Gerizpean

Ozar izarrak behatzen

Ozar izarrak ikusteko gau egokia da gaurkoa, eta Arbaiungo arroilan zerua behatzeko irteera bat antolatu dute

Iruñeko Planetarioak antolatu du gaurko irteera, Astronavarra sarearekin batera. BERRIA.
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Zerura begiratzeko egunak dira hauek, ozar izarrak izango direla iragarrita baitago. Hori dela eta, Iruñeko Planetarioak zerua behatzeko irteera bat prestatu du, Astronavarra sarearekin elkarlanean. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, zerua aztertuko dute Arbaiungo arroilan.

Behatokian izango da hitzordua, eta astronomiazale orok izango du joateko aukera. Ez da prismatikorik edota teleskopiorik eduki behar. Astronavarra sareko astronomoek gidatuko dute doako saioa, eta zeruko izarren mapa irakurtzen ikasiko da. Argazkiak egiteko aukera ere egongo da.

Edonola ere, antolatzaileekohartarazi dute arroila eremu natural bat dela eta gogorazi dute ingurua errespetatu behar dela. Ozar izarrak ikusteko, egokiena etzatea da, eta horretarako, alfonbra bat eramatea gomendatu dute. Gauean freskatu egingo duela ere ohartarazi dute.

Kometa zatiak dira ozar izarrak, atmosferaren aurka jo, eta argia egiten dutenak. Oso iheskorrak dira, normalean segundo batbaino gutxiago irauten baitute. Pertseidak eta Done Laurendiren malkoak ere esaten zaie. Uztailaren erdialdetik abuztuaren amaiera arte izaten da ikusteko garairik onena.

Nazioarteko Meteoroen Elkarteak dioenez, ozar izar gehien bihar ikusi ahal izango da, 18:15 eta 20:45 bitartean. Hala ere, Nafarroatik ikusteko ez da ordu aproposa, ilargia ilgora egongo delako. Horregatik jarri dute hitzordua gaur, ilargia oso gutxi ikusiko delako, eta horrela, gaua ilunagoa izango delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.