Osakidetzak 30 urte (III). Kudeaketa. Mikel Alvarez. Mondragon Healtheko zuzendari nagusia

«Kudeaketa eredu berri baten atarian egon beharko genuke»

Osasunerako sarbidea denei bermatuko dien zerbitzu publiko bat defendatu du Mikel Alvarezek, baina esan du osasun sistemaren egitura deszentralizatuago eta autonomoago bat behar duela.

ANDONI CANELLADA  / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Osakidetza «hasiera-hasieratik» ezagutzen du Mikel Alvarez Ieregik (Zumaia, Gipuzkoa, 1955). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa esparru askotatik ezagutu du. Urteetan mediku izan zen, mikrobiologian eta parasitologian espezializatu, eta bederatzi urteren buruan kudeaketan hasi zen. Besteak beste, Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleetan kudeatzaile izan zen ia hogei urtez. Fakultatean irakasle ere bada, «medikuntzarekin hurbiltasuna mantentzeko».

2009an, esparru publikoa utzi eta Mondragon Health erakundera igaro zen, «osasun arloko negozio bide berriak sortzeko mundu kooperatiboan; enplegua sortzeko». Mondragon Health edadetuen arretan hasi zen, baina lan eremua zabalduz joan da zerbitzuetan, industria produktiboan eta heziketan. Ildo horietan zenbait hitzarmen sinatu ditu osasun sektoreko eragile publiko eta pribatuekin: Eusko Jaurlaritza, Onkologikoa, Vall d'Hebron, Institut Catala de la Salut...

Osakidetzaren 30 urteko bideaz, egungo egoeraz eta etorkizuneko kudeaketa ereduez hitz egin du Alvarezek BERRIArekin.

Zer sentitzen duzu Osakidetzak 30 urte bete dituela entzutean?

Pozgarria da. Tarte horretan egon diren euskal gobernu guztiak zoriondu behar dira. Baita aldundiak ere; psikiatria zerbitzuak Osakidetzaren eskuetan utzi zituzten. Udalen konpromisoa ere ezin ahaztu... Herritarren osasun eskubideak bermatu dituzte, zerbitzu publiko indartsu batekin.

«Harribitxitzat» aurkeztu dute agintari politikoek Osakidetza. Azken urteetan distira galdu al du?

Osasun sistemak beti dira harribitxiak. Gurea ez da salbuespen bat. Normala da. Zer da osasuna bezain garrantzitsua? Hezkuntza... Baina osasuna gehiago baloratzea normala da. Horrez gain, inguruko erkidegoek ez dituzten abantailak ditugu. Herri txiki bat gara, zergak kudeatzen ditugu... Osasun sistema publiko ona dugu. Gauzak ondo egiten ari dira, baina badago zer egina.

Zer hobetu daiteke?

Nire aldetik ausarta litzateke zer hobetu behar den esatea. Gobernuan dauden agintariei dagokie hori. Orain, Osasun Sailean gaitasuna duen taldea dago. Dena den, orain dudan askatasunetik, esango nuke osasun arloaren barruko prozesu eta jarduera batzuk hobetu behar direla.

Adibidez?

Lehen mailako arretak jauzi handia egin zuen garai batean, baina autonomia handiagoa behar luke. Kudeaketa eredu autonomoak sortuko bagenitu, eraginkortasuna lortzeko bide berria litzateke.

Deszentralizazioaz ari zara?

Deszentralizazio prozesu batzuk garatu beharko lirateke. Baina deszentralizazioak eta autonomiak arriskuarekin lotuta egon behar dute. Deszentralizazio bat ezin da izan 'emaidazu kudeatzeko dirua, eta, bukatzen zaidanean, gehiago eman'. Autonomiak konpromiso handiagoa behar du.

Hau da, kudeaketa eredua aldatu...

Kudeaketa eredu berri baten atarian egon beharko genuke. Osakidetzaren ereduak oso etekin onak eman ditu, baina gizartea pobretuegin da. Beste kudeaketa eredu batzuk bilatu beharko ditugu gure baliabideak ondo erabiltzeko. Pribatizatzeaz ari naizela esango dute, baina ez da hori. Zerbitzu publikoek bermatu behar dute edozeinek osasun sistemarako sarbidea duela, baina beste modu bateko kudeaketarekin, nahitaez.

Datozen urteetarako erronka osasun sistema egokitzea da?

Munduak berak aldaraziko gaitu; merkatu berriak sortuko dira, herri berriak... Gogoeta serioak egin behar ditugu. Dirua ez da sortzen kutxa bati buelta emanda. Dirua lan eginda sortzen da, industriak sortuta, zerbitzuak sortuta eta ezagutza gehituta. Zerbitzu batzuk, berriak, batez ere, beste eredu batzuetan oinarrituko dira. Pertsonak parte hartu beharko du zerbitzu horiek altxatzeko.

Ekonomikoki ere bai?

Halabeharrez, bestela ezin izango diogu sistemari eutsi. Dena den, administrazioak bermatu beharko du behar gehien duen pertsona ondo zainduta dagoela eta zerbitzu horietarako sarbidea duela.

Publikoaren eta pribatuaren arteko harremana...

Pribatua mamu gisa aurkeztu da askotan. Ez baditugu agente pribatuak, nola aberastuko da herri bat? Industria ez badugu gehitzen, nola sartuko da dirua ogasun zerbitzuetan? Ezin dizkiogu begiak itxi errealitateari. Ezin dugu aurrera begiratu iraganeko hausnarketekin. Orain duela hamar urteko hausnarketak ez du balio datozen hamar urteetarako. Orain egin behar ditugu. Defendi dezagun behar gehien dutenen sarbidea zerbitzuetara, baina dirua dutenek parte har dezatela.

Ardurari buruz hitz egitean, erabiltzaileei buruz ere ari al zara?

Herritarrari informazioa eta baliabide instrumentalak eman behar dizkiogu osasuna zain dezan. Autonomia esatean, gehiago ari naiz profesional guztien inplikazioaz. Agian Osakidetzak akuilatu beharko ditu enpresa autonomoak, bere egiturari lotuta baina beste era bateko barruko kudeaketa dutenak. Hori etorriko da, eta hobe da prestatzen joatea.

Eta zentro autonomo horien kudeaketan, zein parte izan beharko litzateke publikoa eta zein pribatua?

Lehenik eta behin, terminologia zehaztu behar dugu. Zerbitzu baten finantzaketa publikoa bada, zerbitzu publikoa da. Adibidez, orain bueltaka dabilen Onkologikoaren gaia; Onkologikoak zerbitzu publikoa ematen du, finantzaketa publikoa duelako. Zerbitzu publiko hori non ematen den bigarren gai bat da: erakunde publiko batean, pribatuan, kooperatiboan, fundazioen bitartez...

Onkologikoa aipatu duzunez...

Urteetan inork ez du dudan jarri lan ona egiten zuela... Irabazi asmorik gabeko fundazio bat zela... Eta orain, bat-batean, publiko bihurtu behar da. Ez dut ikusten. Kontua da zer kudeaketa egiten duzun eta zer eskaintzen duzun.

Osasun sistema publikoaren zein partek izan behar luke titulartasun publikokoa eta zeinek bestelakoa.

[Jon] Darpon sailburuak esan bezala, batez ere publikoa izan behar luke. Agian hor mugitu beharko gara malgutasun gehiagorekin. Demagogiarik gabe. Ezin gara itsutu estruktura zaharrekin.

Eta administrazio publikoak nola bermatu behar du diru publikoarekin kontratatzen duen zerbitzu pribatu horren kalitatea?

Administrazioak berme hori emateko nahikoa kontrol eduki behar ditu. Orain, badauzka. Badaude araudi batzuk hori egiteko, sistema batzuk. Ikuskaritza da indartu behar dena, eta kalitate kontrolak.

Eta bermeak aski ez badira? Adibidez, Tolosaldean salatu dute La Asuncion klinika pribatuarekin sinatutako itunaren baldintzak ez direla betetzen , ezta lan baldintzak ere.

Ez dut kasu hori ezagutzen, eta ez dut iritzirik emango. Dena den, administrazioak egiaztatu behar du itundutako zerbitzuak ematen direla, eta, ez badira ematen, hitzarmena moztu.

Ospitaleez gain, ospitale barruko zerbitzuen pribatizazioak ere mahai gainean daude: jantokia, garbiketa... Nola kudeatu behar dira?

Badaude zerbitzu batzuk merkeago eta eraginkorrago kontrata daitezkeenak sektore pribatuan: segurtasuna, garbiketa, jana, mantenua, azpiegitura... Osasun arloak bere muinean jarri behar du indarra; Bizkaiko bihotz kirurgiaren kudeaketa kanpora eramateak ez du zentzurik. Baina segurtasuna...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.