Chan-ocha gobernuburu izendatu eta Shinawatra atxilotu egin dute

Thailandiako Junta Militarrak ehun bat agintari ohi atxiki ditu, eta herrialdetik irtetea eragotzi egin diete

Prayuth Chan-ocha. R. YONGROT / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Thailandiako Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioetan aritu diren ordezkariez gain, aurreko urteetako gobernuekin lotutako ehun bat agintari deitu dituzte militarrek Armadaren Klubera, eta, besteak beste, Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia atxilotu egin dute.

Prayuth Chan-ocha jenerala lehen ministro izendatu du Junta Militarrak —«nazioaren hobe beharrez sakrifikatu» beharra daukala esan du armadako buruak— eta, estatu kolpea eman eta biharamunean, Yingluck Shinawatraz gain, haren koinatu Somchai Wongsabat —2008an lehen ministro izana— eta haren emazte Yaowapa Shinawatra ere atxilotu dituzte militarrek.

Niwatthamrong Bonsongphaisanek ere, Auzitegi Konstituzionalak Yingluck Shinawatra kargugabetu ostean behin-behineko lehen ministro izendatua —gobernuburua, beraz, Chan-ochak estatu kolpea eman zuenean—, Bangkokeko Armadaren Klubera joan behar izan zuen atzo, eta militarrek atxikita daukate. Estatu kolpea gauzatu zenetik ezkutuan zegoen.

Armadak Thailandiatik irtetea galarazi die, bestalde, Pheu Thai alderdiari eta aurreko gobernuei lotutako 155 pertsonari.

Thailandiako gatazka 2006an lehertu zen, armadak Taksim Shinawatra lehen ministroa, ustelkeriagatik auzipetua, kargutik kendu zuenean. Ordutik elastiko gorrien eta elastiko horien arteko liskarrak etenik gabeak izan dira. Taksimen aholkulari Noppdon Pattama ere armadak atxikitako agintari ohien artean dago. Iazko urritik, elastiko horiek kaleak hartu eta eraikin ofizial ugari okupatu dituzte. Ia zortzi hilabeteko istiluetan, ordea, 28 lagun hil dira, eta «odol jarioa» etetea erabaki zuen armadak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.