Ibilbide turistikoetan sartu nahi dituzte Gipuzkoako itsasargiak

EHUk eta Pasaiako Portuak itsasargien ondarea berreskuratzeko lau urteko hitzarmena sinatu dute

Ibilbide turistikoetan sartu nahi dituzte Gipuzkoako itsasargiak.
Nagore Rodriguez.
Pasaia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Itsasoari begira, lurraren eta itsasoaren mugan daude Gipuzkoako zazpi itsasargiak. Itsasoaren bizitzaren lekuko mutu eta misteriotsuak izan dira urteetan; eta orain, haien pareten artean gordetako sekretuak partekatu nahi dituzte bisitariekin. Horretan lanean ari dira iaztik Pasaiako Portua eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Gipuzkoako itsasargiak bisitatzeko moduan jartzeko eta turismo eta kultur ibilbide garrantzitsuenetan sartzeko helburuarekin, lau urteko plan bat sinatu dute bi erakundeek. Unibertsitateari dagokionez, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Ondare Eraikiaren Zaharberritzea eta Kudeaketa Integrala masterrean eta Arkitektura, Hirigintza eta Ondarea doktoretza programan ari dira lanean itsasargien ondarea leheneratzeko. Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia ari da lanak zuzentzen.

Lankidetza horri esker, Itziar Navarro ikaslea ari da Gipuzkoako itsasargiak ikertzen; hain zuzen ere, industri ondarea du ikergai, itsasargien arloan; izan ere, itsasargiak bizitzeko egokiak diren industri makinak dira. «Faroei buruzko informazioa bilatzen ari naiz; era berean, haien kokapena ikertzen, eta baita ere zergatik diren zazpi Gipuzkoan dauden itsasargiak», azaldu du Navarrok.

Lau urte hauetan 40 eta 50 ekintza inguru egingo dituzte. Jadanik planaren lehen fasea bukatuta dago. Besteak beste, orain arte, Madrildik Gipuzkoako itsasargiei buruzko agiri guztien kopia ekarri dute. Bestalde, herritarrei itsasargien berri emateko asmoz, erakusketa bat zabalduko dute hilaren 28an Pasaiako Ondartxo museoan.

Atzo aurkeztu zituzten egitasmoaren nondik norakoak, Pasaiako portuan. Lucio Hernando Portu Agintaritzako presidenteak esan zuenez, «orain arte, herritarrentzat ezezagunak ziren itsasargiak, eta horregatik nahi dugu ondare hori berreskuratu. Itsasargietara gerturatzeko ibilbideak egin behar ditugu, nahi duenarentzat. Eta, besterik ez bada, multimedia erreminten bitartez ezagutzeko».

Euskal Herriko Unibertsitateko Santiago Sanchez Beitia irakasleak azaldu zuenez, bi ardatz ditu ikerketak. «Batetik, itsasargiak industria ondarea dira, eta, bestetik, alde turistikoa ere badute». Masterraren hirugarren ekitaldia dute aurtengoa unibertsitatean, eta jadanik 120 ikasle inguru igaro dira aurtengo ikasturtea kontuan hartuta. «Aurreko bi ekitaldietan ere itsasargiei buruzko lanak egin dira». Masterrean itsasargiak ezagutarazi nahi dituzte, baina ikerketa eta alde kulturala ere interesekoak direla azaldu zuen irakasleak. Hitzarmenaren bigarren atalean, itsasargiei «beharrezkoa duten balioa» eman nahi diete.

Lau itsasargi, bizitoki

1855ean hasi ziren itsasargiak eraikitzen, 1909ra arte, Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehen industrializazioaren garaian; eta gaur egun oraindik betiko lanean jarraitzen dute, arrantzale eta merkantziako itsasontziei argi egiten.

Itsasargi gehienak, eraikuntza aldetik, oso antzekoak dira. Denak neoklasikoak. «Platakoa bereziagoa da, gaztelu itxura baitu, baina gainontzean, eraikuntza aldetik, nahiko antzekoak dira: dorrea dute, eta eraikin bat itsatsita», zehaztu du Navarrok.

Egiturari dagokionez ere, elementu berdinak dituzte: dorrea eta linterna; farozainaren etxebizitza; biltegia, eta ingeniarien bulegoa. Gaur egun, horietako lautan bizi dira oraindik farozainak: Hondarribiko Higerren, Pasaiako Platakoan, Donostiako Igeldon eta Zumaiakoan.

Getariakoan, Donostiako uhartekoan eta Pasaiako Senokozulon ez da inor bizi. Eta, hain zuzen ere, ziurrena, hiru horietakoren batean hasiko dituzte berritze eta egokitze lanak, gero jendeak bisita ditzan. Litekeena da bisitatzeko moduan jartzen lehena Getariakoa izatea. «Ez da erraza itsasargietara iristea, oso leku garaietan baitaude, eta, horregatik, oso ondo aztertu behar dira hara iristeko bideak nola dauden, eta baita barrutik zein egoeratan dauden ere», dio Navarrok. Hemendik urtebetera lehen txangoa egiteko prest egotea espero dute bi erakundeek. Herritarrak itsasargietara hurbildu eta haien barneko sekretuak ezagut ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.