Gerizpean

Errugbia, ikastolen alde

Bizkaia Gernikak eta Ampo Ordiziak 2013ko Nafarroa Oinez jaiaren aldeko partida jokatuko dute Tuteran, hilaren 31n

Errugbiari lotutako hainbat ekitaldi ikusteko aukera izango da Tuteran, abuztuaren 31n. GIPUZKOAKO HITZA.
jon eskudero
Donostia
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bi hilabete eskas falta dira oraindik ere 2013ko Nafarroa Oinez jairako, baina Tuteran (Nafarroa) hasi dira dagoeneko motorrak berotzen. Ekainaren 22an, esate batera, hainbat kontzertu antolatu zituzten herriko plazan: Fermin Muguruza, Zuloak eta Las Culebras taldeek euren onena eman zuten. Hilaren 31rako, berriz, errugbi eguna antolatu dute. Goizean goizetik hasita, errugbi zaleek gustatzen zaien kirola praktikatzeko eta ikusteko aukera izango dute herriko Nelson Mandela estadioan. Sarreren bidez bildutako dirua Argia ikastolari laguntzeko baliatuko dute.

Hain zuzen ere, eguerdiko hamabietan ekingo zaio errugbi festari. Lehenbizi, beteranoen partida jokatuko da: Gigantes Navarra eta La Unica taldeak ariko dira nor baino nor gehiago. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, emakumezkoek hartuko dute erreleboa, eta Euskarians Iparralde eta Hegoalde taldeak irtengo dira zelaira.

Ekitaldi garrantzitsua, baina, 19:00etan izango da. Espainiako Ligako Ohorezko Mailan ari diren Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak neurtuko dituzte indarrak.

Ekitaldi gehiago ere bai

Nafarroa Oinezeko antolatzaile Maru Erizen esanetan, ohore hutsa da halako bi taldek ikastolen aldeko jaian parte hartzea. «Bi taldeei zinez eskertzen diegu euren ekarpena. Ikusle ugari erakarriko dituzte, eta jasotako dirua asko eskertuko du Argia ikastolak». Ekitaldi gehiago ere izango dira urrira bitartean. Irailaren 7an, besteak beste, futbol txapelketa egingo dute Santa Quiteria kiroldegian. Zazpi egun geroago, berriz, Maria Bayo sopranoak kontzertua eskainiko du. Nafarroa Oinez urriaren 20an izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.