Oso urruti berriz ere

Imanol Rojo tolosarra 60. postuan sailkatu da iraupen eskiko esprintean, Sotxiko Olinpiar Jokoetan

Julen Etxeberria.
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Lau probetakoren batean lehen 30en artean sailkatzea». Erronka hori jarri dio bere buruari Imanol Rojok Sotxin (Errusia). Orain arte ikusitakoaren arabera, kostako zaio helburua betetzea. Izan ere, bi probatan lehiatu da jada iraupen eskiatzaile tolosarra, eta bietan langa horretatik oso urrun geratu da. Joan zen igandean 50. postuan sailkatu zen eskiatloian. Atzo, berriz, 60. postuan sailkatu zen esprintean, sailkapena gainditu ezinik.

Atzo helburua lortu izan balu, gutxienez final-laurdenetan ariko zen. Baina urrun izan zuen langa hori, hamar segundo pasatxora. Askoz urrunago izan zuen lehen sailkatua sailkapenean, hogei segundo pasatxora. 59 eskiatzaile izan zituen aurretik, eta 26 atzetik. Podiumari dagokionez, Ola Vigen Hatteshad norvegiarra igo zen koska gorenera, Teodor Peterson eta Emil Joensson suediarren aurretik.

Rojok beste bi aukera ditu helburua lortzeko. Etzi, hamabost kilometrokoan ariko da (11:00), eta hilaren 23an, 50 kilometrokoan (08:00). Izatekotan, proba luzeenean du aukera gehien helburua lortzeko. «Dagoen bezala egonda, lan ona egingo duela iruditzen zait», esan du Ioseba Rojok, haren anai eta Sotxin aritzeko lehiakideak.

Imanol Rojo berriro lehiatuko den egun berean ariko da ere bigarrenez Sotxin Paul de la Cuesta eskiatzaile donostiarra, oraingoan superkonbinatuan, jaitsiera eta eslaloma nahasten dituen proban (08:00). De la Cuestak lehen hamabosten artean egon nahi du jokoetan ariko den lau probetakoren batean. Lehen aukeran jada kale egin du, 28. postuan sailkatu baitzen joan zen igandean jaitsieran. Superkonbinatuan, eslalom supererraldoian eta eslalom erraldoian ariko da oraindik.

Lucas Egibar snowboarder donostiarra da Sotxin parte hartuko duen hirugarren euskal kirolaria. Egibar proba bakarrean ariko da, snowboardercross-ean, datorren astelehenean (08:00). Egibarrek itxaropena du aurrekoekin ibiltzeko.

Shaun White, podiumetik at

Eguneko beste probetan, Shaun Whitek behar zuen izar. Snowboarder estatubatuarrak hirugarrenez jarraian irabazi nahi zuen urrezko domina halfpipe proban. Sailkapenean ikusgarri aritu zen: inork baino puntu gehiago lortu zituen, eta zuzenean sailkatu zen finalerako. Zuzen-zuzenean zihoan urrearen bila, baina finalean ohi baino eskasago aritu zen, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, dominarik gabe —Iuri Podladtxikov suitzarrarentzat izan zen urrea—. Beraz, lehen aldiz dominarik gabe itzuliko da White etxera olinpiar joko batetik. Izan ere, slopestyle proban ere aritzekoa zen joan zen astean, baina lehiatzeari uko egin zion, entrenatzen ari zela min hartu zuelako.

Whiteren hutsak itzalean utzi zuen Sang Hwa Leeren balentria. Patinatzaile hego korearrak bigarrenez jarraian irabazi zuen urrea abiadura patinajeko 500 metrokoan. Dara Howell kanadarrak ere historia egin zuen, slopestyleko lehen txapelduna izanda. Eguneko beste txapeldunak hauek izan ziren: Daria Domratxeva bielorrusiarra, biatloiko jazarpenean; Maiken Caspersen Falla norvegiarra, iraupen eskiko esprintean; eta Natalie Geisenberger alemaniarra, lugean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.