CAN auziko hainbat lekukotasun zalantzan jarri ditu Kontuz-ek

Nafarroako Kutxako bi idazkari ohiren aurkako auzibidea irekitzeko eskatu dio Kontuz-ek Benito epaileari

Kontuz-eko kideak, atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«CAN auzia bizi-bizirik dago», adierazi zuen atzo Kontuz-eko bozeramaile Patxi Zamorak. Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Kutxako dietenengatik Yolanda Barcina Nafarroako presidentea ez inputatzea erabaki zuen. Hala ere, Guardia Zibilak auziaren inguruan egindako txostena aintzat hartuta, Alberto Pascual eta Amaia Randez, Nafarroako Kutxako idazkari ohiek, Maria Paz Benito epailearen aurrean deklaratu zutenean «ez zutela egia esan» ohartarazi du Kontuz-ek. Hala, lekukotasun faltsuen ustezko delitua egin duten edo ez ikertzeko eskatu dio Kontuz-ek Benitori.

Duela hiru hilabete inguru, Kontuz-ek Nafarroako Kutxako batzorde iraunkorreko aktak ikertzeko eskatu zion Benito epaileari. Hark eskaera onartu eta akten inguruko peritu txostena eskatu zion Guardia Zibilari. Irailaren 2an jaso zituen Kontuz-ek ikerketa horren emaitzak. Horiek Kontuz-ek uste zuena baino «larriagoak» dira. Elkartearen aburuz, kontraesan «nabariak» daude batzorde iraunkorreko akten eta zenbait lekukok esandakoaren artean. Kontuz-ek uste du Pascual eta Randezek eman behar dituztela ustezko kontraesan horien inguruko azalpenak, beraiek arduratzen zirelako batzorde iraunkorreko aktak egiteaz.

Zamorak azaldu duenez, hedabideek eskandaluaren berri eman zuten arte ez da agertzen aktarik Nafarroako Kutxako erregistro informatikoan. «Dokumentu horiek, beraz, bilerak egin eta urtebetera sortu zituzten», dio Zamorak. Aktetako bat Kontuz-ek salaketa jarri ostean aldatu zutela gaineratu du. «Guardia Zibilaren frogen emaitzak uste baino larriagoak dira, akten aldaketak hainbat ordenagailutatik eginak baitira», azaldu du Zamorak. Aldaketa horiek zertan diren eta nortzuk egin dituzten ez dakiten arren, Kontuz-ekoak dio Pascual eta Randez aktak egiteaz arduratzen zirela, eta dietak kobratzeaz Yolanda Barcina, Miguel Sanz eta Alvaro Miranda.

Ondorioz, Zamorak adierazi duenez, Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaile Maria Paz BenitokPascual eta Randezen aurka auzibide martxan jarri beharko luke. Hala ez bada, Kontuz-ek ez du baztertzen euren aurka kereila bat jartzea.

Akten faltsutzeaz gain, dieten kobrantzaz ere mintzatu da Zamora. Azaldu duenez, Barcinak, Sanzek eta Mirandak bilera egin baino lehen kobratu zuten dieta, behin. Zehazki, 2011ko urtarrilaren 10eko bilera baino lehenago gertatu zen hori. Eta egun horretako akta ez zen Nafarroako Kutxako ordenagailuetan 2012ko abenduaren 20 arte agertu, handik bi urtera, alegia.

Jose Virgilio Vallejoren, Yolanda Barcinaren senar ohiaren, negozioez ere ohartarazi du Zamorak. Vallejo ofizioz arkitektoa denez, Nafarroako Kutxako hainbat bulego berri egiteaz arduratu zela adierazi du. Oraingoz, Leitzako bulegoren datuak soilik dituzte, baina uste dute gehiago egin zituela. Bulego berriak egin zituzten garaian, Barcina Nafarroako Kutxako presidenteordea eta «kutxako organorik garrantzitsuena» zen kontrol batzordeko presidentea zen, Zamoraren arabera. Leitzako proiektuaren aurrean ez dute Kontuz-eko kideek deliturik egin denik uste. Hala ere, garai hartan Nafarroako Kutxan nola funtzionatzen zen erakusten duela irizten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.