Erdaldunentzat egindako bertso saioa

Lasarte-Orian euskaraz ariko dira gaur lau bertsolari, eta Xabi Payak itzulpenak egingo ditu, ordenagailuarekin

jon eskudero
Donostia
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Kontu jakina da bertsoak baduela aparteko zerbait. Bertsolariek soinean daramatela edozein testuingurutara egokitzeko gaitasuna. Bada, beste behin, agerian geratuko da arte hori gaur gaueko hamarretatik aurrera, Lasarte-Oriako Kultur Etxean (Gipuzkoa). Bereziki erdaldunentzat egindako bertso saioa antolatu du herriko bertso eskolak, jende erdalduna bertsoaren mundura biltzeko helburuarekin. Lau bertsolari ariko dira mikrofonoaren aurrean: Andoni Egaña, Jon Maia, Ane Labaka eta Unai Muñoa. Euskaraz, laurak ere. Itzulpen lanak, berriz, Xabi Paya bertsolariak eta itzultzaileak egingo ditu, bertsotan ere jardungo duen arren.

Ez da lehenengo aldia izango halako zerbait egingo dena. Behin behintzat egin zuten BEC-en. Orduan, baina, belarri barruko entzungailuen bidez egin zituzten bertsoen itzulpenak. Oraingo honetan ezberdina izango dela azaldu du Lasarte-Oriako Bertso Eskolako kide Joxekruz Labakak: «Payak ordenagailua erabiliko du itzulpenak egiteko. Pantaila bat jarriko dugu, eta bertan agertuko dira bertsoak gazteleraz, Payaren eskuetatik igaro ondoren».

Ez da ohiko saioa izango, baina Labaka ziur dago ongi aterako dela. «Aukeratu genezakeen itzultzailerik onena izango dugu», nabarmendu du. Bertsolariek kontuan hartu beharko dute zer-nolako entzuleak dituzten kantatzerako garaian: ahalik eta errima errazenak erabiliko dituzte, doinu motelak, amaieran errepikapena dutenak... Gaiak jartzen, berriz, herritarrak ariko dira: «Bertso saioaren parte senti daitezen nahi dugu». Saioa entzuleen testuingurura egokiturik egongo da guztiz.

Urteak joan urteak etorri, Lasarte-Oriako Bertso Eskolak hutsik egin gabe antolatzen du bertso saioa. Bertso saio berezia, gainera. Herriko hainbat talderengana jotzen du saioa ahalik eta hobekien osatzeko. Azken urteetan oholtza gainean izan dira, besteak beste, herriko dantza taldea, trikitilariak, antzerki taldea... Bada, aurten, Andaluziako (Espainia) musika egiten duen talde baten elkartean jo du telefonoak. Bertako hainbat kide izango dira protagonista, haria bertsoa dela, betiere.

Ideia, Jon Maiaren hitzalditik

Labakak ongi azaldu du zergatik erabaki zuten Andaluziako musika egiten duen talde hori gonbidatzea: «Jende erdalduna ekarri nahi dugu saiora; beraz, toki egokira jo dugula uste dugu. Erdaldunek ere eskubide osoa dute bertsoa zer den jakiteko». Seme-alaba euskaldunak dituzten guraso erdaldun asko dago Lasarte-Orian. «Haur horietako asko bertso eskolara joaten dira, eta gurasoek ez dute jakiten zertan aritzen diren euren seme-alabak. Bertsoa ezagutzeko aukera ederra izango dute saioaren bidez», nabarmendu du Labakak.

Joan den urteko urrian sortu zitzaien halako saio bat antolatzeko ideia. Kilometroak jaiaren harira, Jon Maia bertsolariak hitzaldi bat eman zuen Andoainen (Gipuzkoa): Emigraziotik bertsolaritzara. Jakina denez, Maiaren gurasoak Espainiatik etorriak dira. Artean haurra zela, Zumarragan (Gipuzkoa) hasi zen Maia euskara ikasten, eta Zumaian (Gipuzkoa) egin zen euskaldun. Orain artean euskaltasunaren eta bertsolaritzaren inguruan bizi izan dituenak kontatzen ditu Maiak hitzaldi horretan. «Jende erdaldunarentzat ezin aproposagoa da, eta gu ere Maiaren hitzaldiak inspiratu gintuen halako saio bat antolatzeko», azaldu du Labakak.

Inspiratu bakarrik ez, hitzaldi hori Lasarte-Oriara ekarri zuten joan den ostiralean. «Gazteleraz eman zuen hitzaldia Maiak, eta jende erdaldun asko bertaratu zen. Hitzaldiaren amaieran, bertsoaren ezaugarriak azaldu zituen Maiak». Beraz, jende gehienak ez du arazorik izango gaurko saioaren haria jarraitzeko. Labakaren esanetan, erdaldunentzat bakarrik ez, euskaldunentzat ere ikusteko moduko saioa izango da. Sarrerak hiru euro eta erdi balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.