Eutanasiaren auzia Veneziara eraman du Marco Bellochio zinemagileak

AEBetako nerabe batzuen oporretako abenturak kontatu ditu Harmony Korinek 'Spring Breakers'-en

Agentziak
Venezia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Sentipen katoliko sakona daukan herrialde batean, Italian, laikoen ahotsa da Marco Bellochio zinemagilea. Eta bi sentipenak kontrajar ditzakeen auziaz, eutanasiaren erabileraz, mintzo da Bella addormentata filmean. Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen, atzo, Sail Ofizialaren barruan, eta harrera ona egin zitzaion. Spring Breakers ere atzo eman zuten, eta Urrezko Lehoia irabazteko lehiatuko da. Harmony Korine zuzendariaren lanak AEBetako nerabe batzuen oporretako abenturak kontatu ditu, protagonisten roletarako Selena Gomez eta Vanessa Hudgens Disney zinema ekoiztetxeko izarrak izandakoak hartuta.

Benetako kasu batean, 2009an hildako Eluana Englaroren heriotzean, oinarritu da Bellochio filma osatzeko. Gurutzatutako istorioen bidez, eutanasiaren auziaplazaratu nahi izan du zinemagileak. Eta kritikariak konbentzitu ditu, bai proposamenaren sendotasunagatik eta bai planteamenduaren pluraltasunagatik. «Ez dago kutsu ideologikoko hausnarketarik. Film zuzena eta sinplea egin nahi izan dut», esan zuen atzo prentsaurrekoan. Isabelle Huppert, Toni Servillo eta Maya Sansa dira, besteak beste, pelikulako aktore nagusiak. Horien bidez eutanasiarekiko bere posizioa azaldu du Bellochiok, pertsonaia guztiak «mespretxurik gabe eta errespetuz» tratatuz.

Itxuraz gai arinagoak eraman ditu Veneziara Korinek. Baina haren filmak eskandalua, behintzat, sortu du. Zuzendariaren esanetan, «sentipenez gaindi» egiten duen pelikula da. «Bere narratiba likidoarekin aurrean eramango zaitu. Pop poema bat da». Kritikari baten arabera, berriz, «sexua, drogak eta hip hopa» da, beste ezer baino gehiago. Filmeko protagonistek gasolindegietan lapurtuko dute, eta gangsterrekin flirtean ibiliko dira, besteak beste.

Lehiaketatik kanpo, berriz, Manoel de Oliveiraren Gebo et l'ombre eta Ermanno Olmik Peter Brooki buruz egindako dokumentala, The Tightrope, eman zituzten. Claudia Cardinale eta Jeanne Moreau dira De Oliveiraren filmeko aktore nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.