Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Arkua eta gezia

Falcao eta Adrian. Adrian eta Falcao. Atletico Madrileko bi aurrelariak, eta biak golegileak. 52 sartu dituzte sasoi honetan, eta, bihar, biak ondo zaintzea funtsezkoa izango da Athleticentzat.

Aitor Manterola Garate.
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Azkeneko uda aldera begirada botatzen bada, futbolaren inguruko albiste ugariz gogoratzeko aukera dago. Garai horretan ohikoa izaten den bezala, iaz ere hainbat fitxaketa izan ziren hizpide nagusi. Deigarriak bat baino gehiago, ziurrenik. Multzo horretan sartu beharra dago Radamel Falcaorena. Atletico Madrilek erosi zion Portori. 40 milioi euroren truke. Deigarria izan zen, halako golegile handia talde handiagoren batera joan ez zelako. Jokalari gehiago ere fitxatu zituen Madrilgo klubak; tartean, Adrian Lopez, Deportivotik. Debalde, sosik ordaindu gabe.

Biak dira aurrelariak. Eta halaxe dira Madrilgo kluba garai hartan utzi zuten beste bi hauek ere: Diego Forlan eta Sergio Aguero. Bi joan, bi ekarri. Begiradari urtebete atzera eutsiz, zalantzak eragin zituen aldaketak. Joan zirenak ez ote ziren ekarritakoak baino hobeak. Zaleak ezbaian, bai eta ez. Ez edo bai. Orain, aurtengo uda gainean dela, Atletico Madrilek ez ditu ordezkatuko Falcao eta Adrian, ez bada egundoko dirutzaren truke. Saldu, bere borondatez ez dituela salduko, alegia.

Nola salduko ditu gol mordoa sartzen ari badira? Akats handia litzateke. Apenas oroitzen den inor Forlan eta Aguerorekin. Bi haien markak ere hobetu dituztelako kolonbiarrak eta espainiarrak. Eta handia da hori, gero. Europako Liga hizpide denez, Falcaok hamar gol sartu ditu, eta Adrianek zazpi. Hamazazpi bien artean. Zenbaki handiak, ezbairik gabe.

Ondo konpontzen dira elkar. Batek sortzen dituen espazioak ondo baliatzen ditu besteak. Horretan, mugikortasun handiagoa dauka Adrianek. Hegaletan aritzeko ere egokia da. Mugimendu asko egiten ditu zelaiaren bazterretara, eta, hortik abiatuta, edozer egiteko gauza da: ateraino iritsi eta jokaldia amaitu, edo erdiraketa egin. Bigarren aukera horren alde egiten duenean, Falcaoren mesedetan izaten da. Bera delako errematatzaile petoa.

Zitala da Portoko jokalari ohia. Atea besterik ez du buruan. Aukera txikiena izanda ere, jaurtiketa azkar egiten du. Ezker eta eskuin. Buruz ere bai. Indar handikoa da, potentzia ikaragarri bezain ikusgarriaren jabe, eta, baloiren bat egoera aldrebesean harrapatuta ere, gaitasuna dauka atera botatzeko. Zaratatsua da, jokoaren zentzuan esanda. Nabarmena. Non dabilen erraz antzematen da. Horrek ez du esan nahi jokalari zikina denik, araudiaren mugetatik haratago ibiltzen diren horietakoa. Kontrakoa da, gainera. Duela aste pare bat, Betisen aurkako Ligako partidan, penaltia egin zion atzelari batek, baina, hain indartsua izanik kolonbiarra, ez zuen aurrelaria lurrera bota; eta berak ere ez zuen bere burua bota, gola sartzeko aukera gertu ikusi zuelako. Zintzoegia izatea leporatu zioten gero.

Adrian isilagoa da zelaian. Ez dagoela ematen du. Baina nahikoa du behin azaltzea aurkariaren oztopo guztiak hankaz gora botatzeko. Golegile isila da. Dotorea, trebea, dantzan bezala aritzen da futbolean, oin puntetan bezala. Trebea da oinarekin, nola ez, eta, garaiera handikoa ez izan arren, buruarekin ere txikizioak egiteko gai da.

Ibilbide ezberdinak

Biharko finalean, biak lotzea funtsezkoa izango da Athleticentzat. Baina ez da lan erraza izango. Kontraerasoan ere zitalak dira biak, eta, begien parean espazioak baldin badituzte, ondo baino hobeto baliatzen dituzte. Bien arriskuarekin ez ezik, beraien atzetik iritsiko diren jokalariekin ere kontuz ibili beharko da. Falcaok eta Adrianek utziko dituzten zuloak ondo beteko dituzte atzeko lerroko jokalariek. Onak dira erasoan. Onenak, kolonbiarra eta espainiarra. Atletico Madrilen arkua eta gezia.

Arkuak gezia aurkitu aurretik, edo geziak arkua, bakoitzak bere bidea egin zuen. Distiratsua, Falcaok; ez hain argia, Adrianek. Kolonbiarrak errazago lortu zuen ospea. 15 urte zituela fitxatu zuen Argentinako River Platek. 2001ean izan zen hori. Gazte mailako taldean hasi zen jokatzen. 2005ean aritu zen aurrenekoz talde nagusian. 2009ra arte jokatu zuen River Platen, eta, 113 partidetan, 45 gol sartu zituen. 2008an, Clausura torneoa irabazi zuen.

2009ko uztailean, Europara etorri zen. Portora. 5,5 milioi euro ordaindu zituen Portugalgo klubak. Bi denboralditan egon zen Porton, eta golak erruz sartu zituen: 87 partidetan, 72. Liga behin irabazi zuen, Kopa bi bider, eta Superkopa hirutan. Europako Liga ere lortu zuen iaz. Lorpen horien denak eskuratuta, Atletico Madrilera joan zen, eta hor ere marka handia ari da jartzen: 48 partida jokatu ditu, eta 33 gol sartu.

Adrianen bide apala Oviedon hasi zen. 17 urterekin jokatu zuen lehen taldean aurreneko aldiz, Bigarren B mailan. 2006ko udan, Deportivok fitxatu zuen, baina Galiziako taldean ez zen egonkortu duela bi denboraldira arte. 2007-2008ko sasoian, Alavesen aritu zen utzita negutik aurrera, eta hiru gol sartu zituen. Hurrengo denboraldia Malagan igaro zuen, utzita hor ere, eta beste hiru gol egin zituen. Azkenean, handik bueltan, Deportivon geratzea lortu zuen, eta bi denboraldi osatu zituen. Aurrenekoan, lau gol sartu zituen. Bigarrenean jo zuen goia. 40 partidetan, hamabi egin zituen. Denboraldi honetan, berriz, Atletico Madrilen, 55 neurketa jokatu ditu, eta hemeretzi gol sartu.

Batak arkua jarri, besteak gezia; aurkarien ateko sarea zulatzen abilak dira biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.