Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Buru lanarekin pedalak samurtuz

Specialized bizikleta enpresaren errendimendu arduraduna da egun Patxi Vila txirrindulari ohia. Txirrindularitza eta teknologia uztartuta, txirrindularien errendimendua hobetzea du erronka.

unai zubeldia
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Performance leader. Abizen hori dauka orain Patxi Vilak (Bera, Nafarroa, 1975). Specialized bizikleta etxea bihurtu du bere bigarren etxe. «Enpresako errendimendu burua naiz ni». Lasterketetako departamentuaren barruan. «Funtsean, txirrindulariari errendimendua hobetzen laguntzea da nire egitekoa». Pedalkada bakoitzaren burua da nafarra. Prozesu luze bat eskatzen du horrek. «Txirrindulariak zein behar dituen aztertu behar da lehenengo, eta behar horiek bete behar dira gero». Zertarako? «Gauzak ulertzeko». Beratarraren hitzetan, hor dago hobekuntzaren gakoa. «Aurrekoaren gurpilaren babesean joanda zenbat aurrezten da? Zeinen gurpilean joanda? Zenbat presio galtzen du gurpilak Milan-San Remon? Eta esprintean zein eragin dauka horrek?». Ikerketa lan hori da Vilaren eguneroko etapa amaigabea.

«Momentu oro bizikletan teknikoki zer gertatzen den jakiten saiatzen gara». Hortxe argitu beharreko misterioa. Nahiko kirol zaharra da txirrindularitza. «Baina sarritan ez dugu jakiten zer gertatzen den edo txirrindulariaren beharrak zein diren». Testak edo azterketak garatu, sentsore berrien garapenean lagundu, etorkizunari aurrea hartu... Mago lana, neurri batean. «Nahiz eta, enpresa gisa, bizikletak egitea eta saltzea den Specializeden azken-azken helburua».

«Gizonezkoen hiru talde dauzkagu gure kargu: Tinkoff-Saxo, Omega Pharma eta Astana; eta emakumezkoen bi: Lululemon eta Boels Dolmans». Gertu-gertuko harremana daukate txirrindulari jakin batzuekin: «Nibali, Contador, Kwiatkowski, Uran, Cavendish eta Scarponirekin, batez ere». Buruz buruko lan horretan, «feedbacka eta konfiantza» eskatzen du nafarraren lanak. Etorkizunean taldeek Vilaren gisako langileak euren egituretan txertatuko dituztela uste du beratarrak. «Are informazio baliagarriagoa eskuratuko litzatekeelako modu horretan. Guk, oraindik ere, muga asko izaten dugu informazio jakin batzuk eskuratzeko».

Urrutira joan gabe, itzuliko igoera bakoitzarekin, etapekin, eguraldiarekin eta xehetasun guztiekin txosten mardul bana bidali zien txirrindulariei. «Eta, noski, horretan ere kontuz ibili behar da, Contadorren eta Kwiatkowskiren ezaugarriak eta beharrak, adibidez, ez direlako berberak». Txosten beraren atzean, Nibali eta Contador, berriz, aurkari zuzenak izango dira Tourrean. «Eta denekin zintzo lan egin beharra daukagu guk, txirrindulari baten edo bestearen alde egin gabe».

Erretiroa hartu aurretik, buruan zeukan «horrelako zerbait egitea». Nekatu samar zebilen tropelean. «Azken urteetan dezente aldatu zelako txirrindularitza, adinean aurrera joanda nengoelako eta goi mailara itzultzeko aukera askorik ez neukalako». Argi zeukan txirrindularitza munduan jarraitu nahi zuela. Eta ez zuen zalantzarik izan Specialized etxeak egindako eskaintzarekin. «Ameriketakoa da enpresa». Kalifornian dago egoitza nagusia. «Eta astindu handi samarra eman behar izan diot ingelesari, nahiko txosten teknikoak egin behar izaten ditudalako».

Buruhauste dezente izaten du egunero. «Enpresa nagusia gu baino bederatzi ordu atzerago bizi delako eta, ondorioz, ia-ia 24 orduko lana delako gurea». Berez, Europan aritzen da Vila lanean, «Scott Jackson 27 urteko lankide batekin batera». Materialen arduraduna da hura. «Hark dakizki material guztien trikimailuak; bizikletaren kokapen jakin batean paretaren loditasuna zenbat milimetrokoa den edo zenbat karbono kapa dituen, esaterako». Vila eta Jackson «ingeniari aerodinamiko eta egitura ingeniari banarekin» aritzen dira elkarlanean. Herbehereetan dago haien departamentua.

Betidanik «goiz txoria» izan da nafarra. «Eta 06:15 aldera jaikitzen naiz orain ere. 06:45ean hasten naiz lanean, ordenagailuaren aurrean. Eta 08:30ean alaba eskolara eramaten dut». 09:15etik 13:00 aldera arte aritzen da gero egurrean. «Eta giro ona badago, kirol pixka bat egin, eta arratsaldean ere ordenagailuaren aurrean aritzen naiz». Horixe dauka ikasteko. «Lana eta aisia bereiztea. Ordenagailua itzaltzen ikasi behar dut».

Ingeniariekin elkarlanean

Vilaren bizimodu berriak ez dauka ordutegirik. «Proiektuak baizik. Horiek hasi eta amaitu egin behar dira». Dena ez da haren esku egoten, gainera. «1 Formulako eta motoziklismoko ingeniariekin lan egiten dugu sentsoreak garatu eta datuak interpretatzean». Telemetria jakin bat dauka Specializedek, «datuak momentuan bertan ikusi eta aztertzeko».

«Txirrindularitzak asko dauka ikasteko 1 Formulatik edo motoziklismotik». Hori da nafarraren iritzia. «Haiek guk baino denbora gehiago daramatelako teknologia horiekin lanean». Erotzea ere ez da komeni, ordea. «1 Formulako auto batek 420 sentsore dauzka; motoek, 250, eta gureek, zortzi». Horregatik egin behar da lan zorrotza informazioaren aplikagarritasunean. «Informazioa huts-hutsean lortu gabe, txirrindularitzara zein teknologia ekar daitezkeen aztertu behar dugu».

Hain lan teknikoa azaltzeko saio konplexuan, adibide batekin askatu du korapiloa. «Iaz, Munduko Txapelketan, taldekako erlojupekoan, 72 ehuneni esker nagusitu zen Omega. 72 zati lau txirrindulari, hemezortzi ehunenen aldea Omegako txirrindulari bakoitzak Oricakoei. Gogotik lan egin genuen haiekin, eta oso garrantzitsua izan zen emaitza». Hortxe Vilaren eguneroko borroka. Burua astinduta pedalei eragiteko lana samurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.