Gabrielek daukan lekuaren lekukotasuna

Arestiri buruzko 'Gabrielen lekua' ikuskizuna oinarri harturik disko-liburua kaleratu dute orain

Gabrielen lekua disko-liburuaren bultzatzaile eta sortzaileak, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ironia puntu nabarmenaz mintzo da Gabriel Aresti bere heriotzaz Nire izena poeman: «Hiltzen naizenean egonen da/ nire lauzaren gainean eskribu hau:/ Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego./ Pérez y López. Marmolistas. Derio». 1964an idatzi zuen olerkia, 1975ean hil zen. Euskal literaturaren berritzaile, euskara batuaren sustatzaile eta erreferentziazko poeta. Oraindik ere haren itzala bizia da, eta hori da Gabriel Aresti Elkarteak aldarrikatu nahi duena. Arestiren gaurkotasuna. Horretarako sortu zuten Gabrielen lekua ikuskizuna poetaren testuak oinarri harturik, eta horretarako argitaratu dute orain izen bereko disko-liburua. Arestiren hitzak, Rafa Ruedaren musika, Alain Urrutiaren irudiak, Andoni Egañaren bertsoak eta Oier Guillan, Amaia Lasa, Luigi Anselmi eta Paddy Rekalde idazleen testuak bilduta.

Urratsez urrats heldu dira disko-liburura. Ekainean sortu zuten elkartea, idazleak utzitako ondarea eguneratzea zen helburu nagusiarekin. Eta hala hasi ziren Gabrielen lekua ikuskizuna prestatzen. Oier Guillan idazle eta antzerkigileak, Andoni Egaña bertsolariak, Rafa Rueda musikariak eta Alain Urrutia artistak. Baina sorkuntza prozesuak aurrera egin ahala kezka piztu zen elkartekoen artean, ikuskizunaren azken emanaldia Eako Poesia Egunetan eskainiko dutela ohartzean. Uztailaren 18an. Xabier Monasterio elkarteko kideak eman du azalpena: «Ohartu ginen oso egitasmo beharrezkoa zela eta haren testigantza idatzizkoa utzi behar genuela ezinbestean». Gabrielen lekua-k behar zuen leku bat, eta hala sortu dute disko-liburua.

Ikuskizunerako sortutakoak baliatu dituzte horretarako, baina badira espresuki disko-libururako sortutakoak ere. Guillanek eta Egañak testu bana badute liburuan, baina beste lau idazleren hitzak ere bildu dituzte libururako. Testu bana eskatu diete Lasa, Rekalde, Anselmi eta Etxarteri. Galdera bakar bat eta bera egin diete denei: «Zer eragin izan zuen Gabriel Arestik zugan?». Eta bere erantzuna eman du bakoitzak. Idazlearen eskuzabaltasuna eta haren hizkuntzaren argitasuna nabarmendu ditu Lasak, adibidez. Eta Arestiren indarra eta gertutasuna azpimarratu Rekaldek. «Poesian badago joera bat hermetikoa dena, nire uste apalean, lortu duena jendea poesiatik aldentzea, eta Arestik lortu zuen bere poesiara jendea erakartzea».

Rafa Ruedaren Aresti

Bide luzea dute Arestiren hitzek musikan. Hor dago Oskorri taldeak haren egindako lana. Eta hor daude jendeak Arestirenak direnik jakin ere egin gabe kantatzen dituen Arestiren kantak. Ezagunak ditu denak Ruedak, baina erreferente horietatik aldentzen saiatu da oraingoan. «Nigana ekarri dut, eta nik jorratzen dudan musika estilotik abiatu naiz kantuak sortzerakoan». Hamar abesti osatu ditu, guztira. Arestiren hitzekin egindakoak zortzi, eta Egañak sortutako bertsoekin egindakoak bi. Musikarik gabe, Oier Guillanen bi irakurketa ere baditu diskoak. Arestiren hitzak, Guillanen ahotsean.

Poemak izan dira musikaren abiapuntu nagusia. «Arkeologoek egiten duten bezala hautsa gainetik kendu eta poeman barrenean zeukana azaleratzea baino ez dut egin». Poemak ahoz gora irakurtzea izan da lehen urratsa, eta intuizioz aritu da gero. Melodia pizten zioten hitzak hautatu ditu, baina esaten zutena ahaztu gabe. «Testuak sakontasun handikoak dira, eta horiek kantatzerakoan ez zaude edozer kantatzen». Diskoan dago Egia bat esateagatik poema, esaterako. Eta baita Gizonaren ahoa ere. «Ez ezazue tapa/ gizonaren ahoa./ Defendi dadin./ Hainbeste bidegabe/ egin zaio/ azken ehun mila urte honetan...». Arestiren hitzak, eta, oraingoan, Ruedaren ahoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.