Salingerren bost lan berri argitaratuko dituzte

2015etik aurrera bost liburu argitaragabe kaleratu nahi zituen idazleak, haren biografoen arabera

Agentziak
New York
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
1951n aldatu zitzaion bizitza J. D. Salinger idazleari. Orduan argitaratu zuen Zekale artean harrapaka nobela, eta orduan lortu zuen sona. Nonbait, gehiegizkoa egin zitzaion hori, ordea, eta bere burua babestea erabaki zuen. 1953az geroztik Cornish herrira joan zen bizitzera, eta han bizi izan zen, 2010ean hil arte. Elkarrizketarik eskaini gabe. Argazkirik ateratzen utzi gabe. Baina ez idatzi gabe. Hori da, behintzat, idazleari buruzko The Private War of J.D. Salinger liburuaren egileek diotena. Liburuan bildu duten informazioaren arabera, 2015etik 2020ra bitartean inoiz argitaratu gabeko bost lan kaleratzeko asmoa zuen idazleak. Eta Salingerren bost lan berri izango dira, beraz, 2015etik aurrera.

Besterik uste du, ordea, Salingerren seme eta haren oinordekotzaren eskubideak kudeatzen dituen Matthew Salingerrek. Argitalpen plan horiei buruz hitz egiteari uko egin dio hark. Bereari eusten diote Shane Salerno eta David Shields biografoek. Haien hitzetan, idazlearen gertuko bi iturriren bidez izan dute argitalpen asmo horien berri.

Ipuinak eta nobelak

Franny eta Zoey liburuaren gehigarri gisako bost ipuin berri dira Salingerrek argitaratu gabe utzitako pieza horietariko bat. Glass Family deituriko bilduma. Baina bada II. Mundu Gerrako esperientzian oinarritutako kontakizun bat, eta Sylvia Welter-ekin izan zuen harreman motzean inspiratutako nobela bat ere. Hinduismoarekin izandako harremanetik sortutako testu bat, Zekale artean harrapaka nobelako Holden Caulfield pertsonaiaren nondik norako gehiago biltzen dituen The Last and Best of the Peter Pans liburua eta haren bertsio batzuk dira argitaratu gabeko besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.