poesia nahikoa narratiboa idazten duela. «Gaur egun horrelako gauza asko egiten dira. Horrela atera zitzaidan, eta pentsatu nuen egokia zela». Irigarairentzat, gainera, «poesiaren lurraldekoak» dira egileak lantzen dituen gaiak. «Nahi gabe bezala eramaten zaituzte eremu horietara».

Izenburuak sintetizatzen du

Estebanen aburuz, izenburuak gordetzen du liburuaren filosofia, maitasunaren eta askatasunaren arteko talkarena. «Zuretzat oso inportantea den pertsona baten premia eduki dezakezu, baina pertsona hori desagertzen bada —hiltzen delako, adibidez—, senti dezakezu zure bidea egiteko nolabaiteko baimena daukazula». Sentimendu hori, beraz, «pozgarria» izan daiteke batetik, eta «mingarria» bestetik. Dena den, ez du ideia hori ama-alaba harremanera mugatu nahi. Hauskortasun hori munduaz gogoeta egiteko baliatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.