Autoen salmenta Hegoaldean erdia baino gehiago jaitsi da 2007tik

Saltzaileen patronalak dio PIVE planak matrikulazioen jaitsiera apaldu duela, eta hori luzatzeko eskatu du

Maite Alustiza.
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Autoen salmenten jaitsierak ez du etenik. Aldapan behera doa, abiada azkarrean, gainera. Krisia hasi zenetik erdia baino gehiago jaitsi da matrikulatutako autoen kopurua: 2007an ia 74.000 auto berri matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian; aurten, berriz, 32.649. Iaztik %13,7 gutxitu da kopurua —37.820 auto saldu ziren—.

2012. urte osoa bezala, abendua ere ez da hilabete ona izan salmentetarako, Ganvam auto saltzaileen patronalak plazaratutako datuen arabera. 2.750 auto matrikulatu dira hilabete horretan Hegoaldean, iaz baino 918 gutxiago, eta 2009an baino 3.000 gutxiago. Lurraldeka, Bizkaian jaitsi dira gehien matrikulazioak: 2012an 12.350 auto saldu dira, 2011n baino ia 2.600 gutxiago. Nafarroan, 7.000 auto saltzera heldu dira (-%15,2); Araban, ia 4.900 (-%12,5), eta Gipuzkoan, 8.400 (-%7,2).

Salmenten jaitsiera hori are handiagoa litzateke, PIVE plana indarrean ez balego. Hala diote Ganvameko arduradunek; haien arabera, aurreikuspen guztiak apurtu ditu auto berriak erosteko planak: horretarako bideratutako laguntzen %80 emanak dituzte —75 milioi euro daude guztira—. Bereziki abenduan nabaritu dute planak izandako harrera, egunean 1.500 erreserba baino gehiago egin baitira. Berez diru laguntza martxora arte eska daiteke, baina badirudi epe hori bete aurretik amaituko direla: urtarrilaren erdialderako erreserba guztiak eginda egotea espero du IDAE Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuak. Horregatik, plana luzatzeko eskatu du saltzaileen patronalak.

«Plana martxan jartzearekin bultzada eman zaio kontsumoari; urtea hasi genuen baino itxaropentsuago amaitu dugu», azaldu du Juan Antonio Sanchezek, Ganvameko presidenteak. PIVE plana, ordea, berandu heldu da gainbehera zuzentzeko. Espainiako autogintzarentzat oso urte txarra izan da 2012a: ez dira 700.000 auto saltzera iritsi, Hego Euskal Herriko datuak barne. Salmenten inguruko datuak daudenetik, 1989tik, ez da halako datu eskasik izan. Orain arte zegoen daturik txikiena 1993koa zen —orduan 792.600 auto saldu ziren—. 2011n baino 108.462 auto gutxiago matrikulatu dira 2012an (-%13,4).

Markei dagokienez, Volkswagen marka saldu da gehien, urte osoko datuak aintzat hartuz gero: 62.490 auto. Ondoren, Peugeot marka izan da: 55.644 auto. 2012an gehien saldu den autoa Renault Megane izan arren, autogile frantziarrak lidergoa galduta jarraitzen du. %19,6 gutxitu dira haren salmentak abenduan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta —4.432 auto saldu ditu—. Abenduan, Peugeotek saldu du gehien Espainian (4.485). Hala ere, urtebetean %20 jaitsi dira haren salmentak —2011ko abenduan 5.512 auto matrikulatu zituen—. Bi autogile horien atzetik dira Seat (4.331), Ford (4.027), Volkswagen (3.906) eta Citroen (3.256).

Frantzian ere, behera

Frantzian ere azken hamabost urteko daturik txarrenak izan dituzte amaitu berri den urtean. CCFA Frantziako autogileen elkarteak jakinarazi duenez, 2012an ia 1,9 milioi auto matrikulatu dituzte, iaz baino %13,9 gutxiago. Renaultek izan du jaitsiera handienetarikoa, %22,1 gutxitu baititu salmentak. Gehien saldu diren autoak, ordea, harenak dira: Renault Clio (118.907 auto) eta Megane (118.149).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.