Laboral Kutxa 79. Panathinaikos 77

Pauso bakarra falta da

Partida hasieran bikain jokatu arren, Laboral Kutxak sufrituz irabazi du, eta, horri esker, hanka bat Top 16an du

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Laboral Kutxa. Heurtel (10), Jelinek (6), San Emeterio (15), Mainoldi eta Pleiss (9)—hasierako bostekoa— Hodge (6), Kelati (8), Kaukenas (6), Bjelica (17) eta Hamilton (2).

Panathinaikos. Ukic (14), Giankovits, Maciulis (19), Gist (6) eta Mavrokefalides (6)—hasierako bostekoa— Pappas (4), Diamantidis (19), Lasme (1), Bramos, Curry Fotsis (6) eta Batiste (2).

Markagailua. 42-21, 55-44 (atsedenaldian); 65-62 eta 79-77.

Epaileak. Ryzhyk, Latisevs eta Cmikiewicz. Kanporaturikorik ez.

Bestelakoak. 14.196 ikusle Buesa Arenan. Sasoiko sarrera onena.

Top 16an sartzea da Euroligako helburua, garbi esan zuen Sergio Scariolok liga hasi aurretik, eta hurrengo astean Lietuvosi Buesa Arenan irabazten badio, Laboral Kutxak langa hori pasea izango du. Panathinaikosen aurka atzo ondo sufrituta lorturiko garaipenaren ondorio da hanka bat hurrengo fasean edukitzea. Kostata irabazi zuen halere, lehen laurden liluragarri batean lorturiko errenta ez zuelako gorde, baina Diamantidisek azken jabetzan botariko hiruko jaurtiketa ona ez zen sartu. Zortea lagun izan zuen etxeko taldeak.

Laboral Kutxaren lehen laurdena bideoan gorde eta egun txarretan aldagelan jartzeko modukoa izan zen. Erasoan bereziki. Sasoiko hamar minuturik onenak izan ziren. 34 puntu sartu eta hamabosteko aldea ireki zuen (34-19). Laboral Kutxak bikain mugitu zuen baloia eta jokalari guztien artean hamabi asistentzia banatu zituzten. Horren fruitu izan sarturiko zazpi hirukoak, lau San Emeteriorenak, eta Pleissek saskipean jokatuz sarturiko bederatzi puntuak. Panathinaikos, bitartean, galduta zirudien: bigun —falta bakarra egin zuen— eta erraztasunak ematen. Diamantidisen puntuengatik ez balitz, partziala lotsagarria zatekeen.

Hamar minutu berandu iritsi zen Panathinaikos partidara, baina hortik aurrera bete betean murgildu zen. Laurdenaren hasieran Laboral Kutxa 21 puntuko aldea izatera iritsi bazen ere (42-21), baina Panathinaikos apurka murrizten joan zen. Maciulis erasoko jokora gehitu zen eta defentsa gogortu zuen, besteak beste Euroliga sei aldiz irabazi izanak epaileen garunean landatzen duen errespetua baliatuz.

Atzean estu hartu zuen Baskonia, saskirako bidea itxi eta egurra banatuz. Erasoan, aldiz, Diamantidis izan zen erpina. Antolatzailea agortezina da, haren talentua bezala. Hiruko marra jarri eta blokeoa eta jarraipena jokatzen maisua dela erakutsi zuen beste behin. Atsedenaldirako 11 puntura zegoen Panathinaikos (55-44) eta hirugarren laurdenean erritmo berean jarraitu zuen.

Laboral Kutxan, aldiz, denak kale egin zuen. Jaurtiketen jarioa eten egin zen eta Pleissen laugarren faltak gauzak zaildu zituen. Alarma gorria piztu zen, Panathinaikosek 22-2ko partziala lortu eta aurretik jarri zen (57-58, 27. min). Krisia sakona zen, Laboral Kutxak partida hasieran pilaturiko kreditua xahutua zuen eta sentsazioak txarrak ziren. Ikusleak urduri zeuden eta jokalarien ezpala zein den auzitan zegoen.

Defentsaren aldeko apustua egin zuen Scariolok, eta ondo irten zitzaion. Kaukenasek bere azken partidan Diamantidis ondo zaindu zuen azken laurdenean, eta Bjelicak konfiantzaz bilatu zuen saskia. Beste behin, baina, Heurtel izan zen gehien erretzen zuenean baloia bahitu zuena, eta asmatu egin zuen, azken jaurtiketan ezik. Errebotea Diamantidisek hartu zuen, eta pista gurutzatu ondoren hirukoa bota zuen. Aukera ona zen, baina jeinuak, behingoagatik, kale egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.