Fronte Nazionaleko bi kide historikok Sarkozyren alde egin dute Frantzian

Marine Le Pen FNko buruak gaur argituko du zein izango den eskuin muturreko alderdiaren jarrera igandean

Jon Fernandez -

2012ko maiatzak 1
Egun bat aurreratu dira Bruno Gollnich eta Carl Lang. FN Fronte Nazionaleko presidente Marine Le Penek gaur argituko du Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako zer jarrera eskatuko dien joan den apirilaren 22an botoa eman zioten ia 6,5 milioi herritarrei. Joana Arc-ekoaren omenez FNk urtero maiatzaren 1ean Parisen egiten duen ospakizuna baliatuko du Le Penek horretarako. Baina Gollnichek eta Langek lehenago egin dute publiko nori emango dioten botoa datorren domekan: Nicolas Sarkozy presidente eta hautagai kontserbadoreari.

UMPko presidentegaia babestea «aukera txarren artean txarrena ez dena babestea da» ,Collnichen arabera. Lyon eskualdeko FNko burua da Collnich, hainbat urtez Jean Marie Le Penen konfiantzazko gizona izandakoa. Hala ere, botoaren truke, baldintza bat jarri dio Sarkozyri, datorren ekaineko parlamenturako hauteskundeetan hautagai ultraeskuindarren kontra ez egitea.

Langen esanetan, bestalde, François Hollande presidentegai sozialistak irabaztea izango litzateke «kaltegarriena» Frantziarentzat. «Ezker sozio-komunista geldiaraztea» eskatu die FNko boto emaileei. Gogor hitz egin du Hollanderen programako zenbait punturen kontra, atzerritarren boto eskubidearen eta ezkontza homosexualak legeztatzearen kontra, besteak beste. FNko idazkari nagusia izan zen Lang 1999tik 2005era bitartean.

Hirugarren postua lortuta, indartuta atera zen FN Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzulitik, botoen %17,9 eskuratuz. Eskuin muturreko hautesleriaren jarrera, hortaz, garrantzitsua izango da datorren domekan. Sarkozy horren jakitun da, eta lehen itzuliaz geroztik ultraeskuinaren diskurtsoa bereganatzen saiatu da, FNko jarraitzaileak bereganatzeko asmoz. Baina ultraeskuindarrek ez diotela sinesgarritasun handirik eman presidentegai kontserbadorearen diskurtso aldaketari: bere aldeko botoa emateko asmoa duten FNko jarraitzaileen kopurua %60tik %54ra jatsi da —%14ak emango dio botoa Hollanderi—, Ipsos institutuaren azken inkesten arabera.

Ildo berean, Le Penek ere gogor kritikatu du Sarkozy. Hautesleriarenganako errespetu falta leporatu dio: «Ezin dira boto emaileak umeak bezala tratatu». Gainera, Hollande eta Sarkozy «siamdar politikoak» direla nabarmendu du buruzagi ultraeskuindarrak. «Europako Batasunaren begien bitartez begiratzen diote biek errealitateari; hortaz, esan beharra dago ez direla Errepublikarako presidentetzarako hautagaiak, Troikaren diktadurapeko lurralde handi bat kudeatzeko hautagaiak baizik». Frantziako eskuineko korronteen indar neurketa eta gidaritzarako lehia ikusten dute analista politiko askok Le Penen jarreran.

Sei puntuko tartea

Bien bitartean, Sarkozyri puntu bateko gorakada aurreikusi dio Le Monde egunkariak atzo argitaratutako Ipsosen inkestak: botoen %53 jasoko lituzke Hollandek eta %47 Sarkozyk. Hautagai sozialista da faborito nagusia inkesta guztietan, baina egungo presidenteak bien arteko tartea bi puntu murrizteak garaipena estua izango dela erakusten du.

François Bayrou zentristaren jarraitzaileen babesari esker egin du gora Sarkozyk inkestetan, Ipsosen arabera. Mugimendu Demokratikoa alderdi zentristako boto emaileen %40ak hautagai kontserbadorearen aldeko botoa emateko asmoa du —%32 ziren duela hamar egun—. Zentristen babes horrek, hain zuzen, asko baldintzatzen du Sarkozyren diskurtsoa: aldi berean ultraeskuindarrak eta zentristak bereganatu nahian dabil hautagai kontserbadorea, eta alde batera zein bestera mugitzeko duen tartea estua da. Opinion Way institutuaren azken inkestaren arabera, esaterako, Sarkozyk eskuin muturrerantz hartu duen bidearen alde dago FNko jarraitzaileen %64 eta kontra Bayrouren jarraitzaileen %60.

Egungo presidentearen gorakadaren beste arrazoietako bat Jean-Luc Melenchonen Ezkerreko Fronteko jarraitzaileek Hollanderi babesa gutxitzea da: %80ak egingo du sozialistaren alde igandean —apirilaren 22an %86ak zuen Hollanden alde bozkatzeko asmoa—. Sei puntuko aldea dago bi hautagaien artean, eta Sarkozyk ez du galdutzat ematen borroka. Bihar telebistan egingo duten eztabaidak gehiago estutu edo zabal dezake tartea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna