18. Korrika

Abiapuntua, euskalgintzako beharginek

Korrika etzi abiatuko da Andoainen, eta Martin Ugalde kultur parkeko langileek egingo dute lehenbiziko kilometroa

Lekukoa eramango duten euskalgintzako enpresetako langileak, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lelo gisara Eman euskara elkarri hautatu dute 18. Korrikarako, eta, hori gauzatzeko egunero egiten duten lanaren aitortza gisa, euskalgintzan ari diren beharginek eramango dute lehen lekukoa. Etzi abiatuko da Korrika, Andoaindik (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parketik. Han euskalgintzako elkarte eta enpresetan ari diren dozena bat langilek eramango dute lekukoa lehen kilometroan; parkean bertan egingo dute itzulia, hango lana eskertzeko. Etzi abiatuko da lasterketa, 16:30ean.

Martin Ugalde kultur parketik zergatik abiatuko den azaltzeko, urteurrenak ekarri ditu gogora Edurne Brouardek, Korrikako arduradunak. Lehena: Martin Ugalde zena Korrikan omendu zutela hogei urte dira aurten. Azken kilometroa egin zuen, bilobarekin batera. «Hogei urte geroago, bere izena daukan euskalgintzako erreferentea den gune horretatik abiatuko da Korrika». Bigarrena: Joxemi Zumalabe. Hogei urte dira hura hil zela. Urte hartako Korrikan, hain zuzen ere, Zumalaberen beraren mezu bat eraman zuen euskararen aldeko lasterketaren lekukoak; Ugaldek irakurri zuen eskutitza, amaierako ekitaldian.

Eta hirugarrena: Euskaldunon Egunkaria itxi zutela hamar urte dira aurten. «Sortzaile eta sustatzaile izan ziren Ugalde eta Zumalabe. Itxi ziguten arren, ez gintuzten isildu, ez horixe». Hamar urte dira BERRIA sortu zela ere. «Haiek erein zuten hazia etengabe loratzen da». Horregatik guztiagatik, kultur parkean hasiko da Korrika, langileak protagonista direla.

Beharginen izenean, Samara Velte BERRIAko kazetariak eman dizkie eskerrak Korrikako arduradunei. «Ohorea izango da, egunez egun euskara normalizatzeko egiten dugun lana erakusteko».

Egun osorako jaia

Etzi egun osoko jaia izango dute Andoainen, Korrika hasiko dela aitzakiatzat hartuta. Goizean Korrika txikia egingo dute ikasleek; lasterketa 16:30ean abiatuko da.

Hilaren 24an iritsiko dira Baionara, igandearekin, Euskal Herrian barrera bi mila kilometro baino gehiago eginda. Eguraldi makurra iragarrita dago hasierako egunetan behintzat. Brouard: «Eguzkitan, euritan eta elurretan egin dugu Korrika. Ez dago gure esku. Prest gaude aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.