Asteburuko proposamenak

Mozorro garaia luzatzen

Baiona. Asteburu honetan ospatuko dituzte inauteriak; ostiralean, gaztetxoen eguna izango da

Iazko inauterietako desfilean talde bat txinatarrez mozorrotuta, Baionako kaleetan. BOB EDME.
Nagore Rodriguez.
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Uraren arloko lankidetza urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak 2013. urtea. Aitzakia hori baliatuta, uraren inguruan ospatuko dituzte inauteriak asteburu honetan Baionan. Herri eta hiri gehienetan otsailean ospatu baziren ere, Baionak inauteriak atzeratu eta martxo hasieran ospatuko ditu.

Ostiral eta larunbatean egingo dira ekitaldiak. Lehen egunean, hiriko gazteen eguna izango da. Eta larunbata, berriz, hiritar guztiena.

Lauga gelan elkartuko dira 1.000 gazte pasa ostiral goizean eta arratsaldean. Ama eskolakoen txanda izango da goizean, 300 haur baino gehiago bilduko dira euren mozorroekin 09:30etik 11:30 bitartean. Euren emanaldiez gain, La Magie de l'eau ikuskizuna ere izango dute.

Arratsaldean, helduagoak elkartuko dira, lehen mailako 850 gaztetxo inguru. Baionako kaleetan desfilea egingo dute, eta ondoren Zumba dantzatukodute. Haiek ere La Magie de l'eau ikuskizunaz gozatu ahal izango dute.

Inauteria kalera larunbatean aterako da, batez ere. Arrain, sirena, marmoka, kortsario eta beste ikusi ahal izango dira Baionako kaleetan. Desfile nagusia 16:30ean hasiko da, eta 18:30 arte iraungo du; ondoren, Zanpantzarren epaiketa egingo dute. La Magie de l'eau ikuskizunarekin eta Zumba eta Bokwa dantzaldiekin bukatuko dituzte inauteriak. Desfile nagusiaren aurretik, goizean, izango da ekitaldirik, mutxikoak dantzatuko dituzte 12:00etan, eta abesbatzak ere izango dira.

Miarritzen ere mozorrotuta

Baionan bezala, Miarritzen ere atzeratu egin dituzte inauteriak eta larunbat honetan ospatuko dituzte. Herriko hainbat elkartek batera prestatu dute egitaraua. Mazon parkearen inguruan egingo dira ekitaldi gehienak, eta desfilea ere egingo dute herriko kaleetan, 14:00etan hasita. Ordubete geroago, Korrikaren aldeko Zumba flashmob-a egingo dute Clemenceau plazan, eta 16:00etarako berriz itzuliko dira Mazon plazara. Xiba, puzgarriak, musika, taberna, taloak eta beste izango dira.

Eguna kontzertuekin bukatuko dute. Mizanbu gaztetxean, Rock all for Fuck, The Lookers eta Enbata taldeak ariko dira. Sarrera doakoa da.

INAUTERIAK

Non. Baionan eta Miarritzen (Lapurdi).

Noiz. Baionan, ostiral eta larunbatean, Miarritzen larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.