Hizkuntza berreskuratzeko lehen pausoa

Hezkuntzari heldu dio Garabidek Euskararen Berreskuratzea egitasmoko laugarren liburuan eta DVDan

Garabideko kideek atzo aurkeztu zuten hezkuntzari buruzko azterlana, Eibarren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituak berreskuratu nahi dituzten komunitateentzat hezkuntza eta hori kudeatzeko modua da kezka nagusietako bat. Garabide elkarteak nahi horren berri izan du komunitate horietako ordezkariekin egindako topaketetan, eta Euskal Herriko esperientzia plazaratzeko asmoz, gai horri heldu dio Euskararen Berreskuratzea egitasmoko liburu eta dokumental sortaren laugarren argitalpenean. «Duela 50 urte, euskarari arnasa berri bat emateko modua aztertu zutenean, irakaskuntzatik hasi ziren: ikastolen mugimendua...», gogorarazi du Alberto Barandiaranek, liburuaren koordinatzaileak.

Aurreko bi urteetan hizkuntzaren estandarizazioa eta hedabideen garrantzia aztertu ondoren, aurten hezkuntzari heldu dio Garabidek, eta hizkuntza gutxituko komunitateetako eragileei iritzia galdetu die. «Militantziaren garrantzia ulertu nahi zutela esan ziguten; nola lortu zen erakundeen laguntzarik gabe egitasmoa ateratzea». Komunitate horietan erakundeen lankidetzarik ez dutela gogoratu du Barandiaranek.

Testuinguru horretan, frankismoan abiarazitako mugimenduaren analisia baliagarriagoa izango zitzaiela erabaki zuen Garabidek. «Hezkuntza ereduak eta horien baliagarritasuna azaltzea arrotza egingo zitzaiela pentsatu genuen», gaineratu du Barandiaranek. Hortaz, ikastolen sorrera eta funtzionatzeko modua gehiago azaldu dute liburuan, baina euskal eskola publikoaren lana eta bilakaera ahaztu gabe. Garabide euskararen berreskurapen prozesua partekatzeko asmoarekin sortu zen, baina ez gauzak nola egin behar diren esateko. «Esperientzia bat transmititzea da helburua; eta, inori balio badio, prest gaude laguntzeko».

Hezkuntzari buruzko galderekin batera, irakats-materialari buruzko kezkak agertu zizkieten Garabideko kideei, baita irakasleen prestaketa nola kudeatu zuten Euskal Herrian ere. Gai horiek landu ahal izateko, sektore guztietako adituekin bildu dira. Horretaz gain, testuinguru lokala aztertzearekin batera, nazioarteko ikuspuntua ere jorratu dute: hizkuntza gutxituen hezkuntzari buruzko araudiak, nazioarteko ereduak... Informazio guztia euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez bildu dute.

Curriculumaren garrantzia

Kezka horien inguruan, Euskal Herrian sortutako ereduaren azterketa zenbait puntutan banatu dute: ikastolen sorrera, pedagogia, ikas-materiala, irakaskuntza publikoa... Baina curriculumari atal berezi bat eskaini diote liburuan. «Funtsezkoa da, hori delako komunitate batek transmititu nahi duen ondarearenlaburpen bat, neurri batean: komunikazio gaitasuna...».

Horretaz gain, hizkuntzaren hegemoniak eskolan duen garrantzia transmititu nahi izan dutela ere argitu du Barandiaranek. «Ez bakarrik eskola orduetan, baizik eta jantokian, langileen arteko harremanetan... Hizkuntzaren etxe bat izatea eskola». Ideia hori liburuarekin batera prestatutako DVDan islatu dute. Ikastola txiki batean grabatu zuten, «identifikagarria» izan daitekeelakoan materiala baliatuko dutenentzat. Eskola egun bat irudikatu dute bertan, eta zenbait gogoeta teorikoagoak erantsi kontakizunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.