Ekainaren 8ko giza katerako deia babestu dute ELA, LAB, Esk, Eilas, Hiru eta EHNEk

123 enpresatako ordezkariek hartu dute konpromisoa erabakitze eskubidearen aldeko dinamika sustatzeko

123 enpresetan ELAk, LABek, Esk-k, Eilas-ek, Hiruk eta EHNEk dituen ordezkariak, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
ELA, LAB, Esk, Stee-Eilas, Hiru eta EHNE sindikatuek bat egin dute Gure Esku Dago herri ekinbidearekin. Egingo dituen ekitaldiak babesteko konpromisoa hartu dute, eta ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde egingo den giza katea bereziki sustatzeko erabakia plazaratu dute.

123 kilometro izango ditu ekainaren 8ko giza kateak. Durango eta Iruñea eskutik oratuta lotuko dituzte milaka herritarrek. Egitasmoa bultzatzeko konpromisoa adierazteko, 123 enpresatako ordezkari sindikalak bildu dituzte sei sindikatuek Bilboko Arriaga Plazan; giza kateak beteko duen kilometro bakoitzeko, enpresa bateko ordezkariak.

Gure Esku Dago ekinbidearen helburuak gogora ekarri, eta horiei babesa azaldu diete sindikatuetako kideek. Erabakitzeko eskubidea «eskubide demokratiko eta unibertsala» dela adierazi dute; nazioarteko legedian jasoa dagoela, eta beraz, erabakitzeko eskubidearen alde egitea «ekintza demokratikoa» dela.

Aniztasunaren balioa goratu dute. «Aniztasuna, askotarikotasuna eta parte hartzea» Gure Esku Dago-ren ezaugarri direla azaldu dute; «bere aterpean egiten ari dira tokian tokiko jarduerak».

Hain zuzen, «jarrera integratzailez eta errespetuz» lan egiteko «modu positiboa» baliatuta, «desberdinen arteko konplizitatea» lortu nahi dutela adierazi dute, eta horrek «ekintza komun eta eraginkorrak» gauzatzeko aukera ematen duela.

Horrela nahi ditu «herritarrak erakarri eta aktibatu» Gure Esku Dago-k, eta hala jarraitzeko deia egin dute sindikatuetako ordezkariek: «Uste osoa dugu erabakitzeko eskubideari dagokionez honelako dinamiken bidez egingo dugula aurrera». Izan ere, sinetsita daude «banakoak batu eta antolatuta», erabakitzeko eskubidearen aldeko «gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak lortzeko lana» garatuko dela. Areago, herri ekinbidearen oinarrizko printzipioak herritarren zati handi batek babesten dituela uste dutelako.

Euskal Herria nazioa dela, erabakitzeko eskubidea duela eta etorkizuna bertako herritarren esku dagoela dira egitasmoaren oinarrizko ideiak. Horrek «milaka ordezkari sindikalen eta langileren sentipena» islatzen duela diote sindikatuek, eta beraz, horien babes handia lortu daitekeela. Sei sindikatuen izenean, horren aldeko lana egiteko deia egin diete guztiei; bereziki, ekainaren 8ko ekitaldietan parte hartzeko deia.

Babesa eman duten ordezkarien artean ziren: Arcelor-ekoak, BBVAkoak, Araba, Bizkai zein Gipuzkoako foru aldundietakoak, CAFekoak, Bridgestonekoak, Deustuko Unibertsitatekoak, EITBkoak, Ertzaintzakoak, Euskaltelekoak, Gamesakoak, haurreskoletakoak, Iberdrolakoak, Mercedesekoak, Michelinekoak, Nafarroako gobernukoak, Osakidetzakoak eta Osasunbidekoak, Petronor-ekoak, Smurfit-ekoak, Tubacex-ekoak UPNA zein EHUkoak eta hainbat ikastetxe eta udaletakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.