Buruz buruko finala Bilbon jokatuko da eta iaz baino sarrera merkeagoekin

Hilaren 23an izango da, ez Olaizola II.ak ezta Irujok ere ez dutelako atzeratu; kantxako sarrerak, 130 euroan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketako finala hilaren 23an jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ez Juan Martinez de Irujok, ezta Aimar Olaizolak ere ez dute atzerapenik eskatu, eta, beraz, aurrez zehazturiko egunean jokatuko da. Sarreren prezioa ere ezaguna da, eta kantxakoek 130 euro balioko dute, iaz baino hogei euro merkeago. Enpresek gaur goizean jarriko dituzte salgai (10:00etan) ticketea.com eta ticketmaster.com atarien bitartez.

EPELeko enpresek Bilbo aukeratu dute buruz buruko finalerako, azken bi urteetan bezala. Lau t'erdiko finalerako Gasteiz hautatu ondoren, Ogetan joka zitekeela zabaldu zen, baina Bizkaia pilotalekuko 3.000 eserlekuak Gasteizko Udalak eman dezakeen laguntza baino erakargarriagoak dira. Irujo eta Olaizola II.aren arteko buruz buruko bosgarren finala izango da —bina irabazi dituzte— baina oraindik amu goxoa da.

Sarreren prezioan, halere, jaitsiera egon da. Buruz buruko azken zazpi finaletatik seitan kantxek 150 euro balio izan dute, 2010eko salbuespenarekin, hilabetez atzeratu eta Xalak irabazi zuena (100 euro). Bada, aurten merkatu egin dituzte, 130 euroraino. Beste harmailetakoak ere merkeagoak dira: kantxako errebotekoak 80 euro, alboko bigarren solairua 70 euro, alboko hirugarren solairua eta erreboteko bigarrenekoak 50 euro, eta erreboteko hirugarren harmailakoak 40.

EPELek beste bi data ere zehaztu ditu. Bigarren Mailako finala, Elezkano II.a eta Untoriaren artean, larunbatean jokatuko da, Iruñean; eta Lehen Mailako txapelketako 3. eta 4. postuak zehazteko partida, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxearen artean, igandean, Zarautzen.

Markina, BERRIAko finalera

Markinak 63-41 irabazi zion herenegun Aurrera Saiazi BERRIA Txapelketako lehen finalerdian, eta finala jokatuko du hilaren 23an. Bizkaiko taldeak kadete (22-4) eta gazte mailako (22-15) partidak irabazi zituen, eta Aurrera Saiazek, nagusienean (22-19). Lehen partidan, Aurrera Saiazek atzelariak min hartu zuen 7-4koan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.