Arkitekturak eta espazioak heziketan duten garrantzia eztabaidagai

Umeek autonomiaren garapena sustatzeko egitasmoak aztertu dituzte Hik Hasi-ren bi jardunalditan

Jon Rejado.
Durango
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Zer eragin du espazioak umeen autonomiaren garapenean? Zer ekarpen egin dezake arkitekturak 0-3 urte bitarteko umeen heziketan? Hik Hasi-k gai horiei heldu die bi jardunaldiren bitartez, Durangon (Bizkaia) eta Donostian. Bertan, eta aditu zein Euskal Herrian dauden egitasmoen bitartez, nabarmendu dute umeek espazioak bizitzeko duten modua eta umeengan pentsatutako espazioak egitearen garrantzia.

«Ez diezaiogun umeari mundua zabaldu; hark zabaldu dezala», azaldu zuen Rosa Vidiella i Badell pedagogoak Pikler Hengtenberg elkarteko kidea da Vidiella i Badell. Ildo horretan, azaldu zuen batzuetan helduek umeekin duten jarrera ez dela guztiz egokia. «Haurtxoek azalpenak ematen dituzte, baina askotan ez dakigu nola azaltzen diren».

Lurrean etzanda egonda, pilota bat hartzera heltzen ez den ume txiki bat jarri zuen adibidetzat. Helduaren presentzia hutsak nahikoa babes ematen dio umeari pilota lortzen saiatzeko eta prozesu horretan ikasteko. Ordea, helduak pilota segituan ematen badio, ez da prozesu hori gertatzen. «Umeek euren bizitzen protagonistak izan behar dute».

Espazioa, beste hezitzaile bat

Euskal Herrian dauden zenbait egitasmo aurkeztu zituzten Hik Hasi-ren jardunaldietan, Baztan Haur Eskola kasu. Egitasmo horretan, instituzio publikoek, hezitzaile taldeak eta arkitektoek elkarlanean jardun zuten 0-3 urte arteko haurrentzako leku aproposa prestatzeko. «Arkitektoak azaldu zigun ez zuela pentsatzen horrenbeste ikasiko zuenik haur eskola bat egiten». Leihoak umeen altueran jartzearen garrantzia nabarmendu zuten, eta gelak antolatzeko eta edukiak jartzeko modua. «Espazioa beste hezitzaile bat da».

Ura, area, harriak, enborrak, landareak... Oiartzungo Haur Eskolak ere bere eraikin berria aurkeztu zuen. Bertan, haurrek elementuekin elkar eragiteko aukera dute, horren bidez autonomia irabazi eta garapenean aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.