Poltsak merkeago betetzeko garaia

Biharko egunez hasi ohi da merkealdia Hegoaldean, baina, liberalizazioaz baliatuta, hainbat saltokik jada egin dituzte eskaintzakHerritar bakoitzak batez beste 82,5 euro gastatuko dituela kalkulatu dute

Maite Alustiza.
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Poltsikoak hutsago daudenean heldu da aurten ere merkealdiaren txanda, Gabonen ondotik. Erosketen poltsa euro gutxiagoren truke betetzeko aukera izan ohi da, Olentzerok eta Errege Magoek desiratutakoa ekartzerik izan ez badute. Aurten, ordea, hiru erregeak iritsi aurretik dagoeneko hainbat saltokik iragarri dute merkealdian daudela. Bihar, urtarrilaren 7a, jada ez da dendentzat beherapenekin hasteko nahitaezko eguna izango. Espainiako Gobernuak onartutako liberalizazioaren bitartez, saltokiek edonoiz has dezakete orain beheraldi garaia.

Merkealdi merkeagoa izango da urte hasierakoa. Hego Euskal Herrian, batez beste 82,5 euro gastatuko ditu herritar bakoitzak, iaz baino zortzi euro gutxiago eta 2007han baino 57 gutxiago, Espainiako FUCI erabiltzaile-kontsumitzaile independenteen federazioak plazaratutako datuen arabera.

Merkealdien liberalizazioak zalaparta piztu du Hegoaldeko kontsumitzaile eta merkatarien artean. EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak erabakia kritikatu du, eta uste du «gizartearen gehiengoaren kalterako» dela: «Saltoki txikientzat kalte, eta marka handientzat mesede». EKAren arabera, garrantzitsua da beherapenak egiteko neguko eta udako garaiak finko mantentzea. «Saltokiek aurreko garaietako produktuak atera ditzakete, biltegiak arintzen dituzte, eta, aldi berean, erosleek behar dituzten gauzak prezio eskuragarrietan lortzen dituzte». EKArekin bat dator Euskomer Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatarien konfederazioa. Merkealdi garaiak kentzeak «ondorio oso larriak» izango lituzkeela ohartarazi zuen Espainiaren nahien berri jakin ondoren.

Nafarroako Irache kontsumitzaile elkarteak, aldiz, neurria babestu du. Gogorarazi du lau nafarretik hiruk beherapenak baliatzen dituztela erosketak egiteko, eta Errege Egunaren aurretik merkeago erosi ahal izatea positiboa dela. Hala ere, aurten sortu den «nahasmena» ez errepikatzeko legedi bateratu bat eskatu du: «Batzuek merkealdia aurreratu dute, baina beste batzuek uste zuten ezin zutela hori egin».

Nafarroako Saltokien Federazioak salatu du dendarien artean merkealdia bihar hastea adostu arren La Morea merkataritza gunean hilaren 2tik ari direla beherapenak eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.