Gbagbo gizateriaren aurkako lau krimenengatik epaituko dute

Iazko azaroan Boli Kostako bozak galdu ostean hasitako borroketan 3.000 lagun inguru hil zituzten

Erredakzioa
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Lauren Gbagbo Boli Kostako presidente ohia Hagara eraman dute, Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitu dezan. Gizateriaren aurkako lau krimen egotzi dizkiote; besteak beste, hilketak, bortxaketak, jazarpenak eta ekintza ankerrak zuzenean egin ez arren haiek gidatzea.

Hain zuzen, Gbagbok galdu egin zituen hauteskundeak iazko azaroaren 28an, baina ez zuen porrota onartu, eta boterea uzteari uko egin zion. Ondorengo asteetan, haren jarraitzaileen eta Alassane Ouattara bozen irabazle eta egungo presidentearen aldekoen artean istilu gogorrak izan ziren. Indarkeriak eta borrokek iazko abenduaren 16tik aurtengo apirilaren 12ra iraun zuten, Frantziako tropek Gbagbo atxilotu zuten arte. Istiluetan gutxienez 3.000 lagun hil zirela aditzera eman du NBE Nazio Batuen Erakundeak.

Urriaren 3an, dena den, Boli Kostan gertatutakoa argitzeko ikerketa bat hasi zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Luis Moreno Ocampo fiskalburuak adierazi duenez, baina, ez dituzte soilik Gbagboren tropek egindako krimenak aintzat hartuko, baita Ouattararen aldekoenak ere. «Gbagbo izango da epaituko dugun lehena, baina beste asko eroriko dira haren atzetik; herritarrek bi aldeen indarkeria jasan behar izan dute».

Gbagboren kasuan, baina, krimenengatiko «erantzukizun indibiduala» du, egile zuzena izan ez bazen ere, haiek gidatu zituelako. «Ikerketak aurrera jarraitzen du, eta guk elementuak biltzen jarraituko dugu, ahalik eta inpartzialtasun eta independentziarik handienarekin», azaldu du Ocampok. Oraindik ez dute zehaztu epaiketa noiz hasiko den, baina «datozen egunetan» izango dela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.