Bidasoak eta Anaitasunak alde handiz galdu dituzte euren partidak

Gipuzkoarrek ezin izan dute Granollersekin, (18-27); nafarrak, berriz, ez dira fin ibili Logroñon (26-19)

Donostia
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Asobal ligako hamalaugarren jardunaldiak ez zuen emaitza onik utzi euskal taldeentzat. Bidasoak atzo ezin izan zuen sasoiko bigarren garaipena eskuratu, etxean, Granollersen aurka, eta 18-27 galdu zuen. Irungo taldeaksailkapeneko azken postutik irten ezinik jarraitzen dute. Anaitasunak, berriz, Naturhouse La Riojaren etxean galdu zuen (26-19). Gaizki jokatu zuen aurkari zuzen baten aurka.

Lehia parekatuta hasi zen arren, Bidasoak pott egin zuen atsedenaldira iritsi aurretik. Lehen ordu erdia amaitzeko bost minutu geratzen zirela, Granollersek 1-7ko partziala egin zuen. Ondorioz, 9-14ko emaitzarekin amaitu zen lehen zatia. Partida bigarren zatiko hamabosgarren minutuan hautsi zen. Kataluniarrak 14-23 jarri ziren aurretik, eta lehia kontrolpean eduki zuten une oro. Azken txanpan bi taldeen artean dagoen aldea agerian geratu zen.

«Ondo hasi garen arren, azkenean guztiz hustu gara; ez dugu indar nahikorik eduki», adierazi zuen partida amaieran Fernando Bolea Bidasoako entrenatzaileak. Hala ere, baikor agertu zen hurrengo jardunaldiei begira: «Beheko postuetan jarraitzen dugu, baina gainontzekoekiko aldea ez da hain handia. Hobetzen ari gara».

Erasoan, kamuts

Anaitasunak gogotik sufritu zuen atzo Naturhouse La Riojaren aurka. Taldearen benetako maila neurtzeko parada aproposa zuten nafarrek, Europan sartzea helburu duen aurkari baten kontra. Logroñoko taldea, baina, gehiago izan zen.

Erasoko jokaldietan arazo handiak izan zituen Anaitasunak. Hasierako minutuetan bi taldeak pare-parean ibili ziren arren, lehen zatiaren hondarrean Naturhousek lau golen errenta ezarri zuen (14-10). Bigarren zatian erdi lo irten ziren Aitor Etxabururen jokalariak, eta esnatu zirenerako, 18-10 ziren atzetik. Azken minutuetan taldearen jokoak hobera egin bazuen ere, Anaitasunak ez zuen emaitza iraultzeko aukerarik eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.