Euskal lurralde elkargoa. Manifestazioa gaur

Kalera aterako dute lurralde elkargoaren aldarrikapena

«Oztopoak gainditu ahal izateko», herri mobilizazioa «ezinbestekotzat» du euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioakBaionako Lauga gunetik abiatuko da gaurko manifestazioa, 17:00etan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal lurralde elkargoak herritarren partetik duen babesa islatzeko unea iritsi da. Arratsalde honetan 17:00etan abiatuko da Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala aldarrikatzeko manifestazioa, Baionako Lauga gunetik. Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Batera plataformak, Auzapezen Biltzarrak eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak osatu koordinazioak finkatu hitzorduarekin dozenaka eragilek bat eginik, mobilizazio jendetsua izanen dela aurreikusi dute.

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak emandako erantzun ezkorrari «modu baketsuan baina determinazio handiarekin» erantzuteko unea izatea nahi dute antolatzaileek. Frantziako gobernuaren egitarauan euskal lurralde elkargoaren sorrerarik ez dela jakinarazi zuen herenegun Salles herrian (Gironda) egindako prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, determinaturik segitzen du koordinazioak. «Oztopoak gainditzea lortuko dugu herri militantzia eta herri nahikaria badela frogatzen badiegu », Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentearen hitzetan.

Frederique Espagnac senatari sozialistak ere, koordinazioaren ordezkarien artean baita, beharrezkoa du herri babesa: «Gure mezua Parisen entzunarazteko orduan, ezinbestekoa dugu herritarren mobilizazioa». Hain zuzen, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari begira lortu adostasun zabala ulertzeko zailtasunak ukanki, gutxiengo batek eraman aldarrikapena dela pentsatzen segitzen dute Parisko agintariek. Horregatik dute nahi «izpirituak markatuko dituen» eta «historian idatzia izanen den» manifestazio bat izatea gaurkoa. Koordinazioak dioenez, «Paris Baionari begira izanen da».

Azken hilabeteetan Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak marrazturiko lurralde elkargo proposamenak herritarrenbabesa duela frogatzeko unea izanen dute arratsalde honetako hitzordua.

Manifestazio plurala

Koordinazioaren barne diren bost egituretako kideak karrikan baldin badira, manifestazio jendetsua izanen dela argi da. 90 bat eragile sozioekonomiko, kultural eta sindikal dira Garapen Kontseiluaren barnean; 50 bat, berriz, Batera plataforman, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako enpresaburuen ordezkaria da Baionako MIG. Alderdi politikoei dagokienez, AB, Sortu, EA, Aralar, EAJ, GA ezker antikapitalista eta Europe Ecologie Berdeak dira deitzaile. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 158 auzapezetarik 103 dira ere euskal lurralde elkargoaren alde agertu, eta bertako sei parlamentarietarik bost dira ere alde. Lorturiko adostasun orokor horrek du aldarriaren «indarra» egiten, koordinazioaren irakurketari segi.

Horrez gain, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, ELB, LAB,ELA, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Autonomia Eraiki, Lurra eta Etxebizitza Kolektiboa, EHZ, Ipar Euskal Herriko besta batzordeak eta gaztetxeak, ingurumenaren babesaren alde ari diren Cade eta Bizi elkarteak, Euskaldun Gazteria, Herrikoa ere batu dira deiari. Ehun eragile kultural eta artistaren deia ere zabaldu da. Horietan daude, besteak beste, Sustrai Colina, Paxkalin Aire, Agustin Alkhat, Jean Bordaxar, Pantxika Telleria… Jendetsua izateaz gain, plurala ere izanen da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.